HERRIALDEKO HITZAMENAren DEFENTSA

Metalgintzako hitzarmena defenda dezagun.

EUSKAL PRESOAK KALERA!

Euskal presoak lantokietara!.

PENTSIO PUBLIKO DUINAK

Euskal pentsio sistema publikoa orain. 1080 euro gutxieneko pentsioa.

LAN DUINA BIZI DUINA

Lan eta bizitza duinabermatuko digun hiri duin batean biziteko eskubideadugu.Langileok eskubide guztien jabe!.

LANGILEOK EUSKAL ERREPUBLIKA

Herriak du hitza eta erabakia.

11 abr 2018

“Elkarlana beharrezkoa da, bai LABentzat, bai ELArentzat, baina batez ere euskal langileentzat”

Igor Arroyo, LABeko Idazkari Nagusi ondokoaIgor Arroyo, LABeko Idazkari Nagusi ondokoa

“Elkarlana beharrezkoa da, bai LABentzat, bai ELArentzat, baina batez ere euskal langileentzat”

Irakaskuntzan, unibertsitatez kanpoko irakasleen kolektiboak zazpigarren greba eguna bete du. Nola doaz mobilizazioak eta zertan dira negoziazioak?

Azken bi greba egunetan %70 inguruko jarraipena izan da irakasleen eremuan. Garbi dago irakasleriak hezkuntzaren kalitatearekin zerikusia duten neurrien zehaztapena eskatzen duela. Urtarrilaren amaieratik ez da mahai negoziatzailerik egon; gai batzuetan aurrera pausuak egon arren, Eusko Jaurlaritzak ez die behar bezalako erantzunik eman funtsezko eskakizun batzuei, hala nola, ratioen hobekuntza, baliabide gehigarriak eta ordezkapenak lehen egunetik bermatzea eremu guztietan. Mugimendurik egin ezean, gatazkak jarraitu egingo du.
Eremu batzutan, sukalde eta garbiketan nahiz haurreskoletan, akordioak posible izan dira.Abenduaren 12ko greba egun arrakastatsuaren ondoren, urteetan blokeatuta egon diren hezkuntzako eremu laboraletan negoziazioa berpiztea lortu genuen. Kolektibo bakoitzak bere arazo eta aldarrikapen propioak ditu, baina oro har esan dezakegu historikoak ziren gabezia batzuei aurre egitea lortu dugula.

Sukalde eta garbitzaileen kasuan, ratioak nabarmenki hobetu dira eta lanpostu berriak sortu dira; Haurreskoletan, bestalde, ordezkapenak lehen egunetik baldintzarik gabe beteko dira; eta bi kolektiboetan langileen egonkortasunerako deialdi publikoak adostu dira.

Azkenik, guretzat garrantzia handikoa da oraindik sinatu ez den Heziketa Berezian lortu dugun akordioa. Kolektibo honek azken 20 urteetan pairatzen dituen lan baldintza gogorrak nabarmenki hobetu daitezke, mahai gainean dagoen akordioarekin. Funtzioen definizioa, ratioen hobekuntza eta 260 lanposturentzat deialdi publikoa jasotzen dira besteak beste. Momentuz ez dugu guri gustatuko litzaigukeen gehiengorik lortu; akordioa begi onez ikusten duen Steilas sindikatuaren erabakiaren zain gaude momentu honetan.
Irakaskuntzako gatazka aitzakia hartuta LABen kontra jo du ELAk. Nola ulertzen da hori?Elkarlana une zailetan dago. Eta bistan denez ELAk erabaki du iritzi publikora ateratzea; horretarako behar zuen errelatoa eraikitzen eman ditu azken hilabeteak. Tesia hauxe litzateke: LAB ez dago grebak egiteko prest eta ekintza erreibindikatiborik ezean ez dago ekintza estrategikorik. Irakaskuntza sektorean ditugun desadostasunak erabili ditu adibide gisa. ELArentzat LABek Haurreskolak Patzuergoan, heziketa berezian eta sukalde nahiz garbitzaileen kolektiboetan greba deialdia bertan behera uzteak adierazten du LABek ez duela grebak egiteko borondaterik eta, beraz, horrela ez da posible elkarlana egitea. Tesi horrek ez du ez buru ez buztanik.

