HERRIALDEKO HITZAMENAren DEFENTSA

Metalgintzako hitzarmena defenda dezagun.

EUSKAL PRESOAK KALERA!

Euskal presoak lantokietara!.

PENTSIO PUBLIKO DUINAK

Euskal pentsio sistema publikoa orain. 1080 euro gutxieneko pentsioa.

LAN DUINA BIZI DUINA

Lan eta bizitza duinabermatuko digun hiri duin batean biziteko eskubideadugu.Langileok eskubide guztien jabe!.

LANGILEOK EUSKAL ERREPUBLIKA

Herriak du hitza eta erabakia.

22 abr 2013

Ainhoa Etxaide: "Greba orokorra beharrezkoa da, ezinbestekoa da, “nahikoa da!” ozen eta indarrez oihukatzeko"




«Behin eta berriro esan dugu krisi honek baduela alternatiba eta arazoa ez dela ekonomikoa, politikoa baizik. Ez da ekonomikoa badagoelako aberastasun nahikoa bizi baldintzak duin batzuk ziurtatzeko guzti guztiontzat. Arazoa da aberastasun gehiena gutxi batzuen eskuetan dagoela. Ez besterik. Hori da arazoa eta konponbidea aberastasuna banatzea da. Krisi honen aurrean egin diren hautu politikoak dira arazoa, beraz. 




Miseria zabaltzea eta pobreziara kondenatzea ez da derrigorrezkoa, hautu politiko bat da. Eta zoritxarrez, hori da nagusitu den hautua gobernuetan, hori da nagusitzen den politika instituzioetan aurrekontuetan, behin eta berriro ikusten ari garenez. Gobernuak aldatzen dira baina politikak berdinak izaten jarraitzen dute, herriaren kontra eta herriaren kaltetan hartzen diren erabakiak direla jakinik ere.

Hemen gauden eragileok etengabe eta hamaika modutan mobilizatu gara azken urteetan gertatzen ari den guzti honen kontra. Eta instituzioetan dagoenari begiratuz, ez dugu inolako zalantzarik: gauzak benetan aldatzeko dagoen bide bakarra borroka soziala sendotzea da, mobilizazio soziala indartzea. 
Aldaketa politikoak eta sozialak egitera behartu behar ditugu. Aldaketa horiek prozesu sozial baten emaitza izango dira, bai ala bai. Horrek batzen gaituelarik, borroka eta mobilizazio sozialari begirako erabaki berriak hartu ditugu hemen gauden eragileon artean.

Prozesu sozial bat bultzatzea erabaki dugu beraz, horretarako ditugun tresnarik indartsuenak erabiliz:

Lehenengoa, Akordio Sozial zabalak eraikitzea. Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalen artean eredu sozial berri bat eraikitzeko behar beharrezkoak diren adostasunak eta akordioak lortu behar ditugu. Eta hori egitera goaz. Aurreneko akordio handia Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna izatea proposatzen dugu. 

Eredu sozial berri baten alde borrokatzen ari gara; eskubide sozial eta laboralak aitortu eta ziurtatuko dizkiguna, hori delako bizi baldintza duinak edukitzeko modu bakarra. EREDU BERRI HORREN INGURUKO AKORDIOA IZANGO DA GUTUN SOZIALA. 

Eredu berria nolakoa izango den eztabaida sozialaren emaitza izan behar dela erabaki dugu hemen gaudenon artean. Ez dugu onartzen elite ekonomiko bat izatea gure etorkizuna nolakoa den erabakitzen duena. Eta ez gaude eredu sozialaren inguruko erabakiak gaurko instituzio hauen esku uzteko. Ikusten ari gara zer egiten ari diren.

Gutun Soziala egitera eramango gaituen bidea martxan jarriko dugu beraz. Maiatzean egingo dugu aurreneko batzarra. Eta ez gara mugatuko hemen batzen garen eragileen artean eztabaidatzera. Herritarren parte hartzea bilatuko dugu eztabaida herrietaraino eramanez eta ahalik eta eragile gehien batuz eztabaida honetara.

Gutuna akordio sozial handi bat izango da. Eredu sozial berriaren alde borrokatzeko tresna berri bat. Eredu berriaren aldeko borrokan urrats berriak emateko akordio gehiagoren iturria izatea nahi dugu.

