HERRIALDEKO HITZAMENAren DEFENTSA

Metalgintzako hitzarmena defenda dezagun.

EUSKAL PRESOAK KALERA!

Euskal presoak lantokietara!.

PENTSIO PUBLIKO DUINAK

Euskal pentsio sistema publikoa orain. 1080 euro gutxieneko pentsioa.

LAN DUINA BIZI DUINA

Lan eta bizitza duinabermatuko digun hiri duin batean biziteko eskubideadugu.Langileok eskubide guztien jabe!.

LANGILEOK EUSKAL ERREPUBLIKA

Herriak du hitza eta erabakia.

18 jul 2019

Datozen ekimenak aurkeztu ditu G7 EZ! Euskal Herritik mundu berri bat sortzen plataformak



G7 EZ! Euskal Herritik mundu berri bat sortzen Euskal Herriko plataformak agerraldia egin du gaur, Alternatives G7 Frantzia mailako plataformarekin batera heldu den abuztuan antolatuko dituen ekimenak aurkezteko.
IRAKURKETA

• Plataforma pasa den azaroan osatu zen Euskal Herri osoko eragileak bilduz, izan herri mugimendu, sindikatu edo alderdiak, G7 eta bere munduaren kontrako deialdia komun baten baitan (ikushttp://g7ez.eus/deialdia/ ). Gaur egun, 49 eragilek osatzen dugu plataforma, baina gure erronka da bertako nahiz nazioarteko ahalik eta eragile gehienen atxikimendua jasotzea. Horretarako, atxikimendu dinamika bikoitza martxan jarri dugu eta datozen egunetan emaitza publiko egingo dugu.

• G7ak ordezkatzen duen kapitalismoaren kontra eta eredu berri batean oinarrituriko mundu bat eraikitzeko arrazoiak ugariak eta anitzak dira. Horrela laburbildu ditzakegu:

− Mendebaldeko potentzia handien nagusitasunaren sinboloa da G7aren gailurra, kapitalismoa betikotu eta neoliberalismoan sakontzeko konpromisoak hartzea baita helburu nagusiena.

− G7a sinbolotzat duen munduaren egoera larria da oso: klima aldaketa, desberdintasunen areagotzea, gerra inperialistak, indarkeria matxistaren areagotzea, behartutako migrazioak, transnazionalen nagusitasuna, langileon lan zein bizi baldintzen prekarizazioa...

− G7 gailur horrek badu berezitasun handi bat: Euskal Herrian izango da, kapitalismoaren, hetero-patriarkatuaren eta inperialismoaren zapalkuntzei erresistentzia, elkartasuna eta bestelako mundu bat eraikitzeko borondatea sustraituak eta bizirik diren lurraldean.

• Diru xahuketa eta setio egoera ekarriko duen gailur hori oroz gainetik munduko oligarkiaren komunikazio operazio bat da eta bereziki Macronentzat, frantses Estatuako egoera politikoa kontutan hartuz.

• Salaketa eta kontra borrokatzeaz haratago, antolatuko dugun kontra-gailurra aukera bat izango da desberdinkeriak, pobrezia eta hondamendi ekologiko zein klimatikoen aurrean, alternatibak partekatu eta eraldaketa posiblea dela ikusarazteko. Zentzu honetan, hiru helburu nagusi bete nahi ditugu jarraian aurkeztuko dugun programarekin:

− Bata, G7-ak ordezkatzen duen kapitalismo basatiari ezetz esatea
− Bestea, mundu berri baten aldeko ahalik eta herritar gehien elkartzea, alternatibak partekatu eta eraldaketa aldarrikatuz.
− Azkenik, bertako zein nazioarteko eragile zein herritarren elkargune bilakatzea


Gure mobilizazio programa :

• Lehenik, salatu behar dugu kontra-gailurra modu duinean egiteko tokiak lortzeko autoritate frantses zein espainolen aldetik izan ditugun oztopoak. Aspalditik abiatu genituen harreman instituzionalak eta gaur egun, oraindik ez dakigu kontra-gailurra garatzeko izango ditugun azpiegitura guztiak. Zentzu horretan, programa neurriz kanpoko egoera batean, debeku eta oztopoak tarteko, berme hauskor batzuen barnean antolatzea lortu dugu. Ez dira baldintza egokienak, baina programa anitza, integrala eta bizia antolatzen ari gara.

• Lehen hitzordua, Biarritzeko manifestazioa uztailaren 13an, 17:00tan Baratze publikoan/Midi geltokian (eta ez Loren hipodromoan)

Gailurra baino hilabete lehenago Miarritzeko karriketan ozenki aldarrikatu nahi dugu bestelako mundu bat eraikitzea urgentea bezain beharrezkoa dela eta G7 osatzen duten buruzagiak ez direla ongi etorriak.

Hendaia-Irungo kontra-gailurra, agorrilaren 19tik 23ra− Irun eta Hendaia arteko eremu itxi zein irekietan gauzatuko dugu programa, Irun eta Hendaia artean Alternatiben Lurraldea irudikatuz.

− Harrera eta kanpalekua. 19 eta 20an aterpetze gunea irekiko da eta kanpoko jendeari harrera egingo zaio. Bertan akanpatzeko oinarrizko beharrak asetuta egongo dira (ura, komunak, argindarra...), baita jateko aukera ere. Arratsaldean animazioak egongo dira eta egunero Hendaia edota Irunera joateko autobusak antolatuko ditugu. Lehen bi egunetan auzolanerako deialdiak egongo dira, kontragailurra baldintza egokietan burutzeko lanak modu kolektiboan eginez.

