HERRIALDEKO HITZAMENAren DEFENTSA

Metalgintzako hitzarmena defenda dezagun.

EUSKAL PRESOAK KALERA!

Euskal presoak lantokietara!.

PENTSIO PUBLIKO DUINAK

Euskal pentsio sistema publikoa orain. 1080 euro gutxieneko pentsioa.

LAN DUINA BIZI DUINA

Lan eta bizitza duinabermatuko digun hiri duin batean biziteko eskubideadugu.Langileok eskubide guztien jabe!.

LANGILEOK EUSKAL ERREPUBLIKA

Herriak du hitza eta erabakia.

30 dic 2021

Urtarrilaren 27an lantokietan deitua dugun Aldarrikapen Eguna baliatuko dugu lan erreforma honi ezezkoa emateko

 

Madrileko Elkarrizketa Sozialeko Mahaian, estatuko Gobernuak, CCOO eta UGT sindikatuak eta CEOE patronalak lortutako akordioari buruz adierazi nahi dugu sindikatu honek hasieratik esan duena bete dela. Lan erreformarik ez da indargabetu. Gobernuarentzat lehentasun bat izan da CEOE akordio horretara erakartzea, beraz patronalari beto eskubidea eman zaio hasieratik. Estatuko sindikatuek uko egin diote mobilizazioari eta presiorik gabe patronalaren neurriko erreforma adostu dute.

Langile klaseak dituen arazo larriei ez diete erantzunik ematen. Konkretuki, kalerapenen inguruan 2012ko lan erreformak ezarritako araudia ez aldatzea oso larria iruditzen zaigu. Azken urteetan ikusi dugunez, patronalak araudi hori langileak aldebakartasunez kaleratzeko erabili du, langileentzat inongo bermerik gabe. Langile borroka izan da kalerapen gehiago saihestu duena (Tubacex, ITP, H&M……)

Horrekin batera, eta euskal langileei dagokionez, 2010 eta 2012ko lan erreformek ezarritako negoziazio kolektiboaren estatalizazioa zuzentzeko ez da neurririk hartzen. Beraz euskal langileok gure sektore hitzarmenak estatuko sektore hitzarmenen azpitik jarraituko dute, prekarizazioari bide emanez.

Beste gai batzuei buruz (ultraaktibitatea, enpresa eremuaren lehentasuna) gure irakurketa emateko, dekretua publikatuta egon arte itxarongo dugu, hemen ere susmoak baititugu publikoki saltzen ari direna guztiz beteko ez dela.

Argi eta garbi esan behar dugu egin diren moldaketek ez dietela euskal langileriak egiten dituen aldarrikapen eta eskaerei erantzuten. Baina Madrilen oraindik badago partida jokatzeko eta euskal alderdiek beraien bozkak Euskal Herriko langileen interesen mesedetan jartzeko aukera baliatu behar dute.

LABek argi du euskal langileria duen arazoen konpontzea ez dela Madriletik etorriko. Horregatik defendatzen dugu mobilizazio ziklo berri bat abiatzeko beharra. Hain zuzen ere, urtarrilaren 27an lantokietan deitua dugun aldarrikapen eguna baliatuko dugu lan erreforma honi ezezkoa emateko, patronalari ez dezala aplikatu exijitzeko eta enplegu duinaren alde egiteko.

Momentua da euskal bide orriari ekiteko. Eta baditugu bide horretan aurrera egiteko proposamenak, besteak beste, Euskal Lan Kodearena. Bertan jasotzen diten proposamenekin Euskal Herriko langileen enplegua duintzeko akordio bat egiteko eskaera egin diegu CONFEBASK eta CEN patronalei.

Eusko Jaurlaritza eta Nafar Gobernua, Urkullu eta Chivite, interpelatzen ditugu Madrileko elkarrizketa sozialeko mahaiak aldatu ez duena Euskal Herrian aldatzeko akordioak bultzatu ditzaten, patronalak inposatzen ari den aldebakartasuna eta prekarizazioarekin amaitzeko.