Hasteko, irakaskuntza eremuari dagokionez, grebak izan dira akordioak lortzeko aukera ireki dutenak; grebarik egin gabe, ez genituzke lortu ditugun lorpen historikoak eskuratu izango. Gainera, sektorearen %84a suposatzen duen irakasle kolektiboan greba deialdiari eutsi diogu. Zergatik? Orain arteko grebak ez direlako nahikoak izan gure gutxieneko helburuak lortzeko.

Irakaskuntzatik harago fokoa apur bat zabalduz gero, ELAren errelatoa are eta zentzugabeagoa da. Pentsa: Txikik artikulua argitaratu zuen egunean bertan, Alfako langileek (LAB 3, ELA 2) 100 egun bete zituzten greban. Atzera begira, gogoan ditut Nafarroako bozeramaile izan naizen garaiko kasuak non ELAk erabaki zuen greba bertan behera uztea LABen iritziaren kontra, esaterako, Faurecia, Funvera edota Iruñeko hiri garraioa. Hurbilago etorrita, gu izan gara tematu garenak Nafarroako azpikontrata publiko guztietan grebaren aukera mahai gainean jartzen, baldin eta kontratu publikoen legean subrogazioa eta klausula sozialak txertatuko ez balira. EAEri dagokionez, aipatu nezake Euskotren, non ELAk grebaren kontrako jarrera aktiboa izan zuen; edota Bilboko OTA, non greba deialdia bertan behera utzi zuen langile batzarrean adostutako gutxieneko helburuak lortu gabe.

Baina nora eramaten gaitu sindikatu borrokalariena zein den erakusteko lehiak? Gure ustez, inora ere ez. Zintzoak izan gaitezen: LABek naiz ELAk greban konbokatu eta deskonbokatu egiten ditugu unean une borroka prozesu bakoitzaren garapenaz egiten dugun balorazioaren arabera.

Gure ikuspegik, borrokarako estrategia sindikal komun bat eraikitzen jarri beharko genituzke indarrak, grebak eta greben lorpenak elkarrekin kudeatzeko. Horren ordez, ematen du ELAk bere greba ulertzeko modua eta bere erresistentzia kutxa jarri nahi dituela erdigunean.

Guk grebaren aldeko apustu argia egiten dugu, hitzez eta ekintzez. Greba eraginkorrak eta aktiboak egitea defendatzen dugu, helburuak ongi finkatuz eta kasuan kasuko diseinu egokiena eginez, langileei ahalik eta kostu txikiena sortu eta patronalarik ahalik eta presiorik handiena eragiteko. Baditugu grebak sustatzeko gure estrategia (langileen ahalduntzerako ekintza sindikal berritua) eta gure tresnak, besteak beste Borroka Kutxa sendo bat. Baina esan bezala, elkarlanak eskatzen du diseinu komun bat egitea, ez batak bestearena bere egitea.
Ze puntutan dago ELA eta LABen arteko elkarlana?Urte eta erdi daramagu bi sindikatuok elkarlanean sakontzen. Azaroan gu nahiko baikorrak ginen, argi ikusten genuen bi sindikatuok ahalegin handia egiten ari ginela norberaren posiziotik elkarlanerako urratsa emateko.

Ekintza sindikalari dagokionez, zerbitzu publikoetan grebak sustatzen ari ginen hainbat eremuetan, bereziki EAEn; zerbitzu pribatuetan ere zenbait sektoretan grebetara jotzeko aukera ikusten genuen; eta Industriarako akordio orokor bat jorratzen ari ginen, sektoreko hitzarmenen blokeoa salatu eta enpresaz enpresa hitzarmenak lortzeko borrokak pizteari begira.

