Zerbait ospatzeko gogoa zegoen atzo gauean Labriten. Amaiurren proiektuak jasotako emaitzak onak izan ziren, 7 diputatu eta 3 senatari lortuz. Lehen aldiz historian abertzale eta ezkertiar batek ordezkaritza izango zuen Araban. Lehen aldiz historian Hego Euskal Herriko lau lurraldeak batuko zituen talde parlamentarioa posible zen. Lortutako batasuna ere historikoa zen, emaitza bezainbeste. Horregatik giro ona zen nagusi atzokoan Labriten.
Rafa Larreina izan zen lehenengoa balorazioa eskaintzen, Maite Aristegi izango zen ondoren. Sabino Cuadrak hitz egin zuen momentuan gehienek pantaila erraldoian ikusten zuten 7. eserlekua errealitatea zela eta Sabino Cuadra Nafarroa gorriaren ordezkari izango zela Madrilen. Nafarroako hautagai guztiekin igo zen oholtzara eta lanean jarraitzeko deia egin zuen, kanpainan lanean egon diren (egon garen) guztiak gogora ekarrita.
Zazpiak bat igo ziren ondoren, Iñaki Antiguedad erdian zela. Berarentzat ziren kamara guztiak, Iñakiri zegokion emaitzen balorazioa egitea. Poza bai, baina lanean jarraitzeko deia egin zuen. Oraindik lana egiteko, elkartzeko eta egindako bidea indartzeko deia egin zuen. Mariano Rajoy Espainiako presidentea izango dela eta, Euskal Herriko egoera konpontzeko gonbitea egin zion.
Jaia ondoren, ordu txikiak arte batzuentzat. Eta orain, lanera!
0 comentarios:
Publicar un comentario