HERRIALDEKO HITZAMENAren DEFENTSA

Metalgintzako hitzarmena defenda dezagun.

EUSKAL PRESOAK KALERA!

Euskal presoak lantokietara!.

PENTSIO PUBLIKO DUINAK

Euskal pentsio sistema publikoa orain. 1080 euro gutxieneko pentsioa.

LAN DUINA BIZI DUINA

Lan eta bizitza duinabermatuko digun hiri duin batean biziteko eskubideadugu.Langileok eskubide guztien jabe!.

LANGILEOK EUSKAL ERREPUBLIKA

Herriak du hitza eta erabakia.

16 oct 2023

Greba Feminista Orokorra prestatzeko martxan gaude

 


Oiartzungo Landetxe aretoan 200 emakumetik* gora bildu gara, azaroaren 30erako deitutako hitzordua ortzimugan. Zaintza Sistema publiko komunitarioa eratzeko beharrari jarri diogu azpimarra; datorren astetik aurrera eskualde guztietan delegatuen batzarrak  egingo ditu LABek norabide berean.

Goizean bideo emanaldi batekin hasi da batzarra, eta LABek sindikatu feministara bidean orain arte egindakoak errepasatu ostean, zaintza eremuko eta lanbide feminizatuetako hainbat langilek aurrera eramandako borroken testigantzak eta jomugan dituzten aldarrikapen nagusiak partekatu dituzte. “Premiazkoa da egungo zaintza sistema iraultzea”; horixe izan da ondorio nagusietakoa.

Ostean, Oiartzunera bertaratutakook lantaldeetan jorratu ditugu grebara begirako eman beharreko urratsak, eta Zutik emakumeak abestiarekin itxi dugu gaurko hitzordua.

Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deitutako Greba Feminista Orokorrarekin bat egin eta prestaketa lanetan buru-belarri murgildu gara LAB sindikatuan. Izan ere, zaintzarena sindikatuaren erronka nagusietakoa da, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak nabarmendu duenez: “Zaintza krisia gero eta nabariagoa da. Krisi honen arrazoi nagusi eta bakarra ez da bilakaera demografikoa edo jendartearen zahartzea. Emakumeok* errebelatzen ari gara, ez dugu ontzat ematen zaintza eredu hau, bidegabea eta sostengaezina baita. Egoera jasanezin bilakatzen ari da emakumeontzat* eta bereziki emakume langile migratu eta arrazializatuentzat”.

Hala, Aranburuk nabarmendu du premiazkoa dela zaintza lanak berrantolatu eta modu orekatuagoan banatzea; hain zuzen ere, hori du helburu LABek defendatzen duen zaintza sistema publiko komunitarioak, “zaintza lanak eremu pribatutik atera eta duintzea lortzeko” Aranbururen esanetan.

LAB sindikatuak denbora darama Mugimendu Feministarekin eskuz esku lanean eta aliantzak eraikitzen, eta bete-betean murgilduko da Greba Feminista Orokorraren lanketan.

27 sept 2023

Arlo publikoa indartzeko, zerga erreforma premiazkoa da

 

Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak eta Endika Perez ekintza sozialeko arduradunak prentsaurrekoa eman dute gaur Bilbon. Arroyok salatu duenez, “azken hamarkadetan egindako zerga politikek zerbitzu eta politika publikoak ahuldu dituzte, erronka estrategikoei aurre egiteko inoiz baino premiazkoagoak ditugunean. Datorren hamarkadan osasun sistema publikoa indartu, zaintza sistema publiko komunitarioa sortu edota bidezko trantsizio ekologikoa sustatzeko baliabideak behar ditugu. Zerga politika berri bat justiziazkoa ez ezik, premiazkoa ere bada”.

Azken hamarkadetan Hego Euskal Herriko aldundiek garatu duten zerga politikaz LABek egindako azterketaren berri eman du Endika Perezek, behar baino diru gutxiago biltzen dela azpimarra eginez. Perezen hitzetan, Europar Batasuneko bataz besteko presio fiskaletik 7 puntuko aldera kokatzen dira egun Hego Euskal Herriko lurraldeak, eta parekatuko bagina, Eusko Jaularitzak ia 6.700 miloi euro eta Nafar Gobernuak ia 2.300 milioi euro gehiago bilduko lituzkete. Aldundiei eta kupoaren zatia kenduta, Hego Euskal Herrian 4.600 miloi gehiago izango genituzke zerbitzu publikoak indartu eta garatzeko.