Ekintza soziopolitikoari dagokionez, berriz, irailean bi sindikatuok plazaratutako adierazpenak aldaketa sozial eta politikorako burujabetza prozesuan eragiteko potentziala zeukan; elkarrekin aritu ginen, gainera, Kataluniaren aurkako errepresioaren salaketan, EAEko autogobernu ponentzian nahiz Hego Euskal Herriko instituzioek egindako aurrekontuen kritikan. Guk nahi baino motelago ari ginen baina ulertzen genuen ekintza sindikaleko elkarlanean sakontzeak eragin positiboa izango zuela oro har eta, zehazki, ekintza soziopolitikoan.

Alabaina, azarotik aurrera jarrera aldaketa bat antzeman genuen ELAren aldetik. Ekintza sindikalari dagokionez, ELAk elkarlan baterako oinarrizko joko-arauak apurtu zituen, bai Gipuzkoako zabor bilketan baita kolektibitate nagusietako bat den Eurest enpresan. Kasu bietan, ELAk bere kudeaketa propioa egitea lehenetsi zuen elkarlanaren gainetik, elkarren arteko konfiantza urratuz. Euresten kasuan, gainera, estatalizazioaren aurkako borroka ahulduko lukeen akordioa ontzat jo zuen: bertako hitzarmena aplikatzea adostu zuen enpresarekin, baina soilik Bizkaiko langileentzat eta soilik lanean ari direnentzat (ez kontratazio berrientzat) eta gainera klausula onartezin batekin: epaitegiek estatu hitzarmenak lehentasuna duela ebatziz gero, Euresten hitzarmen estatala aplikatuko litzateke.

Bestalde, industrian kezkaz hartu genuen zenbait enpresetan ELAk lanpostuen defentsa erlatibizatu izana; esaterako, Gamesa-Siemensen negoziazio mahaitik bota gintuzten, lanpostuen murrizketa onartzen ez genuelako. Adibide hauek guztiek adierazi ziguten bazirela oinarrizko bi korapilo askatu behar genituenak: elkarlanerako joko-arauak eta estrategia sindikala.

Ekintza soziopolitikoari dagokionez, emandako urratsetan atzera egiteko tentaldia somatu genuen ELArengan. Lantokietan nahiz kalean LAB eta ELAren arteko dinamika sendo bat sustatu eta ezker politikoarekin agenda sozial konpartitu bat egituratzeko erronkari heldu ordez, inmobilismoa eta etsipena elikatzen duten gogoetara bueltatu zen ELA: ez dago ezker politikorik, ez dago benetako oposiziorik, ez dago herri prozesu bat sustatzeko baldintzarik, eta abar.
Non daude ELArekiko desadostasun handienak ekintza sindikalean? Lehenik eta behin, estrategia sindikal desberdinak ditugu. Sindikatu biok saiatzen ari gara lan erreformak eta prekarizazio prozesuak ezarritako jokaleku berrian sindikalgintza ahalduntzen, baina formula desberdinekin.

Guk sindikalgintza birpentsatzeko prozesu oso bat antolatu dugu eta zenbait erabaki hartu ditugu: patronalarekiko konfrontazio fase bat irekitzea; negoziazio kolektiboaren jokalekua gaindituko duen ekintza sindikal iraunkorra sustatzea; edota klase subjektua berrosatze bidean, langile sektore ezberdinei antolakuntza eta borrokarako eskaintza egitea. ELAk ere egin du bere gogoeta propioa. Zenbait gaitan hurbilpen garrantzitsuak izan ditugu, esaterako negoziazio eremuei dagokionez: biok ikusten dugu sektore hitzarmenak beharrezkoak direla eta biok ikusten dugu, arrazoietan ñabardurak baditugu ere, enpresako hitzarmenen aldeko borrokak piztu behar ditugula.

