Metalgintzako delegatuek hitzarmenaren defentsan aste honetarako deitutako mobilizazioei ADEGIren aurrean egindako manifestazioarekin eman diote amaiera. Goizean izandako batzarraren ostean, sektore guztietako Gipuzkoako Delegatuak patronalaren aurrean azaldu dira sektore eta enpresetako hitzarmenen defentsan borrokan jarraitzen dutela esatera.
ADEGIren egoitzaren sarreran hasi eta bukatu den manifestazioan, Negoziazio Kolektiboan bizi dugun egoeraren erantzule patronala dela salatu dute LABeko delegatuek. Mobilizazioarekin sektore eta enpresetako hitzarmenak bizirik jarrai dezaten borrokan jarraituko dutela helarazi nahi izan diote patronalari; ez diela azken hamarkadetako borrokarengatik lortutako eskubideei uko egingo.
Estrategia integrala sektore eta enpresetako gure hitzarmenen defentsan
Azken lan erreformak gure hitzarmenak bete-betean erasotu ditu. Eraso
honetatik babesteko, estrategia integrala beharrezkoa dugu: negoziazio
eremu guztiak kontuan hartzen dituen, gutxieneko edukiak bermatzen
dituen eta mobilizazioan oinarritzen den estrategia, alegia. Horixe da
gure hitzarmenak eta, hortaz, gure lan baldintzak, gure enplegua eta
gure etorkizuna defendatzeko modu bakarra.
Hori dela eta, langileei dei egiten diegu bat egin dezaten ekainaren
28an Bilbon burutuko den manifestazio zaratatsua eta uztailaren 4ko lau
ordutako lanuzte eta hiriburuetan burutuko diren mobilizazioekin.
GURE HITZARMENAK GURE HITZARMENAK
DEFENDATU AHAL ETA BEHAR DITUGU.
Gure esparruan lortu ditugun hitzarmenek, bai sektore bai enpresa
mailakoek, lan eta bizi baldintza hobeak izatea bideratu digute.
Herrialde mailako hitzarmenak sektore osoaren gutxieneko erreferentzia
dira. Hauek desagertuz gero, sektore horretan lan egiten duten lagun
guztien lan baldintzak okertuko lirateke. Herrialde mailako hitzarmenek
sektore bakoitzeko langile gehienen baldintzak arautzen dituzte.
Horregatik, hain zuzen, erreformek hauen kontra jotzen dute bereziki,
babes orokor hau deusezteko helburuz.
Era berean, enpresa hitzarmenen defentsa ezinbestekoa da, enpresa
hitzarmenak herrialde mailakoen osagarriak diren heinean. Sektore
hitzarmenak mundu guztiarentzako oinarria finkatzen du, baina oinarri
horretako edukiak enpresetan hobetu ahal ditugu; horrela egin izan dugu
Euskal Herrian. Erreferentziazko sektore hitzarmenik ez balego, enpresa
hitzarmenetako lan baldintzak ere guztiz okertuko lirateke berandu baino
lehen.
Gainera, enpresa hitzarmenak baino ez bagenitu kontuan hartuko, langile
gutxi batzuk baino ez lirateke babestuta egongo. Gehiengoa guztiz
babesgabe egongo litzateke eta horixe da, hain zuzen, erreforma
ezberdinek bilatzen dutena. Euskal Herriko ehundura ekonomikoa enpresa
txiki eta ertainek osatzen dute ia guztiz eta hauetan oso zaila da –eta
askotan guztiz ezinezkoa- enpresa hitzarmena negoziatzea. NEGOZIAZIO EREMU GUZTIAK DEFENDATZEA DA ESTRATEGIA ERAGINKOR BAKARRA
LABek ez dio sekula uko egin ezein negoziazio eremuri eta orain ere ez
dio uko egiten. Ez erreforma baino lehen ez erreforma ostean, ez diogu
uko egin enpresetan negoziatzeari; patronalak bilatzen duen bezala,
negoziazioa enpresetara eta soilik enpresetara mugatzeari bai, ordea.
Enpresetan negoziatzera mugatzeak, herrialdeko hitzarmenaren oinarririk
gabe patronalari bidea zabaltzen dio, hitzarmenaren edukiak kaskartzeko,
mehatxuaren bidez; izan ere, enpresa eremuan, askotan, indar
korrelazioa ez da langileen aldekoa.
Gaur egun, ELAk errealitate honi entzungor, enpresa hitzarmenen alde
egiten du soil-soilik. Hau patronalaren eta erreformaren helburuarekin
bat dator bete-betean. Langileen lan baldintzak blindatzen dituzten 100
enpresa hitzarmen sinatu dituztela esaten dute. Baina honek 10 langile
baino gehiagoko enpresen %1 baino ez du suposatzen. Zer gertatzen da
gainontzeko %99arekin? Zer gertatzen da herrialdeko sektore
hitzarmenaren pean guztiz dauden langileen %90arekin? Akaso ez daukate
hitzarmena izateko eskubiderik?