Modu berean, Ekintza Sozialeko arduradunak arreta jarri du bi zerga nagusitan, Sozietateen Gaineko Zerga eta Pertsona Fisikoen Gaineko Zergan hain zuzen. Biei erreparatuta ondorio nagusia aipatu du: “2007tik hona kapital errentek ekarpen txikiagoa egiten dute Sozietateen Gaineko Zergaren bidez eskaini zaizkien kenkari, murrizpenei eta kargen tsa jaitsierari esker. Hori gutxi balitz, PFEZn kapital errenten ekarpena mantendu den bitartean (415 miloi euro), lan errenten ekarpena 5.000 miloitik 7.591 miloi eurotara igaro da. Enpresen mozkinak handitu dira, lan mundua prekarizatu baina langileon ekarpena da ogasunetako zatirik handiena”.

Igor Arroyo koordinatzaile orokorraren iritziz, Hego Euskal Herrian aplikatutako zerga politikek enpresariei eta errenta altuei mesede egitearren zerbitzu eta politika publikoen irismena mugatu egin dute. Gipuzkoan EH Bilduk egindako aldaketa mugatuak atzera bota zituen EAJk eta Nafarroa Garaian azken bi legegintzaldietan egondako aldaketak ez nahikoak izan dira. Aipatutako salbuespen mugatu horiek salbuespen, EAJk eta UPNk defendatzen duten zerga politika izan da nagusi. Honela, beste lurralde batzuekin alderatuta Hego Euskal Herrian aberastasun handia sortzen bada badago ere, aberastasun horren portzentaia txikiegia bideratzen da zerbitzu eta politika publikoetara.

Horrela, politika fiskalean ditugun eskumenen inguruko gogoeta ere egin du Arroyok. Gasteizko eta Madrileko gobernuen arteko Batzorde Mistoan erabakiak ahobetez hartu behar horrek Estatuaren beto eskubidea agerian uzten duela aipatu du LAB sindikatuko Koordinatzaile orokorrak. Beharrezkoak ditugun eskumenak aldarrikatzearekin batera, burujabetza fiskala justuagoa eta progresiboa izango den politikak garatzeko erabili behar direla salatu du, “EAJk ditugun eskumenak presio fiskala langileongan ezarri eta patronalari mesede egiteko darabil, Aberastasunen gaineko zerga ezartzeari uko egitean argi geratu den bezala”.

Arroyoren iritziz, zerga eta aurrekontu politika horren ondorioak nabarmen geratzen ari dira. Osasun sistema publikoan dauden gabeziak salatzen ari dira hala langileak nola erabiltzaileak, zerbitzu publikoetako langileak grebetara doaz, Mugimendu Feminista zaintza sistema publiko komunitarioa eratzea aldarrikatzen ari da, pentsiodunek 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea, gure energia azpiegiturak eta industria birmoldatu beharra dago… Euskal Herrian badago gaitasun ekonomikoa eta humanoa erronka horiei heltzeko, baina EAJren kudeaketa okerrak administrazio publikoen ekimen gaitasuna mugatu du. Premiazkoa da zerga erreforma sakon bat egitea, Hego Euskal Herria Europako lurralde aurreratuenekin parekatuz.

Zerga politikaren eztabaidari behingoz heldu behar zaiola iritzita, honako hauek dira LABetik defendatzen ditugun proposamen nagusiak:

  • Kapital errentei %1 eta %10 arteko errekargoa.
  • Elkarteen zergaren kenkariak ezabatu eta %35eko tipo nominala.
  • PFGZn kapitalaren errentei lan errenten trataera bera eman eta gehienezko tipoa %60ra igotzea.

6 sept 2023

Podcasta | Talaia 15


Talaia aldizkariaren 15. zenbakia publikatu ondoren, osatzeko podcasta ekoitzi dugu. Iratxe Delgado eta Endika Perezek gdatu dute saioa. Lehen zati batetan, aldizkariaren ingurukoak azaldu dizkigute. Bigarren zatian, berriz, Irati Sienra eta Maddi Isasirekin elkarrizketa batekin osatu dugu.

 

Podcastak entzuteko aplikazioetan ere eskuragarri duzue:


Lan harreman eta babes sozialeko esparru propiorantz urratsak emateko aukera baliatu beharra dago

 

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak agerraldia egin du gaur eta adierazi du negoziazio kolektiboan borrokak ugaritzearekin batera, lan eta bizi baldintzak duinak bermatzeko aldaketa politikoen alde egingo duela LABek.