Baina, bestalde, kezkatuta gaude edukiak “lekuan leku” erlatibizatzeko ELAk duen joerarekin; jakina lekuan leku egokitu beharko dela, baina estrategia sindikal koherente bat garatzea funtsezkoa da guretzat. ELAk ez du beharrik ikusi eztabaida horretan sakontzeko, argudiatuz hobe dela aukerak zeuden eremuetan borroka diseinuak adostea. Baina justuki arazoa da estrategia sindikal desberdinak izateak talkak eragin dituela eremu horietako zenbaitetan, gure arteko elkarlana blokeatuz.
Eta eremu politikoan?ELAk ez du iraileko adierazpena praktikan garatzeko baldintzarik ikusten, alderdi politikoen artean balizko herri akordioen inguruan sortutako espektatibak kaltegarritzat jotzen dituelako. Guk ere izan badugu eremu politikoan egiten diren interpelazio, eskaintza edota proposamen ezberdinen inguruko gure iritzi propioa. Baina iruditzen zaigu hori ezin dela izan LAB eta ELAren arteko karrila ez aktibatzeko aitzakia. Aitzitik, eztabaida politikoan ikuspegi sozialak indarra hartzea nahi badugu, politika neoliberalen deslegitimazioan eragin nahi badugu, karril hori aktibatzea da egin dezakegun onena.

Hitzetarako baino ekintzetarako uneak dira gure ustez. Martxoaren 8ko greba ikusgarriak edota pentsiodunen mobilizazioek erakusten dute posible dela eremu sozialetik agenda politikoan eragitea. Antola dezagun lan harremanetarako euskal esparruaren aldeko mobilizazio erraldoiak, murgildu gaitezen elkarrekin pentsio sistema propio baten aldeko borrokan, indartu dezagun organizatiboki nahiz politikoki Karta Soziala.
LABek iragarri zuen kurtso hasieran lan munduan borrokak pizteko ikasturtea izango zela aurtengoa eta horretan ari gara. Kurtso honetan, Kongresuan hartutako erabakiak garatzen hasi gara. Ekintza soziosindikalari dagokionez, orain arte sindikalismoa urruti ikusi duten sektore prekarizatuetara iristeko ari gara lanean. Zentzu honetan, ekimen ibiltari bat egin dugu ia bi hilabetez, Euskal Herriko herri eta auzoetatik barrena. “Ostiral duinak” ekimena antolatzen ari gara, prekarietatearen aurkako ekimena, zenbait herritan. Antolakuntza esperientzia desberdinetatik ikasten ari gara, kale saltzaile eta sexu langileekin batera, tailer sindikalen bitartez. Marxoaren 8ko greba feministan dena eman genuen, eta ekarpen handia egiten ari gara pentsionisten uholdeari.

Bestalde, gure ekintza sindikala berritzen ari gara. Gutxieneko eduki batzuk ezarri ditugu (marra gorriak) esparru guztietarako, eta prekarietatearekin amaitzeko proposamen, neurri eta borroka dinamika sorta zabala osatu dugu. Zentzu honetan, Ekintza Sindikaleko Gida berritzaile bat argitaratu dugu, sektore eta enpresetan borroka mapa bat osatzeko erreferentzia gisa.

Ez da erraza, baina emaitzak ikusi ditugu jada: Carrefour Oiartzun, Stapples, Artiach, La Misericordia, Oreretako Udaleko garbiketa, TRADISA, Transportes PESA, Bellas Artes Museoa, Donostiako Euskotren, CEMOSA, JASO, CAF, Gamesa Asteasu, Prodema, Smarcmec, Plastibor, Rothenberger, Sin Fronteras...

Sektore mailan, akordio onak lortu ditugu, EAEko hezkuntza publikoko kolektibo laboraletan ez ezik, Bizkaiko Elikagaigintza eta Garbiketa eta Gipuzkoako Bide Grabiketa eta Ehunaren Merkataritzako hitzarmenetan eta ikus-entzunezko eta osatalaritzako EAEko akordio markoetan ere.

Ipar Euskal Herrian, alarma sistema bat egituratu dugu enpresetan sektoreko lan baldintzak baino okerragoak ez ezartzeko, Macron Legea indargabetuz, PPren lan erreformaren antzekoa dena.