29 dic 2021

Sindikalgintza eraldatzailetik Espainiako Estatuaren lan erreforma proposamena errefusatu dugu

 

Estatuko gobernu aurrerakoienak ez badu lan erreforma indargabetzeko eta langile klasearen nahiz herri sektoreen aldeko politikarik egiteko gaitasunik, garbi geratzen da, eredua eraldatzeko bide bakarra, baita Espainiako Estatuan ere, herrien erabakitzeko eskubidea aitortu eta praktikara eramatea dela.

Halaxe ondorioztatu dugu, adierazpen baten bitartez, honako sindikatuok: LAB Sindikatua Euskal Herria, Confederación Intersindical Galega, Central Unitaria de Traballadoras de Galiza, Colectivo Unitario de Trabajadoras y Trabajadores Aragón, Corriente Sindical d’izquierdas Asturies, ELA Euskal Herria, ESK Euskal Herria, Coordinadora Obrera Sindical Països Catalans, Intersindical Alternativa de Catalunya, Intersindical Canaria, Intersindical de Catalunya, Intersindical Valenciana, OSTA Aragón, Sindicato Andaluz de Trabajadores y Trabajadoras, Sendicato d’os Treballadors e Treballadoras d’Aragon-Sindicato Obrero Aragones, STEI Balears, STEILAS Euskal Herria.

1 dic 2021

Madrilen posible ez dena Euskal Herrian egingarri egiteko mobilizatu gara

 

Abenduaren 1aren etorrerarekin, sindikatuok eta hainbat eragilek mobilizazioak egin ditugu goizean Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, arratsaldean herrietan deitutako manifestazioen aurrekari, “Lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde. Lan eta pentsio erreformei ez. Bizi duin baterako burujabetza” leloarekin. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hitza hartu du Bilbon, bertako udaletxetik abiatu den manifestazioa hasi aurretik, eta mezu argi bat luzatu du bertatik: “Orain, lan-harremanak eraldatzeko eta lan duina bermatzeko borrokatu behar da; orain, pentsio publiko duinak bermatzeko borrokatu behar da; orain, zerbitzu publikoetan gehiago inbertitzeko borrokatu behar da”.

LABeko idazkari nagusiaren arabera, “sindikatuak hilabeteak daramatza mobilizazio-ziklo berri bat irekitzeko lanean, Greba Orokor bat ortzi-mugan. Aktibazio sozial horrek Gobernuei eta patronalari mezu ozen eta argia bidaltzeko balio behar du; baita euskal alderdi politikoei ere, botoak euskal langileen zerbitzura jar ditzaten”.

Hilabete hauetan guztietan adostasunak sortu ditugula adierazi du eta, horregatik, gaurko mobilizazio egunean hainbeste sindikatu eta eragile kalera ateratzea oso garrantzitsua dela nabarmendu du: “Langileen bizitzan eragina duten erabakiak hartzen ari dira lan-erreformarekin, pentsioekin, enplegu publikoa finkatzeko legearekin edo aurrekontuekin, eta erabaki horiek ez dituzte azken urteetako murrizketa eta prekarizazio politikak lehengoratzen. Mobilizazio fase berria ezin da mugatu erasoei erantzutera, azken Greba Orokorrera eraman gintuen bidea berreskuratu behar dugu”.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “mobilizazio fase berri honek Madrilera begira egon behar du, Estatuko esparrutik inposatu nahi zaizkigun erabakietan eragiteko bokazioa izan behar du, baina, era berean, Madrilen posible ez dena Euskal Herrian posible egiteko anbizioa izan behar du; Gobernu autonomikoak eta patronala interpelatuz, ibilbide-orri propioa elikatuz”.

Idazkari nagusiak deitoratu du une honetan, ikusitakoak ikusita, ez direla lan-erreformak eta pentsio-erreformak indargabetuko: “Argi dago, batez ere pentsioen gaian, murrizketa berriak datozela. Erabaki horietan eragin nahi badugu, ezin dugu zain geratu, ekin egin behar dugu, ezin dugu denbora pasatzen utzi eta denbora hori agortzen ari da”.