− Jardunaldiak. Abuztuaren 21, 22 eta 23an Irun eta Hendaiako toki desberdinetan gauzatuko da: Ficoba izango da gune zentrala, Oiaso museoa, Palmero montero kultur gunea, Hendaiako zinemak...). Bertan konferentziak, eztabaidak, tailerrak, jateko aukera, ekintza kulturalak, eragileentzat azoka... egingo dira gaurko munduaren arkitektura ulertu, borroka nagusien erronkak gertutik ezagutu eta bestelako ereduaz hausnartzeko. Euskal Herriko zein nazioarteko hizlari zein eragileen parte hartzea ziurtatua dago. Jorratuko diren gaiak honako 7 tematikatan bildu ditugu, horrela formulatuak:

1. Mundu berria eraiki, kapitalismoa eta multinazionalen diktadura gainditu!
2. Planetaren suntsiketa gelditu… lurra eta bizitzak zaindu!
3. Mundu feministaren alde, heteropatriarkatua harrakalatu
4. Herrien aniztasuna eta askatasuna defendatu ! diskriminazioarik gabeko mundu (dekolonial) baten alde
5. Demokrazia eta eskubide guztiok guztiontzat! Autoritarismoarekin amaitu!
6. Herrien arteko elkartasuna, gerra eta inperialismorik ez!
7. Inor ez da ilegala, mugak eraitsi

• Abuztuaren 24ko manifestaldia, larunbata, Hendaian
− Goizeko 11:30tan bi zutabe abiatuko dira, Pausutik eta hondartzatik. Herri
zentroan elkartuko dira eta Santiago zubiraino joanen dira.

• Abuztuaren 25eko ortzadarra eremua, igandean, 12:00etatik 16:00etara.
− Gure plataformaren printzipioetan agertzen diren irizpideei jarraiki, gure lan egiteko moldeak masa mobilizazioa, borroka ideologikoa eta desobedientzia zibila izango dira. Zentzu horretan, G7-ak ordezkatzen duen kapitalismoari planto herritar masibo bat antolatuko dugu. Soilik bide baketsuak erabiliz eta ahalik eta herritar gehien biltzeko helburuarekin, G7-a egingo den eremuaren inguruan ortzadar bat irudikatuko dugu:

1. Biarritzeko Cité de l’océan ingurabidean
2. Bidarte Barroilhet ingurabidean (autopistako Biarritzeko irteera)
3. Angeluko Maignon ingurabidean
4. Angeluko Herriko Etxean
5. Baionako Herriko Etxean
6. Angeluko bost kantoinen plaza
7. Angeluko Chambre d’Amour hondartzan

− Bide berean, deia egiten diogu herriari (langileak, komertzioak, enpresak…) G7arekin ez kolaboratzera.

• Arestian aipaturiko oztopoek, programaren osaketan eragin kaltegarria izateaz gain, honen guztiaren antolaketa zaildu eta garestitu du. Gaurko agerraldia aprobetxatu nahi dugu lagundu nahi duen norbanako, eragile sozial, sindikatu, kooperatiba orori, bakoitzak ahal duen neurrian, premiazko diru-ekarpena egin dezan gonbidatzera (jarraian, kontu korrontea). Era berean, udan zehar hainbat ekimen martxan jarriko ditugu diru bilketa herritarra egiteko: pultserak, cofrowing kanpaina...
− CREDIT MUTUEL: FR76 1027 8022 7800 0443 5234 150

• Diru bilketan parte hartzeaz gain, ekimenak laguntzeko molde asko daude: itzultzaile lanak egiteko prestutasuna, animazioak proposatzea (musika eta beste...). Laguntza oro beharrezko eta ongi etorria da. Jarri zaitezke gurekin harremanetan: harremanak@g7ez.eus

• Azkenik, G7 EZ! eta Alternatives G7 plataformek antolatuko dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deialdi irmo bezain lasaia luzatzen diegu Euskal Herriko jendeari nahiz kanpotik etorriko diren guztiei, mundu sozial eta justua, parekide/feminista, ezberdintasunik gabea eta ingurumena errespetatzen duena, elkarrekin eraikitzeko.

20 jun 2019

Jarraipen oso zabala izan du Bizkaiko Metalgintzako laugarren greba egunak, Ertzaintzaren jazarpenak jazarpen



Arrakastatsua izan da Bizkaiko metalgintzan, herrialdeko hitzarmenaren alde, sektorean ordezkaritza duten sindikatu guztiek deitutako laugarren greba eguna. Jarraipena aurreko egunetako greben antzekoa izan da, %80tik gorakoa, eta Sestao eta Barakaldo arteko martxa zein Durango egindako manifestazioa jendetsuak izan dira. Azken honetan, eserialdia egin dute Ertzaintzaren jarrera oldarkorra eta egindako atxilotuak salatzeko.


Langileek bi mobilizazio nagusi egin dituzte gaurkoan; Sestaotik Barakaldoraino egin duten martxa eta Durangon egindako manifestazioa. Bihar, ekainaren 21ean, boskarren greba egunean, manifestazioa egingo dute Bilbon, 12:00etan, Jesusen Bihotzetik hasita.