Langileen egunerokoa bilakatu dira azken hilabeteetan eros ahalmenaren galera, elikagaien prezioen igoera, hipoteken garestitzea, zerbitzu publikoen ahultzea, zaintza krisia edota lan osasunerako eskubidearen urratzea.

Guzti hau, enpresa handien eta bankuen irabaziek gora egiten duten bitartean, aberastasunaren birbanaketarako politikarik gabe. Bizitzaren prekarizazio eta pobretze prozesu honi mugak jartzeko bermea langileen mobilizazio gaitasuna izaten ari da.

Aurtengo ikasturtean, langileen bizi baldintzak hobetzeko neurri zehatzak mahai gainean jartzea eta horien aldeko dinamikak piztea izango da gure egiteko nagusia.

Horretarako baldintza egokiak badirela uste dugu:

  • Langileen ahalduntze kolektibo bat ematen ari da, bereziki aipagarria sektore feminizatuetan. Azken bi kurtsoek argi erakutsi dute langileek sektorez sektore eta enpresaz enpresa aberastasunaren banaketa orekatuagoaren alde eta lan baldintza duinen alde borrokatzeko duten determinazioa. Aurtengo ikasturtean bultzada horrek segida izango du.
  • Mugimendu Feministarekin batera deituko dugun Greba Feminista Orokorra. Zaintza duinerako eskubidea, zaintza lanak banatu eta berrantolatzeko eta zaintzaileek beraien lana duintasunez egiteko duten eskubidearen aldeko Greba. Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa sortu behar dela eskatzeko Greba.
  • Lantokietako eta kaleko borrokaren bidez, aldaketa politikoak bultzatzeko dugun determinazioa eta testuinguru politikoak horretarako ematen dituen aukerak:
  • Batetik, Estatuan Gobernu berria osatuko bada, independentismoa erabakigarria izango da. Gure ustez, indar hau baliatu behar da, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren eraikuntzan urratsak emateko, Negoziazio Kolektiboaren estatalizazioari mugak jartzeko eta bertako negoziazio kolektiboa blindatzeko. Azken batean, euskal langileok gure lan eta bizi baldintzak estatuko injerentziarik gabe bertan erabakitzeko eskubidea errespetatzeko.

Nafarroan, Gobernu kontinuista eratu izana kritikatzen dugu, zerbitzu publikoak eta langileen bizi baldintzak hobetzeko anbizio gutxikoa.

  • Bestetik, EAEn Lehendakaritzarako hauteskundeak izango ditugu. Maiatzeko hauteskundeek argi utzi dute, langileoi politika publikoen diseinuan langileoi ahotsik ematen ez bazaigu ere, langileok, ahotsa ez ezik, bozka ere badugula. Patronalaren aldeko politikak egiten dituztenak zigortu eta langileon aldarrikapenak agenda politikoan kokatzen dituena indartzeko gaitasuna dugula.
  • Honela, ikasturtean bi erronka nagusi ditugu:

1. Lantoki eta sektoreetan borrokak piztea.

  • Langileria osora iritsiko den sindikalismo berria praktikara eramaten jarraituko dugu. Sindikalismo feminista azken urteetan egindako aurrerapenei eutsiz eta sindikalismo antirrazistan urrats berriak emanez.
  • Patronalaren aurrean indar korrelazio ahalik eta hoberenak lortzeko oztopoa da zatiketa sindikala. Gure ahalegina, zatiketa sindikalari aurre egiten jarriko dugu. Gutxieneko helburu batzuetan bat egiten dugunon artean intersindikal ahalik eta zabalenak osatuz. Bai gatazka horiei irismen sozial bat eman ere, bestelako eragile sozialekin, feminista, pentsionistak edota gazteak aliantzak sortuz.
  • Borrokatuko ditugun lehentasunezko edukiak:
    • Aberastasunaren banaketarako soldatak duintzea: eros ahalmena bermatuz, soldata arrakalari aurre eginez eta 1.400 euroko gutxieneko soldata ezarriz.
    • Zerbitzu publikoen defentsa eta garapena: osasungintza eta hezkuntzan.
    • Zaintzaren gaiari zentralitatea emango diogu. Zaintza Sistema Publiko Komunitarioaren defentsan, baina baita zaintza lanen berrantolaketara eta banaketa egokiago baterako gizonen inplikazio handiagoa ekarri behar duen erantzunkidetasun neurrietan arreta jarriz.
    • Lan osasunerako eskubidea errespetatzea eta prebentzio neurrietan arreta jartzea.
    • Lanaldi murrizketa. 30 orduko lanastea dugu helmuga. Lan guztien banaketarako, trantsizio ekosozialistari heltzeko edota digitalizazioaren erronkei aurre egiteko neurria delako.
    • Lan munduaren euskalduntzean aurrera urratsak ematea ere garrantzitsua izango da guretzat, are gehiago euskara jasaten ari den erasoak ikusita.

