HERRIALDEKO HITZAMENAren DEFENTSA

Metalgintzako hitzarmena defenda dezagun.

EUSKAL PRESOAK KALERA!

Euskal presoak lantokietara!.

PENTSIO PUBLIKO DUINAK

Euskal pentsio sistema publikoa orain. 1080 euro gutxieneko pentsioa.

LAN DUINA BIZI DUINA

Lan eta bizitza duinabermatuko digun hiri duin batean biziteko eskubideadugu.Langileok eskubide guztien jabe!.

LANGILEOK EUSKAL ERREPUBLIKA

Herriak du hitza eta erabakia.

Mostrando entradas con la etiqueta Lan Osasuna. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Lan Osasuna. Mostrar todas las entradas

24 ene 2023

Euskal Herrian lan osasunean atzera egiten ari garela salatu dugu

 

“Lan osasun eskubidea egunero urratzen da, argazkia gordina da”, adierazi du Garbiñe Aranburu  koordinatzaile orokorrak sindikatuak 2022ko lan istripuei buruz osatu duen txostena aurkezteko asmoz gaur goizean egindako agerraldian. Iaz 69 pertsona hil ziren lanean Euskal Herrian, eta laneko gaixotasunen ondoriozko heriotzak 276 inguru izan direla kalkulatu dute.

“Egoera honek langileok bizi dugun krisi ekosozialarekin eta bizi baldintzen prekarizazioarekin lotura zuzena du”, azaldu du Aranburuk. Bada, ezinbestekotzat jo du langileen ekarpena aintzat hartzea, lan istripuak zergatik gertatzen diren aztertzea eta laneko gaixotasunen arrazoietan arreta jartzea; izan ere, lan osasun galera horiek ekiditea lehentasuna izan beharko litzatekeela uste du, gaur-gaurkoz gertatzen ez dena: “Langileon bizitzak beraien irabaziek baino balio txikiagoa du enpresarientzat”. Hala, prekaritatea mugatu eta prebentzio arloan inbertsioak egitearen premia aipatu du LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak.

Gainera, 2022. urtean gertatutako istripu hilgarriak ekiditea “oso erraza” zela nabarmendu du Aranburuk:  “Arriskuen azterketa sakonik eta prebentzio plan mardulik gabe, oinarri-oinarrizko prebentzio neurri errazekin, erdia baino gehiago murriztu zitekeen hildako kopurua”.

Sektorerik hilgarrienak identifikatuta

LABeko Lan Osasuneko idazkariak, Inko Iriartek, iazko urteak utzitako datuak xehatu ditu  agerraldian. Bada, azpimarratu du proportzioan basogintza sektoreak marka guztiak hausten dituela.  Jardun hori sailkapenean bigarren den eraikuntza arloa baino “15 bider hilgarriagoa” da. Aipatutako azken sektore horren kasuan, eraikuntzarenean, 20 pertsona hil ziren lanean zebiltzala, gehien-gehienak altueratik erori izanaren ondorioz. Industriak, berriz, 22 hildako eragin ditu, eta kolpeak nahiz harrapaketak dira arrisku faktore nagusiak sektore horretan. Azkenik, laugarren postuan garraioa dago, zeinetan 9 behargin hil diren lan istripuz, horietatik 6 ez traumatikoak. “Honek laneko arrisku faktore hau azalarazten du, zeinetan estresak, lan eredu sedentarioak, lanaldi luzeek eta, finean, bizitza osasuntsua eramatea eragozten duten lanak ere hil egiten duten”, azaldu du Iriartek.

Sindikatuak darabiltzan zifrak datu ofizialek erakusten dituztenak baino handiagoak direla nabarmendu behar da; izan ere, LABek ez die sinesgarritasunik aitortzen, “mutualitateek ekoitzitako datu interesatuak” direlakoan.

Laneko gaixotasunei erreparatzeko beharra

Istripuez harago, dena den, sindikatuak azpimarratu nahi izan du prekaritateak gaixotu egiten duela, eta horrek ere heriotza izan lezakeela ondorio gisa. Beraz, ez traumatiko gisa izendatutako heriotzen arrazoiak ikertu beharko liratekeela uste du. “Prekaritateak, soldata baxuek, lanaldi luzeek, laneko presek, estresak…. bizitza osasuntsua eramatea eragozten dute, eta honek lotura zuzena du lantokien barruan edo lantokitik kanpo gertatzen diren lanari loturiko hainbat heriotzekin”, azaldu du Garbiñe Aranburuk. In itinere kasuetan ere, “mugikortasun beharrak” edota “lanaldi luzeek sorturiko nekeak” duten zerikusia aztertu behar dela iritzi dio.