Eta bigarren tresna, MOBILIZAZIOA ETA BORROKA SOZIALA da noski. Mobilizazio fase berri bat ireki nahi dugu 2009an hasitako dinamikari segida emateko. Maiatzaren 30ean kalera ateratzera deitzen diegu herritarrei. Bizi dugun egoerari ahalik eta erantzunik sendoena ematera deitzen ditugu langileak. Hori GREBA OROKORRA antolatzea da. 

Greba orokorra bizi dugun egoera soziala jasanezina dela adierazteko, aberastasuna banatu beharrean herria pobreziara kondenatzea onartezina dela salatzeko, iragartzen ari diren pentsio erreformari ezetz esateko, azken urteetan inposatu zaizkigun erreformak atzera bota behar direla eta beste bide bat hartu behar dela exijitzeko.

Erreforma berrien atarian gaude eta Gasteizeko Gobernuak ikaragarrizko murrizketak burutu nahi ditu. Aurrekontuek aurrera edo atzera egin, Gasteizetik egingo diren politikak berdinak izango dira. Eta hemen gauden guztiak ondorio berdinera iristen gara: Aurrekontua egon edo ez egon, Gobernuan bat egon edo bestea egon, politikak berdinak edo antzekoak izango badira, berdin dela nork agintzen duen, hor ez dagoela irtenbiderik. Guk gaur ez dugu instituzioetan egoerari buelta emateko politikarik ikusten eta mobilizazio sozialaren bidez bultzatuko dugu.
Gure aldarrikapenak: 

− Erreformak hemen ez aplikatzea. 
− Politika berriak egitea babes sozialari dagokionez eta ekonomia erreala suspertzeko. Horretarako: 
− Politikak behingoz eta benetan aldatzea. 
− Politika propioak egiteko eskubidea ziurtatu digun burujabetza eskuratzea.
− Politikak erabakitzerakoan herritarron benetako parte hartzea ziurtatzea. 

Hori da maiatzaren 30an eskatuko duguna, eta greba orokorra eginez eskatuko dugu, gure indar guztiak aldarrikapen hauei begira jartzeko ordua delako. GARAIA DA POLITIKAK GOITIK BEHERA ALDATU BEHAR DIRELA ERABAKITZEKO. Erabaki hori hartzea gure esku dago. Ez dago erabaki hori hartzea edo hautu hori egitea debekatzen duen ezer. 

Erabakia hartzeko ez da baimenik behar. Behar dena da euskal herritarrak defendatzea Madrileko erabakien aurrean eta erabaki horien atzean dagoen elite ekonomikoaren aurrean. Hori da instituzioei eskatzen dieguna, baina batez ere, hori da guk egingo duguna. 

Bada garaia politikak aldatzeko, eta hori inolako mugarik gabe egiteko behar dugun burujabetzan urrats berriak emateko. Urratsak eman behar dira eta urratsak ematea eskatuko diegu instituzio guzti guztiei. 

GUK EREMU SOZIALETIK EGINGO DUGU, BURUJABETZA SOZIALAREN ARIKETA BAT EGINEZ. GURE KABUZ ZEIN EREDU SOZIAL NAHI DUGUN ADOSTUKO DUGU ETA GURE BORROKA ANTOLATZEKO DUGUN GAITASUNAREKIN BULTZATUKO DUGU. Ez dugu zalantzarik: aldaketak prozesu sozial baten emaitza izango dira eta horretara goaz. Orain arteko borrokan urrats berriak emanez. Guk gure erabakiak hartuz.» 

Maiatzaren 30ean greba orokorra Hego Euskal Herrian

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CGT-LKN eta CNT sindikatuek eta 60tik gora eragilek maiatzaren 30erako greba deialdia egin dute eskubide sozial eta laboral duinen alde eta Euskal Herriarentzako eredu propio bat aldarrikatzeko. Honekin batera, Euskal Herrirako Eskubide Sozialen Gutunaren aldeko prozesua abian jarri dutela jakinarazi dute.

Maiatzaren 30eko greba eguna iragartzeko sindikatu eta eragileen prentsaurrekoa.

