10 ene 2017

Erronka ekosozialisten aurrean alternatibak

Irailaren amaieran Bilbon III. Nazioarteko Topaketa Ekosozialistak burutu ziren. Topaketa hauen antolakuntzan egon da LAB, beste hainbat eragile sindikal, politiko eta sozialekin batera. Talaia honetan, Topaketa horietan izan diren gogoetetako batzuk hurbildu nahi dizkizugu, interesgarriak eta baliagarriak direlakoan. Esan gabe doa, ezin izan ditugula hemen nahiko genituzkeen guztiak jaso eta zabaldu.


orokorra


Talaiaren 2. ale honetan Yayo Herreroren gogoeta jaso dugu (papereko bertsiorako laburpen moduko bat egin dugu, baina bere interbentzio osoa irakurtzeko aukera duzu hemen webgunean). Bizitzaren jasangarritasuna ardatz duen gogoeta proposatu digu Herrerok, bereziki trantsizio energetikoa aztertuz, baina Kapital – bizitza gatazkaren ikuspegi osoa kontuan hartuz.
Eric Toussaintek Bilbon egindako hitzaldia ere jaso dugu. Bizi dugun egoera politikoari begiratu dio, Grezian eman diren gertakarien haritik, ateratzen dituen ondorio eta ikasgaiak ekarri dizkigularik.
Hirugarrenik, Juan Hernandezek munduaren antolaketa neoliberalaren arkitektura azaldu digu eta Mario Zubiagak Euskal Herrian kokatu du eraldaketarako aukera posibleen argazkia, erabakitzeko eskubide eta ariketaren baitan.
Talaia borobiltzeko, Bea Martxueta LAB sindikatuko Politika Sozialetako idazkariarekin izan dugun solasaldia jaso dugu, sindikatuak Topaketa hauen edukiaren testuinguruan egiten duen gogoeta biltzen dugularik.

Gogoetarako talaia

talaia logoa

LABeko Batzorde Sozioekonomikoak eta Ipar Hegoa Fundazioak gogoeta eta prestakuntzarako Talaia berezi bat aurkeztu nahi dizuegu.
Bestelako Euskal Herria nahi dugunontzat, edozein delarik gure lan edo borroka esparrua, lagungarria izan nahi duen talaia. Baina, jakina, bereziki ekintza eta borroka sindikal eta soziopolitikoan engaiaturik diren emakume eta gizonei zuzentzen gatzaizkio.
Talaia, bizitza bestelako koordenada batzuen arabera ulertzeko apustua, lanabesa da. Begirada kritikoz gure inguruan dagoenari erreparatzeko eta gure praktikak eraldatzen laguntzeko lanabesa hain zuzen ere. Hau da, langile mugimendua eta sindikalismoa ikuspegi berrituz garatzen laguntzeko trena formatiboa izan nahi du talaia honek.
Gai sozial eta gai ekonomikoetan sakontzeko euskarri ezberdinak baliatuko ditugu. Argitalpen monografikoak, ikastaroak eta mintegiak, hitzaldiak, artikuloak, elkarrizketak... Begirada jaso, eta aurrera eta luze begiratzeko talaia izan dadila hau.