Oso argi daukagu zelan egin behar den eta, horregatik, negoziazio eremu guztietan borrokatzeko prozesu batera dei egiten dugu:
1. Herrialdeko hitzarmenen alde borrokatu: hitzarmen hauek gure lan
baldintzei eusteko eta hobetzeko zein erreformaren eraginak mugatzeko
tresna izan behar dira.
2. Oinarrizko erreferentzia hau osatzeko, bestelako negoziazio eremu
batzuk ere bultzatu (enpresa, zentroa...), beti ere herrialdeko
hitzarmenak ezartzen duena ez kaskartzeko konpromisoarekin.
GURE HITZARMENAK DEFENDATZEKO,
HITZARMENOK EZARTZEN DITUZTEN EDUKIAK DEFENDATU BEHAR DIRA
Eztabaida ez da negoziazio eremuetakoa besterik ez. Gure esparruko
hitzarmenen bitartez, bai enpresetako bai sektoreetako hitzarmenen
bitartez, lan baldintza hobeak lortu baditugu, hori izan da borrokaren
bidez gure hitzarmenetarako eduki hobeak lortu ditugulako.
Hitzarmenak bizirik mantentzeko modua ez da edukiak erlatibizatzetik edo
patronalak nahi duen puntura arte jaistetik pasatzen, CCOO eta UGTk
egin bezala, iaz Madrilen soldatak jaisteko lotu zuten akordioaz edota
enpresei malgutasun gehiago oparituta. Gure hitzarmenei eutsi nahi
diegu, baina hitzarmen duinak nahi ditugu. PROPOSAMEN INTEGRALA BESTE SINDIKATUEI
ELA, CCOO eta UGTri negoziazio kolektiboa defendatzeko proposamen integrala egin diegu:
1. Negoziazio eremu guztiak defendatu, Euskal Herriko ahalik eta langile
gehienek euren esparruan lan baldintzak eta soldatak negoziatu ahal
ditzaten.
2. Gutxieneko edukiak bermatu. Erreferentzia moduan lau
sindikatuok sinatu ditugun sektore mailako 5 hitzarmenak hartu ditugu:
soldata igoerak, KPIa erreferentziatzat hartuta; eskubideetan
atzerapausorik ez; eta erreformaren aurrean blindatzeko klausulekin:
ultraaktibitatea luzatu eta deskuelge klausuletan derrigorrezko
arbitrajerik ez.
3. Mobilizazioan oinarrituta. Borroka ezinbestekoa da patronalaren
blokeoa gainditzeko eta aurreko puntu biak posible izateko.
Mobilizazioa, erreformaren aurrean blindatu ahal izateko berme bakarra
da.
Hori dela eta, beste sindikatuei dei egin diegu estrategia orokor honen
aldeko borroka planteamendua adostu dezagun. Honela, proposamen honekin
bat etorri ziren sindikatuekin batera, mobilizazio jendetsuak burutu
genituen ekainaren 21ean. Baina borroka honek jarraipena izan behar du
patronalaren blokeoari aurre egin nahi badiogu eta mugitzera behartuko
badugu. Hori dela eta, uztailaren 4ean lau ordutako lanuzteak eta
mobilizazio are jendetsuagoak egingo ditugu, berriro ere LABek egindako
planteamendu honekin bat datozen sindikatu guztiekin batera.
Borroka bateratu beharra dago, erantzun ahalik eta sendoena emateko,
edozein plantilla, handia edo txikia izanda ere, edozein sektoretakoa,
ez dadin gelditu hamarkadetan zehar negoziazio kolektiboa eta gure
konbenioak ezaugarritu dituen erreferentziarik gabe.
Uztailaren 7an indarraldia galtzen duten hitzarmen guztietako sektoreen
eta negoziazioak zabalik dauzkaten sektoreetako langile guztiei dei
egiten diegu mobilizazio eta borrokara. Posiblea da eta lortu egingo
dugu! UZTAILAREN 4ean: LANUZTEAK 10:00ETATIK 14:00ETARA ETA 11:30ETAN MOBILIZAZIOAK HIRIBURUETAN.
Confebask, Adegi, Cebek, Sea eta gainontzeko patronalek ozen entzun dezatela gure mezua: EZ DIEGU GURE LAN BALDINTZEI UKO EGINGO!
GURE HITZARMENAK DEFENDATU EGINGO DITUGU, ORAIN ETA UZTAILAREN 7aren ONDOREN ERE!
LAB sindikatuak delegatuen kontzentrazio bat egin du gaur Donostiko CRLren egoitzaren aurrean ADEGIren konbenioa lortzeko borondate falta salatzeko. LAB sindikatuak Abenduaren 3an desblokearako proposamen berria aurkeztu zuen eta ADEGIK emandako erantzuna askieza izan zen, Lan Erreformaren erabilerari ez baitio uko egiten.
ADEGI herrialdeko hitzarmenaren alde baldin badago, oraintxe du aukera hitzetatik ekintzetara pasatu eta guztiontzat mesedegarria izango den hitzarmen bat ahalbidetzeko.
Hori gertatu ezean, LAB sindikatuak, ahal baldin bada gainontzeko sindikatuekin batera, mobilizazioak gogortzea beste aukerarik ez du izango.