Gaurkoak gertakari larri eta latzak izan dira, izugarria izan da grebalariek Ertzaintzaren aldetik jasotako jazarpena eta errepresioa. Identifikazioak izan dira Bizkaia osoan eta Durangon atxilotuak eta bi zauritu ere, Ertzaintzak borraz kolpatuta. Patronalaren estrategia da, grebaren arrakasta ezkutatu eta desitxuratzeko.

Piketeei eta zaurituei gure elkartasun eta babes osoa bidali nahi diegu, eta atxilotuak askatzeko exijitzen dugu.
 

18 jun 2019

Negoziazio eremu guztiak defendatzen eta lantokietan borrokak pizten jarraituko dugu negoziazio kolektiboa berreskuratzeko



LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak agerraldi bat egin dute, lan harremanetan estatalizazioak duen eragina agerian uzteko, datuekin baliatuta. Hain zuzen ere, egoera larria dela nabarmendu du Garbiñe Aranburuk, eta are eta larriagoa litzatekeela adierazi du, sindikatuaren lanagatik izango ez balitz: “Horregatik, lan erreformen aurka borrokatzen, negoziazio eremu guztiak defendatzen eta lantokietan borrokak pizten jarraituko dugu negoziazio kolektiboa berreskuratzeko”.
Euskal langileen portzentaia oso handia dago Estatuko lan baldintzen menpe, eta beste portzentaia handi bat dago mehatxupean. Era berean, gero eta gehiago dira Estatutik bertako hitzarmenei ezartzen zaizkien debekuak, eta Estatuko hitzarmenek negoziazioan gero eta gai gehiago hartzen dituzte eurentzat.

Inboluzioa argia da lan harremanetan. Euskal langileon negoziazio kolektiborako eskubidea urratua izaten ari da, gure lan baldintzak bertan erabakitzeko dugun eskubidea urratzen ari dira.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “hauteskunde ziklo batean gaude murgilduta, faxismoaren gorakadak eta kapitalismoaren olatu berriak markatuta. Inboluzio terminoetan hitz egiten da asko; bada, inboluzio hori ez da mehatxu soil bat lan harremanei dagokienez, gertatzen ari den zerbait bada”.

PSOEren 2010eko lan erreformak, EAJren abstentzioarekin adostuta, negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren aldeko apustu garbia egin zuen, eta PPren ondorengo erreformak beste gai batzuk gogortu eta zentralizazioaren aldeko apustua berretsi zuen. “Negoziazio kolektiboaren estatalizazioak gero eta langile gehiagori eragiten dio. Estatalizazioak negoziazio kolektiboaren marko propioa erasotzen du. Lan baldintzak erabakitzeko dugun eskubidearekiko injerentzia garbi bat da”, azaldu du LABeko idazkari nagusiak.

Gaur egun, langileen erdiak baino askoz gutxiagok dute bermatuta euren esparruan negoziatzeko eskubidea. “Zentralizazioak, lan baldintzen estatalizazioak, helburu bikoitza du: prekarietatea zabaltzea eta soldatak jaistea; eta gehiengo sindikala gutxiengo sindikal baten ordez ordezkatzea, hots, LAB eta ELAren kontrabotere sindikalismoa CCOO eta UGTren sindikalismo otzanaren ordez ordezkatzea, patronalaren mesedetan”, azpimarratu du Garbiñe Aranburuk.

Bestalde, enpresa negoziazioaren gorakada oso urruti dago langileen negoziazio kolektiboaren kobertura bermatzetik: “Lan erreforma adostu zutenetik, LABek negoziazio esparru guztiak defendatu ditu, baita negoziazio kolektiboaren marko propioa blindatzearen beharra ere, hitzarmen sektorialak babestuz. Negoziazio kolektiboaren egitura blindatzeko saiakera guztietan hartu dugu parte, baina bere momentuan esan genuen: negoziazio kolektiboa desblokeatu ezean, gutxirako balio izango du egiturazko akordioak. Beti esan dugu enpresa esparrutik bakarrik ezin dela bermatu langile guztien negoziazio kolektiborako eskubidea”, ohartarazi du Garbiñe Aranburuk. “Lan erreformen joko arauak onatzea, enpresa esparruko negoziazioa lehenetsiz, milaka eta milaka langileen negoziazio kolektiborako eskubidea ukatzea da, feminizatutako sektore eta enpresa txiki eta ertainena, batez ere ”, erantsi du.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “argazkia kezkagarria da, baina uste dugu desarautzea are eta okerragoa litzatekeela gure borroka gabe. Patronalek tresna oso garrantzitsu bat dute esku artean, baina ez diegu erabiltzen utziko. Horregatik, lan erreformen aurka borrokatzen, negoziazio eremu guztiak defendatzen eta lantokietan borrokak pizten jarraituko dugu negoziazio kolektiboa berreskuratzeko. Era berean, berzentralizazioaren aurrean, demokratizazioaren eta burujabetzaren bidean pausoak eman behar dira. Aldaketa politikorako prozesu bat bultzatzen jarraituko dugu, marko juridiko eta politiko berriak ekarriko dituen prozesu bat, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Esparru Propio bat bermatzeko”.