Sindikatuak ezin izan du laneko gaixotasunen eraginaren gaineko azterketa zehatzik egin, askotan eskatu badute ere, ez baitako halakoen erregistrorik. “Errealitatea ezkutatzeko asmo argia” ikusten du horren atzean Aranburuk, eta salatu du lantegiek ez dutela langile horiekiko ardurarik hartzen, ezta prebentzioa jorratzen ere.

Prebentzioan sexu-genero aldagaia aintzat ez hartzea ere gaitzesgarritzat jo du sindikatuak: “Sektore feminizitatuetako laneko gaixotasunak, zeregin errepikakorrekin lotuak, sistema muskulo eskeletikoari eragiten diotenak eta zaintza bezalako eremuetan ari diren emakume* langileen arrisku psikosozialak ez dira kontuan hartzen”. Bestalde, zaintza arduren zama nagusia oraindik ere nagusiki emakumeen gain jartzen denez, “lanaldi bikoitz” horiek osasunean duten eragina ere aipatu dute aurkezpenean. “Lan batzuek hil egiten dute eta beste batzuek ez digute duin bizitzen uzten”, adierazi du Aranburuk.

Patronalaren eta instituzioen erantzukizuna

LAB sindikatuaren ustez, patronala “legalki zigorgabe” sentitzeak ahalbidetzen du egungo egoera, baita instituzioen “utzikeriak” ere, azken hauek ez baitute dagokien ardura bereganatzen: “Ez dago Lan Ikuskari nahikorik, ez dago inolako neurririk zigortuak izan diren enpresekiko, ez dute patronala interpelatzen prebentzio neurriak har ditzan eskatuz”.

Horren erakusletzat daukate mutualitateek jokatzen duten rola. Azken boladan, osasun sistema pribatizatzearekin batera, geroz eta eskumen gehiago eman zaizkiela salatu du sindikatuak. “Mutualitateen egitekoa ez da enpresei prebentzioan laguntzea, enpresei kostuak murriztea baizik”, adierazi du Garbiñe Aranburuk, gaineratu duelarik, besteak beste, bajak kontrolatzen eta laneko istripuak eta gaixotasunak ezkutatzen jardun ohi dutela.

Sindikatuaren lan ildoak

Hori guztia ikusita, aurkezpenean berretsi dute LABek bere azken Biltzar Nagusian erabakitakoen ildotik tiraka jarraituko duela lanean sindikatuak. Hala, prekaritatea borrokatu eta heriotzak nahiz gaixotasunak aztertzeaz batera, neurri eraginkorrak eskatzeko ekintza sindikala areagotzeko asmoa adierazi dute. Horrez gain, lan osasunari lotutako problematikak ikusarazi eta salatzen jarraituko dute eta, aipatu bezala, mutualitateen hedapenaren aurkako eta osasun sistema publikoaren aldeko borrokan ere bai. Azkenik, insituzioak interpelatuko dituztela jakitera eman dute; asmo horren baitan,  Osalanera zein Nafarroako Osasun Publikoaren Institutura prebentzio plan eraginkorrak eskatzeko proposamenak eramango dituzte.

22 abr 2013

APIRILAK 28. Lan osasunaren nazioarteko eguna


Aurtengo apirilaren 28 honetan, laneko segurtasun eta osasunaren nazioarteko egunean, berriro salatu behar dugu langileriaren lan baldintzak okertu egin direla. Gertaera hau administrazio publikoek erakusten duten utzikeria eta konplizitateari, eta enpresetan dagoen benetako prebentzio faltari gehitzen badiogu, emaitza, laneko gaixotasun eta istripuek gora egiten dutela da, nahiz eta maiz, hauen laneko jatorria ez onartu eta osasun sistema publikora desbideratu.




Okerreko jarduera hauen arduradun zuzenak mutualitateak dira. Enpresarien elkarte hauek, legeak irabazi asmorik gabekotzat jotzen dituenak, Gizarte Segurantzaren diru-publikoaren kudeaketan laguntzen dute, laneko gertakizunetan botere osoa daukate, eta jatorri arrunteko gertakizunei dagokienez, gehiegizkoa eta bereizketarik gabea den kontrol pean jartzen dute langileria.