M30 GREBA OROKORRA

Urterik urte gobernu ezberdinak, hartzen ari diren erabakiekin, krisi ekonomikoan sakontzen ari dira. Konstituzio erreformek, dekretutzarrek, oinarrizko legeek, murrizketek eta erreforma ezberdinek helburu bakarra daukate: aberatsek gero eta botere eta diru gehiago eskuratzea langileen pobretze orokorraren, langabezi masibo, eskubideen galera eta zerbitzu publikoen murrizketen bitartez. Neurri hauek, gainera, era guztiz antidemokratikoaz burutzen ari dira, inposaketa erabiliz, inposaketa delako modu bakarra herritarren kontrako eraso hauek burutu ahal izateko.

Honengatik, politika publikoen lehentasunak goitik behera aldatzea aldarrikatzen dugu eta Euskal Herriko gaur egunko instituzioei dei egiten diegu hori lortzeko beharrezkoak diren iniziatiba instituzional, politiko eta legislatibo guztiak har ditzatela.

Instituzio horiei zera exijitzen diegu: estatutik inposatu nahi dituzten neurriak ez aplikatzeko; defizit publikoaren mugak ez onartzeko, eta iniziatiba har dezatela Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten pertsona guztiek bizi baldintza duinak izan ditzaten; enplegu duin, kalitateko zerbitzu publiko unibertsal eta prestazio sozial egokiak izan ditzaten, alegia, horixe baita, gainera, krisitik irteteko estrategiarik onena. Sistema berri bat pertsona guztien aukera berdintasunean oinarritua eta lan produktibo eta erreproduktiboaren arteko egungo dikotomia gaindituko duena.

Hemen gauden eragile sindikal eta sozialok krisialdia hasi zenetik burutzen ari diren politika hauek salatu izan ditugu eta borrokatu izan ditugu. Edozelan, premiazkoak diren salaketa eta borroka honekin batera, haratago joan nahi dugu, euskal jendarteari alternatiba eskaini nahi diogu. Beste eredu bat posible dela aldarrikatzetik eredu hori eraikitzera egin nahi dugu jauzi.

Horregatik, prozesu sozial oso bat bultzatzea erabaki dugu. Alternatiba hori eraikitzeko prozesu oso batez ari gara eta lehen pauso moduan Euskal Herrirako Eskubide Sozialen Gutuna osatzea izango da. Gutun hau aldarrikapen bitartekoa izango da, baina ez hori bakarrik, Gutun hau lehenbiziko pausua izango da euskal jendarte osoaren indarrak batzeko eta burutzen ari diren borroka ezberdinak helburu argien inguruan bateratzeko. Eskubide sozial eta laboraletan zein justizia sozialean oinarritutako eredua nahi eta behar dugu eta hau eraikitzeko prozesua, Euskal Herriarentzat eredu propioa eraikitzeko prozesua abiaraziko dugu. 

Maiatzaren 30erako deitu dugun greba orokorra beharrezkoa da, ezinbestekoa da, “nahikoa da!” ozen eta indarrez oihukatzeko gobernu ezberdinetatik datozen eraso guztien aurrean eta, horrekin batera, alternatiba eraikitzeko prozesu horri hauspoa emateko bultzada.


DEITZAILEAK:Sindikatuak: ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CNT

Eragile sozialak: AHT Gelditu! Elkarlana, Anitzak, Argilan, Asamblea abierta en defensa de las prestaciones sociales, Asamblea de invisibles, Distintas asambleas de parados y paradas de Bizkaia y Gipuzkoa, Askapena, Asociación de Trabajadoras del Hogar, Asociación de vecinas y vecinos de Bilbao la Vieja, Barrenkale, Berri-Otxoak, Bilgune Feminista, Colectivo de Parados de Iruñerria, Coordinadora de grupos de San Francisco, Bilbao la Vieja y Zabala, Danok lan, Desazkundea, Eginaren eginez,Eguzki, Elkartzen, Erromoko Greba Batzordea, Eskuz Esku, Ezker Gogoa, Euskal Herriko emakumeen mundu martxako plataforma, Gipuzkoako pentsionisten duintasun elkartea, Ikasle Abertzaleak, Harresiak Apurtuz, Kakitzat, Komite Internazionalistak, Lanegia, Matxingune taldea, MDMA Taldea, Mugarik Gabe, Mujeres del Mundo, Pentsionistak Martxan, Plataforma por los derechos sociales de Gasteiz, Plaza Beltza Kultur Elkartea, Posada de los abrazos, PTParen aurkako Asanblada, Renta Básica Universal Taldea, Salhaketa, Sare Antifaxista, SOS Racismo- SOSArrazakeria, Urtxintxa eskola, Zazpigarren alaba.