Xabier Ugartemendiak, bere aldetik, estatalizazioaren eraginaren berri eman du, datu hauen bitartez:

EAE 
-Biztanleria okupatua (soldatapekoak): +/- 750.000 pertsona
-Sektore pribatua: 605.000
-Sektore publikoa: 145.000

SEKTORE PRIBATUA

1.- EAEko hitzarmen sektoriala erorita duten sektoreak

-Eroritako hitzarmen sektoriala duten langileak: 252.785 (%33,7)
-Eroritako hitzarmen sektoriala duten langileak baina enpresako hitzarmena dutenak: 60.580 (%8,1).
-Estatalizazioaren benetak arriskuan dauden langileak sektoreko hitzarmena erorita dutelako: 192.205 (%25,6).

2.- Estatuko hitzarmena ezartzen den sektoreak
-Estatuko hitzarmena ezartzen den sektoretako langileak: 120. 763 (%16,1).
-Estatutako hitzarmena ezartzen den sektoretako langileak baina enpresako hitzarmena dutenak: 15.560 (%2,1).
-Estatutako hitzarmena ezartzen zaine langileak euren lan-baldintzak EAEn negoziatzeko eskubiderik gabe: 105.203 (%14).

3.- Aurrekoetan sartu gabeko sektoreak, zeintzuetan estatuko esparruak negoziaziorako gaiak usurpatu dituen (legeak zehaztutakoetatik harago)
-EAEn negoziatutako indarrean dagoen sektoreko hitzarmena ezartzen den sektoretako langileak, zeinetan estatuko esparruak gaiak beretzat gorde dituen (garbiketa eta eraikuntza): 43.135 (%5,8).
-EAEn negoziatutako indarrean dagoen sektoreko hitzarmena ezartzen den sektoretako langileak, zeinetan estatuko esparruak gaiak beretzat gorde dituen (garbiketa eta eraikuntza), baina enpresako hitzarmena dutenak: 2.924 (%0,4).
-EAEn negoziatutako indarrean dagoen sektoreko hitzarmena ezartzen den sektoretako langileak, estatuko esparruaren gaien benetako erreserbarekin (garbiketa eta eraikuntza): 40.211 (%5,4)

SEKTORE PUBLIKOA

145.000 langile (%19,3), guztiak estatalizatuta Estatuko aurrekontu lege desberdinen ondorioz.

Ondorioak:
-Benetan estatalizazioak eragiten dien langileak (EAEko sektore hitzarmena erorita + estatuko hitzarmena ezartzea + estatuko esparrutik gaiak erreserbatuta dituzten sektoreak + sektore publikoa): 482. 619 (%64,3).
-Enpresa-hitzarmenak estatalizaziotik “salbatzen” dituen langileak: 79.064 (%10,5).

NAFARROA

Okupatutako biztanleria (soldatapekoak): +/- 216.000 pertsona
Sektore pribatua: 186.000
Sektore publikoa: 30.000

1.- Estatuko hitzarmena ezartzen den sektoreak
Estatuko hitzarmena ezartzen den sektoreetako langileak: 25.746 (%12)

2.- Estatuko hitzarmenek ordezkatutako Nafarroako hitzarmenak
Kolektibitateteak + grafikagintza + drogeriak (%2).

3.- Estatuko hitzarmenak negoziaziorako gaiak bere gain hartu dituen sektoreak (legeak zehaztutakoetatik harago). 
Metalgintza + eraikuntza + garbiketa: 61.500 (%28,5).

4.- Sektore publikoa
30.000 langile (%13,9) guztiak estatalizatuta estatuko aurrekontu legeen desberdinak direla eta. 

Ondorioak:
Estatalizazioak benetan eragiten dien langileak (estatalak ordezkatutako hizarmen sektoriala + hitzarmen estatala ezartzen zaienak + estatuko esparrutik gaiak erreserbatuta dituzten sektoreak + sektore publikoa): 121.526 (%56,3).

7 mar 2019

http://www.lab.eus/eu/negoziazio-kolektiboa/8625-prekarietatearen-eta-estatalizazioaren-kontrako-borrokari-eutsiko-diogu-gasteizko-legebiltzarrak-entzungor-egin-arren



Lan erreformen inguruko Legez Besteko Proposamena eztabaidatu da Parlamentuko osoko bilkuran, eta, ondoren, LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok eta Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak balorazioa egin dute komunikabideen aurrean, Legebiltzarrean bertan: "Ez da egon proposamenaren aldeko gehiengorik, baina argi izan dezala Legebiltzar honek guk lanean jarraituko dugula, lan gatazkak ugarituko direla eta, goiz ala beranduago, Legebiltzarrak heldu beharko diola funtsezko afera honi”, adierazi du Igor Arroyok.


Urtarrilaren 3an, LABek idatzi bat erregistratu zuen Gasteizko Legebiltzarrean, 2010 eta 2012ko lan erreformen aurka posizionatu dadin eta horiek osoki bertan behera uztea eskatu dezan, Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren defentsako neurriak hartzeko ere eskatu zuen sindikatuak.

Gaur, lan erreformen inguruko Legez Besteko Proposamena eztabaidatu da Parlamentuko osoko bilkuran, eta, ondoren, LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok eta Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak balorazioa egin dute komunikabideen aurrean, Legebiltzarrean bertan.

