Hauteskunde sindikaletara begira, Goierri beheko LABeko kideek euren hautagaitza aurkeztu dute. Lehen hauteskundeak azaroan hasiko dira (CAFen), eta azkenak apirilean egingo dituzte (Arcelorren). Tarte horretan izango dute hauteskundeetarako epe trinkoa gainerako lantegiek. LABek hauteskunde hauen garrantzia azpimarratu zuen pasa den ostegunean egin zuten aurkezpenean, «hauteskunde hauetan gertatzen denari begira izango baititugu bai patronala eta baita gobernuak ere».
LABen helburua «Euskal Herria aldatzea» dela azaldu zuten: «Euskal Herriko langileriaren egoera eraldatzeko borroka egiten dugu, eta baita beste herrietakoena aldatzeko ere. Eta hori lan militantearekin eta ekintza sindikalarekin egiten dugu».
Gehien igo den sindikatua
Prentsaurrekoan azaldu dutenez, LAB da lan erreforma aldatu zenetik gahien igo den sindikatua, eta hori «ez da kasualitatea» euren ustez: «Patronalaren posizioa deslegitimatu eta negoziazio kolektiboa agenda politikoaren eta instituzionalaren erdian jarri genuen. Konfrontazioa instituzioetaraino eraman genuen, posizioak mugitu, presionatu eta negoziazio bat behartu genuen. Hori da LAB, proposamenak egiten dituen sindikatua, hitzarmenen defentsan ari den sindikatua», zehaztu zuten.
Hauteskundeetara euren lerro eta jarrera sindikala berrestuz aurkezten direla azaldu dute, «hobetzeko konpromisoarekin, gure estrategia sindikalean sakontzeko asmoarekin; baina ikuspegian asmatzen dugula pentsatu».
«Kritikatu, salatu eta alternatiba badagoela aldarrikatu behar dugu», «Indarrak bildu behar ditugu gure irakurketaren inguruan eta indar horiek alternatibaren eraikuntzara bideratu behar ditugu», azaldu zuten.
Amaitzeko LAB bozkatzeko deia egin zuten, «aldaketa politiko eta sozialaren prozesua indartzeko».