2. Ezker independentismoaren eremuko eragileen arteko agenda sozial partekatua.

  • Ekintza sindikal eta negoziazio kolektiboaren bidetik lortu ditzakegun edukiez gain, klase sindikatu independentista garen neurrian, LABek eraldaketa sozialaren alde borrokatzen du. Politika publikoetan aldaketak eragin nahi ditu, euskal esparrua eraiki, langileon lan eta bizi baldintzak bertan erabakitzeko ahalmena izan.
  • Honengatik, eraldaketa soziala eta burujabetza defendatzen dugun eragile sindikal, sozial eta politikoen artean, elkarlan eremuak jorratzearen alde egiten dugu.
    • Estatuan murrizketei ateak itxi eta eskubide sozialetan eta herri moduan ditugun eskubideetan, lurraldetasunean, erabaki ahalmenean aurrera pausuak lortzeko.
    • Bertako Gobernuetan eskumenen barruan politika publiko birbanatzaileak, langileen aldeko politikak bultzatzeko. Estatuetan posible ez diren aldaketak Euskal Herrian posible egin eta euskal esparrua egituratzeko ekarpena egiten dugu. Burujabetzan sakontzearen beharra azpimarratuz.
  • Agenda sozial partekatu bat izatea garrantzitsua deritzogu. Zer esan nahi dugu honekin, ba badirela hainbat gai amankomunean landu ditzakegunak:
    • Pentsio duinen alde eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeko.
    • Zerga erreformak bultzatu, zerbitzu publikoen garapenean edota Zaintzaren esparruan.
    • 1.400 euroko gutxieneko soldata. Hemen gogoratu EH Bilduk Eusko Legebiltzarrera eramandako proposamen baten ondotik, Parlamentuak Gobernuari 1.400 euroko gutxieneko soldataren aldeko jarrera proaktibo bat izan zezan eskatu ziola. Gobernuari dagokio patronala interpelatzea eta hauxe izango dugu bihar Idoia Mendiarekin jorratuko dugun gaietako bat.

16 mar 2023

Igor Arroyo: «La movilización es necesaria para conseguir mejoras en el convenio del metal de Gipuzkoa»

 

El coordinador general del sindicato LAB ha sido entrevistado hoy en Radio Euskadi. Ha abordado temas como la situación del sector sanitario y del sector público en general, así como las pensiones, la fiscalidad o la lucha en el sector del metal. Relacionado con esto último, ha sido preguntado por la dinámica de lucha que ha iniciado el sindicato para conseguir un mejor convenio en Gipuzkoa, tomando el relevo a los compañeros y compañeras de Bizkaia. Arroyo ha explicado que LAB apostará por la vía de las movilizaciones, ya que históricamente ha sido lo que ha permitido mejoras en convenios anteriores del sector en Gipuzkoa.

La entrevista completa puede escucharse en el siguiente enlace: https://www.eitb.eus/es/noticias/economia/detalle/9106316/lab-asegura-que-situacion-en-osakidetza-es-muy-preocupante-y-que-no-confia-en-gobierno-vasco/

13 mar 2023

Eskualdez eskualde Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren aldeko borrokan dihardu LABek

 


Gaurkoan Gipuzkoako eskualde guztietan hitzarmenaren defentsan kalera atera gara. Adegik emandako datuen arabera, 2022a urte ona izan da sektoreko enpresentzat. Salmentak %13,2 hazi dira eta industriaren hazkundea %4,6ko izan da, azken 14 urteetako balio altuenean kokatuz.