LABeko ordezkariek azaldutakoaren arabera, garrantzitsua da gaurko ekimenaren testuingurua kokatzea. Azken urteotan inboluzio prozesu bikoitza bizi izan dugu: inboluzio soziala eta inboluzio politikoa. Eskubide laboralak eta sozialak murriztu egin dira erreformaz erreforma, eta zentralizazio prozesua areagotu da; lan harremanetan, prekarizazio prozesua eta estatalizazioa eskutik joan dira. Inboluzio prozesua areagotzeko mehatxua hor dago, ikusi besterik ez dago Espainiako Senatuko adierazpena, erabat ez nahikoa zen estatutua bera ez betetzea aldarrikatuz. Hala, Igor Arroyok nabarmendu duen bezala, “gure ustez, hemengo instituzioak ezin dira begirale hutsak izan, erabakiak hartu behar dituzte inboluzio prozesuaren aurrean oro har eta lan harremanei dagokionean zehazki”.

Lan harremanei dagokionez, abenduan Lan Erreformaren erreforma egiteko asmoa plazaratu zen Madrilen. Omen, elkarrizketa sozialeko mahaia eta Gobernuaren artean gaiaz mintzatzen ari ziren. Orduan jakin genuenez, erreformaren erreforma hori oso murritza zen: 2010 eta 2012ko lan erreformetan zeuden 13 atzerapausuetako 3etan baino ez zen aurreikusten aldaketa txikiak egitea. Alegia: lan erreformek ezarritako jokalekua eta, bereziki, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa ontzat ematen zuten hala PSOEren Gobernuak nola UGT eta CCOOek. Eta gainera, CEOEk argi adierazi zuen aldaketa txiki horiek egitearen kontrako jarrera. 

Aldiz, bestelakoa da EAEko egoera. Madrilen nagusi diren sindikatuak gutxiengoan daude EAEn, are eta gehiago azken haustekunde sindikalen ondotik. LABentzat modu ez nahikoan bada ere, hemengo lan hitzarmenak babesten saiatzeko Akordio Interprofesional bat sinatua dugu sindikatu guztiok eta patronalak. Lan erreformen kontrako jarrera nagusi da gure jendartean. 

Gauzak horrela, Igor Arroyoren hitzetan, “Madrilen zer gertatuko den aiduru egon beharrean, hemen bertan ekiteko garaia da. Ildo honetan, LAB sindikatutik estatalizazioaren kontrako bi orduko lanuzteak antolatu genituen pasa den maiatzean eta orain euskal instituzioei neurriak har ditzan eskatzera etorri gara. Oso gauza sinplea baina garrantzitsua eskatzen dugu: errespeta daitezela hemengo gehiengoak, errespeta daitezela hemengo akordioak, hemengo lan hitzarmenak”.

Bi eskaera



Agerraldian, Eusko Legebiltzarrak zer nolako neurriak har ditzakeen adierazi dugu. Nagusiki bi dira. “Lehenik eta behin, gaur egungo eskumenez baliatuta, hemengo lan hitzarmenak kontratazio publikoaren bitartez babestu ditzake. Hori zen gaurko legez besteko proposamenean eskatzen zena: bertako lan hitzarmena betetzea izan dadila kontratu publikoak eskuratzeko ezinbesteko baldintza. Antzeko zerbait egin da Nafarroako legebiltzarrean, kontratazio publikoaren lege berrian, eta ez dugu ulertzen zergatik tematzen den EAJ hori eragozten EAEren kasuan”, esan du LABeko idazkari nagusi ondokoak.

Bigarrenik, Madrilen hartu diren eta hartuko diren murrizketek euskal langileongan eraginik izan ez dezaten, eta eskubide laboralak berreskuartu eta zabaldu ahal izan ditzagun, lan harremanetarako esparru propioa eraiki beharra dagoela aldarrikatu du Igor Arroyok: “Estatus berrirako proposamenean jasota dago helburu hori eta hura sinatu zuten indar politikoei eskatzen diegu testu horrekiko koerentziaz jokatu dezaten”.

Hauxe da eskatutakoa Legebiltzarreko taldeei. “EH Bilduk aintzat hartu du gure eskaria eta eskertzen diogu horrela egin izana. Ez da egon horren aldeko gehiengorik, baina argi izan dezala Legebiltzar honek guk lanean jarraituko dugula, lan gatazkak ugarituko direla eta, goiz ala beranduago, Legebiltzarrak heldu beharko diola funtsezko afera honi”, erantsi du LABeko idazkari nagusi ondokoak.

6 mar 2019

Martxoaren 8ko greba feministan parte hartzeko deia egiten dugu

LABen Emakumeon Batzarra joan den urtarrilaren 18an egin genuen, Donostian.LABen Emakumeon Batzarra joan den urtarrilaren 18an egin genuen, Donostian.

LAB sindikatuak “Kapitala Hautsi bizitzari eutsi” lelopean Euskal Herriko Mugimendu Feministaren greba feministarako deialdiarekin bat egin dugu “Kapitalismo Heteropatriarkalari planto” leloa jarraituz. 24 orduko greba feminista honetan emakume* langile guztiak parte hartzera animatzen ditugu lana-enplegua dikotomia faltsuarekin apurtuz eta publiko-pribatua, produktibo-erreproduktibo kategoria baztertzaileak salatuz.

Urtarrilaren 18an Donostian elkartutako LABeko Emakumeen Batzarrak greban parte hartzeko deia egin genuenetik, ugariak izan dira sindikatuak deialdiari begira egindako ekimenak.