APIRILAK 28. Lan osasunaren nazioarteko eguna


Aurtengo apirilaren 28 honetan, laneko segurtasun eta osasunaren nazioarteko egunean, berriro salatu behar dugu langileriaren lan baldintzak okertu egin direla. Gertaera hau administrazio publikoek erakusten duten utzikeria eta konplizitateari, eta enpresetan dagoen benetako prebentzio faltari gehitzen badiogu, emaitza, laneko gaixotasun eta istripuek gora egiten dutela da, nahiz eta maiz, hauen laneko jatorria ez onartu eta osasun sistema publikora desbideratu.




Okerreko jarduera hauen arduradun zuzenak mutualitateak dira. Enpresarien elkarte hauek, legeak irabazi asmorik gabekotzat jotzen dituenak, Gizarte Segurantzaren diru-publikoaren kudeaketan laguntzen dute, laneko gertakizunetan botere osoa daukate, eta jatorri arrunteko gertakizunei dagokienez, gehiegizkoa eta bereizketarik gabea den kontrol pean jartzen dute langileria.

Egintza hauen bidez, hauek eragindako kostuak zein hauen enpresa elkartuenak ahal denik eta gehien murriztu nahi dituzte, lan egiteko baldintzetan egon barik lanera joan gaitezen nahi dute. Ohiko bihurtu dira txoke-terapiak, infiltrazioak, garaia baino lehen emandako altak, alta ekonomikoak, haurdunaldian eta edoskitzaroan laneko arriskuak ukatzea eta hauek sistema publikora igortzea, gizarteak ordain ditzan, etab.

Horixe da lan istripuen eta gaixotasunen azpi-erregistroaren zergatia. Mutualitateek, istripua estali nahian, istripua jasan duten langileei, aldi baterako lanpostu berria eslei diezaietela eskatzen diete enpresei. Laneko gaixotasunei dagokienez, egin diren kalkuluen arabera, patologia mota hauek eragindako eta mutualitateek ordaindu beharko luketen osasun gastu zuzenen %18a baino gehiago bere gain hartzen du osasun sistema publikoak. Inongo administraziok ez du ezer egiten legeari egiten zaion iruzur honen aurrean.

Mutualitateen egungo okerreko jarduerei datozen hilabeteotan eta urteetan etorriko direnak gehitu beharko dizkiegu; etorkizuneko mutualitateen legeari buruzko zirriborroek eta ezintasun iragankorreko errege dekretu batek adierazten dutelako enpresarien elkarte hauek jarduteko gaitasun handiagoz hornituko dituztela, osasun sistema publikoak eta hauetan ari diren profesionalak (Osasunbidea eta Osakidetza) eduki eta eskuduntzez hustuz. Egungo egoeran, aurreztearen gezurrezko argudioan eta langileek sistema publikoari iruzurra egiten diotenaren susmoan oinarrituz, publikoa deskapitalizatu nahi dute eta esparru pribatuari negozioa eman nahi diote, baita osasunaren oinarrizko gaietan ere.

Mutualitateen eskuduntza berriek, langileria are gehiago kontrolatu ahal izatea ekarriko dute: gertakizun arruntetan azterketa-medikuak egiteko derrigortasuna; berez, altak emateko aukera; osasun zerbitzu publikoek duten gure historia kliniko osoa eskuragarri izatea; baja baten jatorria arrunta edo lanekoa den erabaki ahal izango dute; alta ekonomikoak; zigorrak hitzordu batera ez joateagatik, bertaratzeko ezinduta egon arren.

Laburbilduz, egungo ereduak nahiz honi etengabe egiten zaizkion erreformak sistema publikoa desegitera bideratuta daude: osasunaren eredu pribatu eta ekonomizistarantz abiatu gara, non botere osoa emango baitzaien, berez, enpresarien elkarteak diren mutualitateei. Ez da inolako kontrolik ezarriko; ez da iruzurra jazarriko laneko gaixotasun eta istripuen erregistroan. Hau guztia egiteko, kudeaketa “pribatua” publikoa baino hobea dela diote, baina gizarteak alta goiztiarrengatik, gaixo dauden langileen kaleratzeengatik edo saihes daitezkeen ondorio txarrengatik ordaintzen dituen kostuak ezkutatzen dituzte.