Negoziaketako hiru bileretara ADEGI esku hutsik etorri da: ez du KPIa bermatu nahi, lanaldi murrizketarik ez, aldi baterako desgaitasun osagarririk ez… laburbilduz, sektoreko langileentzat aurrera pausorik ez, eta hau gutxi balitz, malgutasuna handitzeko asmoz. Hau onartezina da, LABek asteak daramatza hitzarmen duinaren alde mobilizatzen eta horretan jarraituko dugu. Pauso bat aurrera emateko ordua da, langileok batu eta hitzarmena posible bihurtzeko. Zentzu honetan, hurrengo egunetan sindikatu guztiei dei egingo diegu elkartu eta denok batera borrokan hasteko.

9 mar 2023

ZERGATIK ENPLEGU POLITIKA?


 

28 feb 2023

Martxoaren 8rako irakurketa: “Pribatizazioa, zaintzako langileon miseria! Langile publikoak gara”

 

Zaintza krisiaren ondorioak geroz eta agerikoagoak dira, eta ikusarazten ari da sistemaren gabeziak eta hutsegiteak; sistema hau ez da gai bizitzak sustengatzeko inor zapaldu gabe. Zalantzarik gabe esan dezakegu zaintzen egungo antolaketa soziala jasangaitza dela.

Argi eta garbi ikusi dugu zaintza lanak behar-beharrezkoak direla bizitzeko. Halaber, ikusi dugu zein garrantzitsua den zaintza lanak ikusaraztea eta dagokien balioa ematea jendartean. Hala izanik ere, argi dago, zenbat eta agerikoagoak izan, orduan eta handiagoak direla zaintzak kudeatzeaz arduratzen direnek jartzen dituzten trabak eta oztopoak.

Pribatizazioa eta zaintzak negozio bihurtzea izan dira krisiari eman zaizkion erantzunak. Ez dago egoerari buelta emateko asmorik; entzungorrak dira zaintza eredua, kudeaketa eta zerbitzua aldatzeko eskatzen dugunok esaten eta aldarrikatzen dugunaren aurrean.

Bizitza kaltetzen eta erasotzen duen sistema batean bizi gara, baina, espero genezakeen gutxienekoa da boterean daudenek ez sustatzea prekaritatea empresa pribatuen eta kapitalaren maila berean; funtsean, ordea, ikusi dugu gauza bera egiten dutela: krisi honek sortutako desberdintasunak konpontzeari uko egin diote.

Instituzio publikoek, Nafarroan zein EAEn, kapitalismoaren logikan gobernatzen dute, eta ahalik eta etekin handienak lortzea dute helburu; ez herritarrentzat, euren lagunak diren enpresentzat baizik. Haien esku uzten dituzte zaintza zerbitzuak, eta, hala, pribatizatzen ari dira.

Adineko pertsonen egoitzen kasuan, bistakoa da PNV eta PSNren gobernuek familia ardatz duten politiken eta zaintza zerbitzuen pribatizazioaren alde egin duela. Esku pribatuetan utzi ditu zaintza zerbitzuak; besteak beste, adinekoen egoitzak, etxez etxeko laguntza zerbitzua, aniztasun funtzionalaren sektorea eta esku hartze soziala. Ondorioak larriak dira, bai zerbitzuari dagokionez (kalitatea, eredua…) baita pribatizatutako zerbitzu eta egoitzen erabiltzaile eta langileentzat ere (lan baldintzak, ratioak, lan zama…)

Horregatik guztiagatik eskatzen dugu egungo joerak geldiaraziko eta zaintzak demokratizatuko dituen zaintzarako euskal sistema publiko komunitario bat eraikitzeko adostasun sozialak bilatzea. Zaintza kapitalista eta patriarkalaren egungo erregimena eraldatzeko asmoz, mobilizazio prozesuarekin bat egiten dugu.

Pribatizatu dituzten zerbitzu publikoetan ardura zuzenak dituzten instituzio publikoei, berriz, eskatzen diegu desblokeatu ditzatela behingoz lan hitzarmen guztiak eta has daitezela sistema publikoari lapurtutako zerbitzuak berreskuratzeko publifikazio plana zehazten eta negoziatzen.

Emakumeok kalitatezko lan eta zerbitzu publikoak defendatzeko egiten ari garen borrokaren bidez, borroka sindikal feminista indartzen ari da. Borrokatzen jarraituko dugu, orain arte bezala, negoziazio kolektiboan, interpelazio politiko instituzionala egiten eta Mugimendu Feministarekin aliantzak eraikitzen.