Barruko lanari dagokionez, LABen Emakume Sareak asanbladak egin ditu eskualdez eskualde, soldata- arrakalaren gaia, pikete-feminista eta martxoaren 8rako aurre-lanketa eta deialdia ardatz hartuta. Honetaz gain, asanblada mistoak ere egin ditugu, besteak beste, Eusko Jaurlaritzan. Honetaz gain, parte-hartze aktiboa izan dugu LABeko emakumeok* Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatutako espazioetan.

Kanpoko lanari dagokionez, ugariak izan dira egindako ekimenak. Otsailaren 6an euskal gehiengo sindikaleko gainontzeko sindikatuekin 24 ordutako grebarako deialdia egin genuen Bilbo zein Iruñean. Otsailaren 22an Emakunderen egoitza okupatugenuen Gasteizen, soldata-arrakala arazo politikoa dela salatzeko. Iruñean ere egin genuen mobilizazioa egun berean, Parlamentuaren aurrean, bertan neurri eta eskari zehatzak eginez.

Soldata-arrakalaren salaketa Gasteizko Osakidetzako zerbitzu zentraletara eraman genuen, eta pikete feministarekin Donostia zeharkatu genuen bizikleta-martxakin, honez gain, propaganda banatzen ibili gara Ordiziako azokan. Bilbon, “Neskamearen ipuina”irudikatuz, sektore feminizatuen gatazkak eta lan egoera salatu ditugu LABeko emakumeok. Hainbat eskualdetan, eginak dituzte antzerako ekimenak. Sakanan esaterako (soldata- arrakalaren inguruko informazioa biltzen egon ginen Nafarroako Lansareak Altsasun duen egoitzan).

Honetaz gain, soldata-arrakalaren inguruko kuaderno sindikala atera du sindikatuak eta Arantxa Vazquez eta Eli Etxeberria idazkaritza feministako kideek soldata-arrakalaren inguruko iritzi-artikulua osatu dute.

Aste honetan bertan ere ekimen gehiago egin du LABek, adibidez, Gizarte Segurantzaren bulego baten aurrean mobilizatuko da Sestaon martxoaren 6an.

Martxoaren 8an LABen egoitzak zabalik egongo dira, baina ez dute normaltasunez funtzionatuko, emakumeok* egongo ez garen neurrian. Batetik, emakumeon* lana edo egitekoa ez da ordezkatuko, beraz lan asko ezingo dira aurrera eraman egun horretan. Bestetik, emakumezkoak* egongo ez garenez egun horretan ezingo da bilerarik edota jarduera kolektiboa eskatzen duten bestelakorik burutu.

Bizitzaren sostengarritasuna erdigunean izango duen eta horretarako beharrezkoak diren zaintza lan guztien aitortuko duen Euskak Herria libre feminista baten eraikitzeko bidean, Martxoak 8an kaleetan elkartuko gara!

Gora borroka feminista!
 

HEMEN ERABAKI. Eredu ekonomiko, sozial eta politiko berri bat eraikitzea ezinezkoa da burujabetza prozesurik gabe

Lan harremanak eta babes soziala Euskal Herrian egituratzeko aukerak” leloarekin, otsailaren 19an, jardunaldia egin dugu Donostiako Kursaalen, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldarrikapen historikoaren 25. urtemugaren harira.
Hemen Erabaki Kursaal


Aurrera begirako gogoeta egiteko asmoz bildu gara Kursaalen, nostalgiak bultzatuta baino, ikasitakoa baliagarria izateko helburuarekin, egungo eztabaidan laguntzeko bidean. Hala ere, atzera egiteko tartea egon da lehen hizlariarekin, duela 25 urte LABeko zuzendaritzako kide zen Txomin Lorcarekin. Berari egokitu zaio jardunaldien kokapena egitea: “Aldarrikapen eta mobilizazio bateratu eta historiko hori posible izan zen LAB eta ELA artean ekintza batasuna zegoelako. Baldintza objektiboak bazeuden horretarako. Hain zuzen ere, industria birmoldaketaren ondorioz, lanpostu ugari galdu ziren 80. hamarkadan. 170.000 langilek galdu zuten lana Hego Euskal Herrian. Honek agerian utzi zuen eredu estatutarioak ez zuela tresnarik industria birmoldaketari aurre egiteko, ezta gatazka politikoari klabe demokratikoetan erantzuteko ere”.
HE txomin lorca
Ondoren, Lorcak galdera bat bota du, iraganetik orainera jauzia egiteko: «Baldintzak antzekoak badira, posible egin zuten erakundeak gaur ere baldin badaude, sektore biek ekintza sindikal hori desiratzen badute, arlo politikoan eta instituzionalean horren beharra badago eta horren emaitza onak eman bazituen... zerk ekiditen du iraganean piztu genuen ekintza sindikala berriro ere aktibatzea?».
Erronka hori eta beste hainbat izan dituzte hizpide gainontzeko hizlariek. Guztien artean egungo argazkia irudikatu dute.