Egintza hauen bidez, hauek eragindako kostuak zein hauen enpresa elkartuenak ahal denik eta gehien murriztu nahi dituzte, lan egiteko baldintzetan egon barik lanera joan gaitezen nahi dute. Ohiko bihurtu dira txoke-terapiak, infiltrazioak, garaia baino lehen emandako altak, alta ekonomikoak, haurdunaldian eta edoskitzaroan laneko arriskuak ukatzea eta hauek sistema publikora igortzea, gizarteak ordain ditzan, etab.

Horixe da lan istripuen eta gaixotasunen azpi-erregistroaren zergatia. Mutualitateek, istripua estali nahian, istripua jasan duten langileei, aldi baterako lanpostu berria eslei diezaietela eskatzen diete enpresei. Laneko gaixotasunei dagokienez, egin diren kalkuluen arabera, patologia mota hauek eragindako eta mutualitateek ordaindu beharko luketen osasun gastu zuzenen %18a baino gehiago bere gain hartzen du osasun sistema publikoak. Inongo administraziok ez du ezer egiten legeari egiten zaion iruzur honen aurrean.

Mutualitateen egungo okerreko jarduerei datozen hilabeteotan eta urteetan etorriko direnak gehitu beharko dizkiegu; etorkizuneko mutualitateen legeari buruzko zirriborroek eta ezintasun iragankorreko errege dekretu batek adierazten dutelako enpresarien elkarte hauek jarduteko gaitasun handiagoz hornituko dituztela, osasun sistema publikoak eta hauetan ari diren profesionalak (Osasunbidea eta Osakidetza) eduki eta eskuduntzez hustuz. Egungo egoeran, aurreztearen gezurrezko argudioan eta langileek sistema publikoari iruzurra egiten diotenaren susmoan oinarrituz, publikoa deskapitalizatu nahi dute eta esparru pribatuari negozioa eman nahi diote, baita osasunaren oinarrizko gaietan ere.

Mutualitateen eskuduntza berriek, langileria are gehiago kontrolatu ahal izatea ekarriko dute: gertakizun arruntetan azterketa-medikuak egiteko derrigortasuna; berez, altak emateko aukera; osasun zerbitzu publikoek duten gure historia kliniko osoa eskuragarri izatea; baja baten jatorria arrunta edo lanekoa den erabaki ahal izango dute; alta ekonomikoak; zigorrak hitzordu batera ez joateagatik, bertaratzeko ezinduta egon arren.

Laburbilduz, egungo ereduak nahiz honi etengabe egiten zaizkion erreformak sistema publikoa desegitera bideratuta daude: osasunaren eredu pribatu eta ekonomizistarantz abiatu gara, non botere osoa emango baitzaien, berez, enpresarien elkarteak diren mutualitateei. Ez da inolako kontrolik ezarriko; ez da iruzurra jazarriko laneko gaixotasun eta istripuen erregistroan. Hau guztia egiteko, kudeaketa “pribatua” publikoa baino hobea dela diote, baina gizarteak alta goiztiarrengatik, gaixo dauden langileen kaleratzeengatik edo saihes daitezkeen ondorio txarrengatik ordaintzen dituen kostuak ezkutatzen dituzte.

Hau guztia langileria eskubideak galtzen ari den unean gertatzen ari da, lanaldiak handitzen ari direnean, soldatak murrizten, negoziazio kolektiboa eraisten ari diren honetan,... Hitz baten, oso azkar garatzen ari den prekarietateak babesgabetasuna sortzen du langileen artean dagozkigun eskubideak erreklamatzeko eta baita osasunaren esparruan ere.

LABek, etorkizunean ere, borrokan jarraituko du enpresari-elkarte hauen aurka, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua irmotasunez susta dadila eskatuz, geure prebentzio eta osasun ereduak erabaki ditzagun (loturarik gabea, unibertsala, parte-hartzailea, publikoa, mutualitateekin loturarik izango ez duena, arreta integrala eta osoa eskainiko duena), non langileriaren osasuna, berez, eskubidea izango baiten, eta ekonomia-eragileek baldintzatuko ez dutena, baizik eta osasun-irizpideek soilik.