Eskatzen dugu:

Debekatu dadila zaintza zerbitzuak pribatizatzea; lehentasunez, adineko pertsonen egoitzak eta etxez etxeko laguntza zerbitzuak.

> Adineko pertsonen egoitzen eta etxez etxeko zerbitzuen kudeaketa zuzena izan dadila, instituzioek euren gain hartuta, eta etxeko lanak erregulatu daitezela lan baldintzak ziurtatuko dituen hitzarmen kolektiboaren bidez.

Zerbitzu hauek kudeatzen dituzten enpresak kontrolatu daitezela eta derrigorrezkoa izan dadila hitzarmenak negoziatzea eta zuzenean kudeatzen diren zerbitzuetan dauden lan baldintzak parekatzen direla ziurtatzea, publifikaziorako bidea egin bitartean.

Zor patriarkala aitortzea eta ordaintzea zaintza lanetan aritu diren emakume guztiei, haiek egindako lana ordaindua edo ordaindu gabekoa izan.

> Egoera ez erregularrean dauden etxeko langile guztiak erregulatu daitezela.

LABen mobilizazioak herrialdeka:

ARABA. Gasteizen, 11:00etan Diputazioan

BIZKAIA. Bilbon, 10:30ean Udaletxetik Diputaziora

GIPUZKOA. Donostian, 11:30ean Bulebarretik

NAFARROA. Iruñea, 11:00etan Parlamentuan

26 feb 2023

Elkarretaratzea egin dugu Pinen laneko arriskuen aurkako neurri eraginkorrak eskatzeko

 

Bi lankidek izandako istripua gogor salatu dugu, eta enpresari exijitu diogu lan osasuna bermatzeko dagokion ardura bere gain har dezan.

Gogorarazi behar da bi behargin zauritu zirela Amurriko Tubos Reunidosen lanean zebiltzala, horietako bat oso larri. Elkartasuna adierazi diegu gaurko kontzentrazio

16 feb 2023

INDAR HITZARMEN DUIN BATEN ALDE !




 

8 feb 2023

Bizkaiko metalgintzan borrokaren bidez erdietsitako akordioa sinatzea #LortuDugu

 

Ekainean hasi eta 11 greba egun eta hainbat mobilizazio aurrera eraman ostean, Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza behartu genuen langileok, eta azkenik lortu dugu hobekuntzak biltzen dituen hitzarmena sinatzea, patronalak zituen asmoen kontra. Bada, lorpenari buruzko irakurketa plazaratzeko agerraldia egingo dugu bihar, larunbata. Dena den, borroka horrekiko jazarpena nabarmendu du LABek; izan ere, orain artekoez gainera, gaur bertan ere hainbat langilek jaso dute epaitegian deklaratzeko deia.

LABeko kideok hasieratik salatu izan dugu Eusko Jaurlaritza Bizkaiko metalgintzako gatazkan izaten ari zen jokabidea; izan ere, azkenaldian Ertzaintzak jarritako hainbat isun eta inputazio jaso ditugu borrokan aritutako langileok, eta badirudi oraindik ere ez direla eten horren ondorioak. Izan ere, gaur bertan hainbat beharginek zitazio gehiagoren berri jaso dute. Bada, horiek guztiak erretiratzeko exijitu diogu Segurtasun Sailari.

Iratxe Azkuek, LABeko ordezkariak, langile guztiak zoriondu ditu hitzarmena izenpetu ostean, eta gaurkoa posible egin duen borrokarekiko harrotasuna azpimarratu du.

Gai honen harira, LAB sindikatuak agerraldia egingo du bihar, garaipenaren inguruko bere irakurketa plazaratzeko asmoz.

24 ene 2023

Euskal Herrian lan osasunean atzera egiten ari garela salatu dugu

 

“Lan osasun eskubidea egunero urratzen da, argazkia gordina da”, adierazi du Garbiñe Aranburu  koordinatzaile orokorrak sindikatuak 2022ko lan istripuei buruz osatu duen txostena aurkezteko asmoz gaur goizean egindako agerraldian. Iaz 69 pertsona hil ziren lanean Euskal Herrian, eta laneko gaixotasunen ondoriozko heriotzak 276 inguru izan direla kalkulatu dute.

