Euskal Herriko eskubide sozialen
karta osatzen dugun eragileok mobilizazioak iragarri ditugu datorren
martxoaren 14rako Bilbo eta Iruñean "Aldaketa soziala orain! ¡Tenemos
alternativas!" lelopean. Euskal Herriko instituzioei gure oihua,
aldarrikapenak, aldaketa sozialaren eta gure herriaren eskubide sozialak
bermatzeko botere demokratikoaren eskaera helarazi behar diegu. Bide
horretan ere 16 aldarrikapen biltzen dituen programa soziala aurkeztu
dugu gaur.
Prentsaurrekoaren edukiak
«Hemen gaudenok, Euskal Herriko Eskubide Sozialen
Kartaren ordezkariak, zuekin partekatu nahi ditugu egungo egoera
sozioekonomikoaren inguruko iritzia eta berau gainditzeko proposatzen
ditugun ekimenak.
Bere garaian pertsona ugari eta 100 erakundetik gora elkartu eta egoera
sozial bidegabearen aurrean ekiteko izan genituen arrazoiek bere
horretan jarraitzen dute. Gaur egun botere politiko eta ekonomikoek
eskaintzen digutena ikusita oso argi dago egoera ez dela aldatu. Nahikoa
da indarrean dauden botere politiko eta ekonomikoetatik eskaintzen
digutena. Eskubide sozialak bertan behera, herritar gehienen pobretzea
eta prekarizazioa, pribatizazio etengabeak, zerbitzu publiko eta ondasun
komunen aurkako erasoak, gure bizitza eta ingurumenarekiko
multinazionalen diru-gosea, desberdintasuna handitzen, demokrazian
bizitzeko eta gehiengo sozialaren alde erabakitzeko burujabetza izateko
aukerarik gabe. Bai, arrazoiek bere horretan jarraitzen dute eta,
horregatik, elkarrekin erantzuteko beharra eta premia. Elkartasunetik,
errotik aldatu nahi dugu egoera. Ez dago bestelako alternatibarik,
guztiok duintasunez bizitzeko moduko Euskal Herria nahi badugu.
Horregatik, aliantza sozial eta sindikala saretzen hasi ginen bere
egunean. Saretu, prozesu soziala jorratzeko, ahalik eta pertsona gehien
elkartzeko amoz, eraso neoliberalari aurre egin eta alternatiba izateko
ausardiaz. Hasiera baten, adostu genuen Euskal Herrian nahi dugun
bermedun eskubide sozialen marko komuna. Aldaketa sakonak behar dituen
markoa eta injustizia, zapaldutako eskubide sozial eta laboralak,
diskriminazioak eta eguneroko zapalkuntzei erantzuteko benetako
erabakitzeko-gaitasuna izan ahal duena. Hori guztia Madrildik,
Bruselatik, eta orain TTIParekin, Wall Streetetik erabakitzeko eta
alternatiba eraikitzeko aukera ukatzen digutenen aurka.
Errealitate berria eraikitzeko ezinbestekoa deritzogu partekatu eta
zabaltzeari, Euskal Herriko herri eta auzoetan herriak ukatzen dituzten
ordena neoliberalaren mehatxu eta erasoen aurka borrokatzen ari diren
pertsona, sektore eta proiektu guztiek parte har dezaten. Mobilizazioa
behar-beharrezkoa baita.
Horregatik dei egiten diogu herritar orori datorren martxoaren 14an
Bilbon eta Iruñean “Aldaketa soziala orain, tenemos alternativas”
lelopean izango diren manifestazioetan parte har dezan. Mobilizazio
honekin hasiera ematen diogu dinamika publikoari, iraunkorrari, Euskal
Herriko instituzioei gure oihua, aldarrikapenak, aldaketa sozialaren eta
gure herriaren eskubide sozialak bermatzeko botere demokratikoaren
eskaera helarazteko. Horretarako programa soziala aurkezten dizuegu.
Programa sozial hau Kartaren zoru sozial komunean oinarrituta dago eta politikaren lehentasunak aldatzeko bitartekoa da.
Esparru hauetan oinarritzen diren 16 aldarrikapen biltzen ditu:
▪ Aberastasuna, enplegua eta lan guztien birbanaketa.
▪ Eskubide sozialak guztiontzat.
▪ Zerbitzu publikoen unibertsaltasuna.
▪ Alor publikoaren lidergoa.
▪ Politika ekonomikoaren eraginkortasun sozial eta ingurumenaren aldetikoa.
▪ Emakume eta gizonen arteko parekidetasuna.
▪ Bazterkeria guztien aurkako etengabeko borroka (jatorria, aukera sexuala, aniztasun funtzionala…)
Programa sozial honekin Hego Euskal Herriko instituzioak interpelatuko ditugu honetan oinarritutako konpromisoak har ditzaten.
Horregatik, deialdi berezia egiten dugu martxoaren 14an Bilbon eta
Iruñean borroka oro egon dadin, justizia handiagoaren aldeko gure auzo
eta herrietako bihotz-taupadak erakusteko, patriarkatuari aurre egiten
diogunoi, osasuna, hezkuntza eta gizarte ongizatea negoziatzeari aurka
egiten diogunoi, adineko eta pentsionista errebeldeei, etxebizitza
eskubidea aldarrikatzen dugunoi, esplotazioa eta prekarietatea jasaten
diogunoi, giza-laguntza duinak etengabe erreklamatzen ditugunoi,
kalitateko enpleguaren banaketa exijitzen dugunoi, etorkizuna lapurtu
nahi diguten gazteoi, jatorriarekiko bazterketaren aurka ari garenoi,
euskara hizkuntza bizia izan dadin nahi dugunoi…
Martxoaren 14an “Aldaketa soziala orain, ¡tenemos alternativas!”
lemapean egingo diren manifestazioak 17:00etan hasiko dira, Bilbon,
Jesusen Bihotzetik eta 17:30ean Iruñean, Antoniutti Parketik.
Martxoaren 14a izan dadila gure aldarrikapen, pankarta eta kartelen
erakuslekua, mosaikoa. Erakus dezagun horien guztien alde elkarrekin
lan egiteko ausardia.
Euskal Herrian bizi garenok egitasmo ekonomiko eta sozial berria eraiki
nahi dugu, eredu zuzen eta solidarioa, inolako ezarpen eta
interferentziarik gabe. Mobilizazio, eraikuntza, aldarrikapen eta
alternatiben garaia da. Aldaketa soziala nahi dugu eta berau lortzeko
botere burujabea.»