Hau guztia langileria eskubideak galtzen ari den unean gertatzen ari da, lanaldiak handitzen ari direnean, soldatak murrizten, negoziazio kolektiboa eraisten ari diren honetan,... Hitz baten, oso azkar garatzen ari den prekarietateak babesgabetasuna sortzen du langileen artean dagozkigun eskubideak erreklamatzeko eta baita osasunaren esparruan ere.

LABek, etorkizunean ere, borrokan jarraituko du enpresari-elkarte hauen aurka, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua irmotasunez susta dadila eskatuz, geure prebentzio eta osasun ereduak erabaki ditzagun (loturarik gabea, unibertsala, parte-hartzailea, publikoa, mutualitateekin loturarik izango ez duena, arreta integrala eta osoa eskainiko duena), non langileriaren osasuna, berez, eskubidea izango baiten, eta ekonomia-eragileek baldintzatuko ez dutena, baizik eta osasun-irizpideek soilik. 

 

10 abr 2013

Metalgintzako hitzarmenaren alde, mobilizazioa bide bakarra

 
Atzo, apirilak 9, Gipuzkoako Metalgintzako mahaiaren 17. bilera burutu zen. LAB sindikatuak, patronalak duen jarrera itxia ikusirik, gainontzeko sindikatuei mobilizazio egutegi bateratu bat egiteko deialdia egin die. Aste honetan bertan, metaleko mahaian dauden gainontzeko sindikatuekin biltzen hasiko gara, mobilizazio egutegi bateratu bat erdiesteko helburuarekin.



LAB sindikatuaren balorazioa Gipuzkoako Metalgintzako mahaiaren 17. bileraren harira

Atzo, Apirilak 9, Gipuzkoako Metalgintzako mahaiaren 17. bilera burutu zen. CCOO eta UGT sindikatuek proposamen berri bana ekarri dute mahaira. Aipatu bi sindikatuon proposamenak, joan zen urteko abenduan LABek egin zuen proposamenarekin antzekotasunak ditu. ADEGIk, bi proposamen hauei ezezko borobila emateaz ezezik, beste proposamen bat ere ipini du mahai gainean, aurrekoan egin zuena baino atzerakoiagoa. Hau da ADEGIren proposamena:

- 2 urterako soldata izozketa.
- Orduen erabiltzea: konbenioko 9 artikuluan jasotakoa eta Lan Erreformak ezartzen duen urteko lan ihardunaldiaren % 10a. Hau da, konbenioan jasotako malgutasuna eta Langileen Estatutuan jasotakoa, biak.
- Konbenioaren 49 artikuluaren ezabatzea, Langileen Estatutuak ezarritako derrigorrezko arbitraia ezartzeko.
- Konbenioaren 50. artikuluaren ezabaketa, langileen kaleratzeak merkeagotzeko helburuarekin.
- Konbenioaren idarraldia 2 urtetakoa urte beteko ultraaktibitatearekin.

LAB sindikatuak, patronalak duen jarrera itxia ikusirik, gainontzeko sindikatuei mobilizazio egutegi bateratu bat egiteko deialdia egin die. Aste honetan bertan, metaleko mahaian dauden gainontzeko sindikatuekin biltzen hasiko gara, mobilizazio egutegi bateratu bat erdiesteko helburuarekin.

Patronala inoiz baino harrokeria handiagoarekin dabil eta ez dio uko egin nahi Raxoik oparitu dion lan erreforma konbenioan txertatzeari.

Gainontzeko sindikatuek une zail honek galdatzen duen arduraz jokatzea espero dugu. Gipuzkoako Paper eta Kartoigintzan, Bizkaiko gasolindegietan eta Gipuzkoako gasolindegietan, mobilizazio bateratuen bitartez posible izan da lan erreformaren ondorioak mugatzea. Gipuzkoako metalgintzan zergatik ez?

GURE HITZARMENA, DENONA, DEFENDA DEZAGUN!