“Egoera honek langileok bizi dugun krisi ekosozialarekin eta bizi baldintzen prekarizazioarekin lotura zuzena du”, azaldu du Aranburuk. Bada, ezinbestekotzat jo du langileen ekarpena aintzat hartzea, lan istripuak zergatik gertatzen diren aztertzea eta laneko gaixotasunen arrazoietan arreta jartzea; izan ere, lan osasun galera horiek ekiditea lehentasuna izan beharko litzatekeela uste du, gaur-gaurkoz gertatzen ez dena: “Langileon bizitzak beraien irabaziek baino balio txikiagoa du enpresarientzat”. Hala, prekaritatea mugatu eta prebentzio arloan inbertsioak egitearen premia aipatu du LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak.

Gainera, 2022. urtean gertatutako istripu hilgarriak ekiditea “oso erraza” zela nabarmendu du Aranburuk:  “Arriskuen azterketa sakonik eta prebentzio plan mardulik gabe, oinarri-oinarrizko prebentzio neurri errazekin, erdia baino gehiago murriztu zitekeen hildako kopurua”.

Sektorerik hilgarrienak identifikatuta

LABeko Lan Osasuneko idazkariak, Inko Iriartek, iazko urteak utzitako datuak xehatu ditu  agerraldian. Bada, azpimarratu du proportzioan basogintza sektoreak marka guztiak hausten dituela.  Jardun hori sailkapenean bigarren den eraikuntza arloa baino “15 bider hilgarriagoa” da. Aipatutako azken sektore horren kasuan, eraikuntzarenean, 20 pertsona hil ziren lanean zebiltzala, gehien-gehienak altueratik erori izanaren ondorioz. Industriak, berriz, 22 hildako eragin ditu, eta kolpeak nahiz harrapaketak dira arrisku faktore nagusiak sektore horretan. Azkenik, laugarren postuan garraioa dago, zeinetan 9 behargin hil diren lan istripuz, horietatik 6 ez traumatikoak. “Honek laneko arrisku faktore hau azalarazten du, zeinetan estresak, lan eredu sedentarioak, lanaldi luzeek eta, finean, bizitza osasuntsua eramatea eragozten duten lanak ere hil egiten duten”, azaldu du Iriartek.

Sindikatuak darabiltzan zifrak datu ofizialek erakusten dituztenak baino handiagoak direla nabarmendu behar da; izan ere, LABek ez die sinesgarritasunik aitortzen, “mutualitateek ekoitzitako datu interesatuak” direlakoan.

Laneko gaixotasunei erreparatzeko beharra

Istripuez harago, dena den, sindikatuak azpimarratu nahi izan du prekaritateak gaixotu egiten duela, eta horrek ere heriotza izan lezakeela ondorio gisa. Beraz, ez traumatiko gisa izendatutako heriotzen arrazoiak ikertu beharko liratekeela uste du. “Prekaritateak, soldata baxuek, lanaldi luzeek, laneko presek, estresak…. bizitza osasuntsua eramatea eragozten dute, eta honek lotura zuzena du lantokien barruan edo lantokitik kanpo gertatzen diren lanari loturiko hainbat heriotzekin”, azaldu du Garbiñe Aranburuk. In itinere kasuetan ere, “mugikortasun beharrak” edota “lanaldi luzeek sorturiko nekeak” duten zerikusia aztertu behar dela iritzi dio.

Sindikatuak ezin izan du laneko gaixotasunen eraginaren gaineko azterketa zehatzik egin, askotan eskatu badute ere, ez baitako halakoen erregistrorik. “Errealitatea ezkutatzeko asmo argia” ikusten du horren atzean Aranburuk, eta salatu du lantegiek ez dutela langile horiekiko ardurarik hartzen, ezta prebentzioa jorratzen ere.

Prebentzioan sexu-genero aldagaia aintzat ez hartzea ere gaitzesgarritzat jo du sindikatuak: “Sektore feminizitatuetako laneko gaixotasunak, zeregin errepikakorrekin lotuak, sistema muskulo eskeletikoari eragiten diotenak eta zaintza bezalako eremuetan ari diren emakume* langileen arrisku psikosozialak ez dira kontuan hartzen”. Bestalde, zaintza arduren zama nagusia oraindik ere nagusiki emakumeen gain jartzen denez, “lanaldi bikoitz” horiek osasunean duten eragina ere aipatu dute aurkezpenean. “Lan batzuek hil egiten dute eta beste batzuek ez digute duin bizitzen uzten”, adierazi du Aranburuk.