 


Ipar Euskal Herria: elkargoa ez da nahikoa

Lehen solasaldiaren bitartez, Ipar Euskal Herritik hasi dira egungo egoera irudikatzen, nondik gatoz eta nora goazen galdera oinarri hartuta, Eguzki Urteaga soziologoaren, EH Bai-ko kide Anita Lopeperen eta LABeko ordezkari Eñaut Aramendiren eskutik.
HE enaut aramendi
 Espainian gertatu bezala, Frantzian ere lan erreformak izan direla ekarri du gogoraEguzki Urteagak; 2016 eta 2017an, hain zuzen ere. Lege aldaketek hainbat erabaki murritzaile ekarri dituzte, langileen eskubideen kontra; enpresa akordioari lehentasuna, kaleratze ekonomikoei atea zabaldu, kaleratze bidegabeentzat maximoak ezarri, enpresa ertain eta txikietan sindikatuen beharrik gabe negoziatzeko aukera ahalbidetu...
Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkarteari buruz ere aritu da Eguzki Urteaga, eta, erakundearen eskumenak zerrendatu eta gero, arazoa finantzazioan egon daitekeela azaldu du: “Edo finantzazio propioa garatzen du edo proiektua bera ukituta gera daiteke”.

Elkargoaren gaiak ireki du hausnarketarako tarte handiena. Anita Lopepekadierazi du elkargoa ez dela abertzaleek amestutako erakundea, baina onartu du abiapuntu bat dela: “Ipar Euskal Herrian urrats txikien kultura dugu, eta urrats txiki bat bada. Eskumen asko jarri dira mahai gainean, adostutakoa anbizio handiarekin egin da, baina bere garapenean izango du arazoa”. Marko propiorik ez izateak dakarren mugari buruz aritu da orduan, eta helburua Lurralde Kolektibitate Berezia dela nabarmendu du, Korsikak duenaren antzekoa. Hortaz, demokrazian sakontzeko eta baldintzak sortzeko eremu bat izan daiteke elkargoa, baina ez da nahikoa, Anita Lopeperen hitzetan.

HE eguzki urteaga
 LABeko Ipar Euskal Herriko arduradun Eñaut Aramendik, berriz, langileentzat negoziazio eremu bat izatearen garrantzia azpimarratu du, eta horretarako borondate politikoa ezinbestekoa dela gaineratu du, funtzio publikoari dagokionez, behintzat. Elkargoari zuzendu zaio, hortaz. “Elkargo bat dugu, 300.000 biztanle kudeatzen ditu, eta gure arduradun politikoek urratsak egin beharko lituzkete funtzionarioak Ipar Euskal Herritik kudeatu ahal izateko; eskumen hori hartu. Borondate politikoa eskatzen dugu horretarako. Legez egin daiteke. Bakarrik borondate politikoa behar da. Noizbait apurtu behar dugu egungo ereduarekin”.


Nafarroa: aldaketa, burujabetza helburu

Ipar Euskal Herritik Nafarrora. Jardunaldien bigarren hitzaldian, Nafarroan emandako aldaketari buruz aritu dira LABeko Nafarroako bozeramaile Imanol Karrera, EH Bilduko Iruñeko Udaleko zinegotzi Patri Perales eta Ernaiko kide Lur Albizu; aldaketak nahikoa aldaketa ekarri ote duen argitu nahian.

Horretarako, lehenik eta behin, aldaketaren apustua egiteko arrazoiak azaldu dituImanol Karrerak: “Egoera erabat antidemokratikoa zen. Aldaketak salbuespen politika horren amaiera ekarri zuen, 2015ean. Burujabetza prozesua burutzeko ez da nahikoa, baina beharrezko baldintza bat da bide horretan”.
Imanol Karrerak iritzi du aldaketak demokratizazio berria ekarri duela, baina demokratizazio hori erabatekoa ez dela zehaztu du: “Gobernuak jarraitu du patronalaren politika babesten. Patronalak jarraitzen du agintzen politika ekonomikoan”.

HE patri perales
Patri Peralesen arabera, “aldaketa zerbait dinamikoa da, bide bat da. Munstro bat deseraikitzen ari gara, eredu berri bat eraikitzen, lau talderen artean, oso anitzak, oso desberdinak direnak. Ikusten ari gara, eta erakusten ari gara, instituzioetan beste eredu bat gauzatu daitekeela”.
Argi du aldaketa herritarrek ekarri dutela, eta herritarrei esker mantendu dela: “Mandatu bat genuen lau taldeok, eta horri esker iritsi gara honeraino. Bide bat da, hainbat eskubide berreskuratu dira. Asko falta da, bai, baina lan hori instituzioen eta herritarren artean egin behar dugu”.

HE lur albizu
Hori bai, Imanol Karrerak eta Patri Peralesek ez ezik, Lur Albizuk ere uste du Geroa Bai gertutik zaindu beharra dagoela, “nork agintzen duen” erakutsi nahi izaten duelako: “Foruzainek erabilitako bortizkeria hor kokatuko nuke; Huerta de Peralta eta Maravillas gaztetxearen kasuak, adibide”.


Bide berrien beharra

Eguneko hirugarren hitzaldian, “25 urte: esparru propioaren eztabaida eta aukerak, egun” lelopean, bete betean heldu diote jardunaldiaren gai nagusiari LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, EH Bilduko parlamentari Larraitz Ugartek eta Mario Zubiaga irakasleak.

HE mario larraitz garbine
Garbiñe Aranbururen esanetan, gaurkotasun betea du lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioaren aldarrikapenak. Lehentasunezko borroka bat dela adierazi du, eta, orduan bezala, aldaketa soziala aldaketa politikoarekin guztiz lotuta dagoela nabarmendu du: “Eredu ekonomiko, sozial eta politiko berri bat eraikitzea ezinezkoa da burujabetza prozesurik gabe”.
Egoera honetan, eskaintza sozioekonomiko argia egiten asmatu behar dela esan du, jendeak aldarrikapena bere egiteko: “Erabakitzeko eskubidea edukiz jantzi behar da, jendea horretara atxikitu nahi baldin badugu”.

