Gizarteak euskal presoen eskubideak errespetatzeko nahia adierazi
duen arren, Espainiako eta Frantziako Gobernuak "atzerantz" egiten ari
direla salatu dute zortzi alderditako ordezkariek. Ainhoa Beolak
adierazi du egoera horren aurrean herritarrek hartu behar dutela
protagonismoa: "Jendartea osatzen dugun pertsona, sektore, eragile,
alderdi, sindikatu, talde eta erakundeek badugu zer esan eta zer egin".
Donostiako agerraldian izan diren ordezkarien arabera, hori izango da
bidea gatazkak eragindako "ondorio guztiak" konpontzeko.
Bide horretan, espetxe politika aldatzeko eskatu diete Frantziari eta
Espainiari. "Garaia da pertsona guztien oinarrizko giza eskubideak
errespetatzeko", esan du Beolak. "Konponbide jokaleku" baterako urrats
gisa, "premiazkotzat" jo dute gaitz larriak dituzten hamabost presoak
aske uztea, sakabanaketa amaitzea eta 197/2006 doktrina bertan behera
uztea. Hain zuzen, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ere doktrina hori
indargabetzeko agindu zion, iazko uztailean, Espainiari.
Herriz herri, plazak betetzeko deia
Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal Presoak Euskal Herrira.
Lelo horrekin bete nahi ditu Herrira mugimenduak Euskal Herri osoko
plazak. Dagoeneko, 200 herritan baino gehiagotan antolatu dituzte
ekitaldiak egun horretarako, eta hainbat eragileren babesa jaso dute.