Patronalaren eta instituzioen erantzukizuna

LAB sindikatuaren ustez, patronala “legalki zigorgabe” sentitzeak ahalbidetzen du egungo egoera, baita instituzioen “utzikeriak” ere, azken hauek ez baitute dagokien ardura bereganatzen: “Ez dago Lan Ikuskari nahikorik, ez dago inolako neurririk zigortuak izan diren enpresekiko, ez dute patronala interpelatzen prebentzio neurriak har ditzan eskatuz”.

Horren erakusletzat daukate mutualitateek jokatzen duten rola. Azken boladan, osasun sistema pribatizatzearekin batera, geroz eta eskumen gehiago eman zaizkiela salatu du sindikatuak. “Mutualitateen egitekoa ez da enpresei prebentzioan laguntzea, enpresei kostuak murriztea baizik”, adierazi du Garbiñe Aranburuk, gaineratu duelarik, besteak beste, bajak kontrolatzen eta laneko istripuak eta gaixotasunak ezkutatzen jardun ohi dutela.

Sindikatuaren lan ildoak

Hori guztia ikusita, aurkezpenean berretsi dute LABek bere azken Biltzar Nagusian erabakitakoen ildotik tiraka jarraituko duela lanean sindikatuak. Hala, prekaritatea borrokatu eta heriotzak nahiz gaixotasunak aztertzeaz batera, neurri eraginkorrak eskatzeko ekintza sindikala areagotzeko asmoa adierazi dute. Horrez gain, lan osasunari lotutako problematikak ikusarazi eta salatzen jarraituko dute eta, aipatu bezala, mutualitateen hedapenaren aurkako eta osasun sistema publikoaren aldeko borrokan ere bai. Azkenik, insituzioak interpelatuko dituztela jakitera eman dute; asmo horren baitan,  Osalanera zein Nafarroako Osasun Publikoaren Institutura prebentzio plan eraginkorrak eskatzeko proposamenak eramango dituzte.

19 ene 2023

Talaia 14. Enegia, krisitik aukera berrien garaira

 

Talaiaren 14. zenbakia kaleratu dugu. LAB sindikatuko ekintza sozialak eta Ipar Hegoa fundazioak elkarlanean egindako aldizkaria berrikuntzekin dator gainera.

Berrikuntzak azalean, itxuraz pixka batmoldatu bait dugu aldizkaria, eta berrikuntzak mamian ere, atal monografikoaz gain ekintza sindikaleko komunitateari tarte bat egiten bait diogu aldizkari eraberrituan.

Alde batetik, eta orain arteko ereduarekin jarraituz, Dossierra deitu diogun atal monografikoa dugu, zenbaki honetan energiaren gaia landu asmo duena, langileen bizi baldintzetan izugarrizko eragina izaten ari den problematika, hain zuzen ere. Energia krisiak ardaztu ditu azken hilabeteak eta aurrera begira ere berdin izaten jarraituko du.

Beti bezala, gaia ikuspegi ezberdinetatik aztertu nahi izan dugu, dituen dimentsioa ezberdinak jasotzeko asmoarekin. Hasteko, Juan Bordera elkarrizketatu dugu Ukrainako gerrak krisi energetikoan suposatu duen azelerazioaz hitz egiteko. Ondoren, Alicia Valero trantsizio energetikorako ezinbestekoak diren mineralen gabeziaz eta horien kudeaketarako proposamen zehatzez aritu zaigu. Isidro Esnaolak, aldiz, energia krisiak ekonomikoki dituen eraginez gogoetatu du. Jarraian, Juango Álvarezek lanaren eraldaketa ekosozialaren inguruko hausnarketa luzatu digu, Nissan Zona Francako kasua adibide hartuta. Eta, bukatzeko, Oihana Lopetegik LABek trantsizio energetikoari begira duen posizioa garatu du artikulu batean.


Ohiko atal monografiko horrez gain, beste zenbait gai ere landu nahi ditugu hemendik aurrera. Hasteko eta behin, momentuko egoera politiko-sindikalaren irakurketa egin eta ditugun erronkez hausnartzeko tartea hartu nahi dugu. Bestalde, LABen programa sozioekonomikoaren atal ezberdinetan sakontzeko asmoa ere badugu. Oraingo honetan trantsizio batzordeen proposamenarekin hasi gara. Eta, amaitzeko, gomendioen atal berri bat osatu dugu. Bertan, Jule Goikoetxea eta Albert Nogueraren Estallidos liburua erreseinatu dute Irati Sienra eta Ander Bilbaok.