HE garbine
Larraitz Ugarteren hitzetan, “zerbait berria asmatu behar da herri hau irabazteko.‘Prueba-error’ fasean gaude. Bide guztiak jorratu behar ditugu, estrategia konkretu bat jarraitu gabe. Herrietatik eta herritarretatik egingo diren aliantzak izango dira emankorrenak”.
EH Bilduko parlamentariaren arabera, “emozioak falta zaizkigu. Tripek eta emozioek ematen duten indarrean sinetsita nago. Emozio horiekin konektatuko duen zerbait berria sortzea falta zaigu burujabetzarako bidea egiteko”.

Mario Zubiagak, bere aldetik, adierazi du bide berriak asmatzeko koiuntura analisi egokia egin behar dela, eta jauzi bat ematea beharrezkoa dela: “Herrigintzan mobilizatzeko prest dagoen jende kopurua antzekoa da beti, izan Gure Esku Dago, izan Euskaraldia, izan Korrika. Kristalezko sabaia bat dago, eta hori nola gainditu pentsatu beharko dugu. Hamarkada askotarako ditugu ziurtatuta aldarrikapen hauek, belaunaldi berriek Estatu propioa eta abar aldarrikatzen jarraitzea, alegia, baina noizbait eman beharko dugu jauzia, ezta?”.


Boterea eraiki

Jardunaldiko azken solasaldiak herrigintza eta estatugintza izan ditu ardatz, Sortuko kide Pello Otxandiano, Bilgune Feministako ordezkari Amaia Zufia eta LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyoren eskutik. Hemen ere bide eta eredu berriei buruz aritu dira gogoetan.
HE boterea
Pello Otxandianoren hitzetan, “herrigintza zikloaren sustapenean ezker abertzaleak zeresan handia du. Erregai ideologikoa izan da urtetan: gizarte antolaketatik oso proiektu potenteak eraiki egin dira. Praktika politiko eraldatzaile bati esker gauza asko eraiki egin dira, baina ziklo hori itxita dagoela dirudi. Berria irekitzeko aurrekoa itxi behar da, agortu egin delako. Beraz, zein testuinguruan gauden, eta nola iritsi garen honera, horretaz hausnartu behar dugu”.

Amaia Zufiak iritzi du herrigintza berpizten ari dela hainbat erpinetatik, eta guztioi dagokigula egungo jokaleku desengonkorrean jardutea: “Ez dago estrategia homogeneo eta heroikorik. Kultura politikoa berrasmatu behar dugu”. Era berean, boterearen inguruan hausnarketa interesgarria utzi du: “Boterea eraiki egin behar da, behetik gorako logikan; eskuratu, berreraikitzeko. Gero eta feminista gehiago gara, masa kritikoa asko handitu egin da, baina ez dugu nahikoa botererik gauzak aldatzeko. Boterea behar dugu, baina zer nolako boterea? Boterea kutsatuta baitago. Eraldatzeko botereaz ari gara mintzatzen, eta horretako egiturak demokratizatu egin behar ditugu”.

HE amaia zufia
Igor Arroyoren ustez, “agorpen kutsu bat dago naziogintza eta herrigintza eta sindikalismo klasikoari lotuta, baina fenomeno berri batzuen emergentzia ere badago. Zerbait gaizki doanaren kontzientzia dago, bilaketa bat dago, termino indibidualetan beharbada, baina egon badago. Falta zaiguna da proiektu horien inguruan aliantzak leuntzea”.
LABeko idazkari nagusi ondokoak sindikalgintzara ekarri du gogoeta:“Ezkerrak dituen kultura politikoaren ezaugarri batzuk iraunaldia dute, eta harro erakutsi behar ditugu: elkartasuna, babes sareak antolatzea, politizatzea... Hori esanda, kultura sindikala berritu behar da ere. Klase subjektua zein den berrasmatu behar dugu, berrosatu, sektore eta egoera guztiei sarbidea emateko. Konfrontazioaren parametroak ere harago joan behar dira: bizitza versus prekarietatea”.
Igor Arroyok nabarmendu bezala, kapitala eta herritarren artekoa da benetazko gatazka: “Benetazko antagonismoak zeintzuk diren berreskuratu behar dira. Kapitala eta langileen artean; emakumeak eta gizon hegemonikoaren artean. Antagonismo horretan antolatu behar dugu kontraboterea”.
HE igor

Aquí estamos


20 feb 2019

Euskal errepublika sozialista eta feministari bultzada ematera deitu dugu Kursaalen



Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aldarrikapen eta mobilizazio historikoaren 25. urtemugaren harira, jardunaldi berezi bat egin dugu Donostiako Kursaalen, Ipar Hegoa Fundazioarekin elkarlanean antolatuta. Jarduera honen baitan, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk adierazpen bat irakurri du, "Bi herri, borroka bat. Berton bizi, berton lan egin, berton erabaki" izenburuarekin. Hain zuzen ere, Kataluniako herriari elkartasuna adierazi diogu adierazpenean,baita Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua berriro aldarrikatu ere, aldaketa sozialerako burujabetza ezinbestekoa dela nabarmentzearekin batera.