Sindikatu bezala, sasoi onean gaude, barne kohesio handiarekin, estrategia sindikal berrituarekin eta, gainera, emaitza historikoekin hauteskunde sindikaletan. Hala ere, guretzat sindikatua ez da helburua, tresna bat baizik. Eta langileek pairatzen duten egoera kontutan hartuta, autokonplazientziatik urrundu behar dugu. Patronalarekiko indar korrelazioa hobetzea da helburua, eta, horretarako, sindikatuen arteko aliantzan sakontzea beharrezkoa da.
Egoera politiko eta sozialak eskatzen du indarrak batzeaZalantzarik gabe. Inboluzio bikoitza bizi dugu. Batetik, IBEX-35aren aginduei jarraiki, inboluzio soziala inposatu digu PP, PSOE eta Ciudadanosek osatzen duten tri-partidismo berrituak. Banketxeak diru publikoz erreskatatu ondoren, Espainiako Konstituzioan zorraren ordainketari lehentasuna ematen dion 135. artikulua txertatu zuten. Gastu mugaren eta zerbitzu publikoetarako inposatutako arauen bidez politika publikoak erabat mugatu dituzte eta pentsio publikoak eraisteko bidean ari dira. Lan munduan, lan erreformak hauspotutako Patronala prekarizazio prozesua sustatzen ari da.

Bestetik, inboluzio politikoan ere urrats berriak ezagutu ditugu. Mozal legea eskutan, Auzitegi Nazionala disidentziaren kontrako zigor onartezinak ezartzen ari da eta Auzitegi Konstituzionalak Hego Euskal Herriko nahiz beste lurraldeetako legebiltzarrek onartutako legeak ezabatzen ari da, esaterako, EAEn 35 orduen legea eta Nafarroan doako osasun unibertsala arautzen duen legea, laguntza farmazeutikoari dagokiona edota etxebizitza eskubidearen ingurukoa. LOAPA berri bat ezartzen ari da tripartidismoa, bere zerbitzura dagoen sistema judizialaren bidez. Eta 155. artikuluak jauzi berri bat suposatu du bide horretan. Horrekin guztiarekin jo puntuan dituzte herritarron eskubideak (egoerarik larrienean direnak gehien kaltetuz, gainera); autogobernua eta erabakitzeko ahalmena; eta demokrazia bera.

Inboluzio bikoitzaren aurrean, erronka bikoitza dugu euskal langileok. Herri ikuspegitik, maila politiko, sozial, ekonomiko nahiz kulturalean erabakiak hartu ahal izateko ahalmen osoa eskuratzea da erronka. Klase nahiz feminismoaren ikuspegitik, ahalmen hori bizitza erdigunean kokatuko duen eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzeko erabiltzea da erronka. Lan oro banatzeko, aberastasuna banatzeko, justizia soziala nahiz parekidetasuna bermatzeko, nahi dugu burujabetza.

Erronka bikoitz horretan eragin behar du euskal sindikalgintzak, 2017ko irailean LAB eta ELAk egindako adierazpenaren ildotik. Lantokietako eguneroko ekintza sindikaletik hasi eta kale mailako mobilizazio sozialetara, aldaketa sozial eta politikorako prozesua hauspotzeko eragile izan behar du euskal sindikalgintzak.
Elkarlanari eusteko aukera ikusten duzu?Orain elkarlana krisian dagoela esan daiteke eta ez dakit zenbat denbora beharko dugun krisia gainditzeko. Gainditu, gainditu egin beharko dugu goiz ala beranduago. Azken batean, elkarlana beharrezkoa da, bai LABentzat, bai ELArentzat baina batez ere euskal langileentzat. Jendeak ez luke ulertuko halako egoeran indarrak ez batzea.

Bi sindikatuok gogor egin beharko dugu lan korapilo ezberdinak askatzeko: elkarlanerako joko-arauak, estrategia sindikal komuna, erresistentzia nahiz borroka kutxen kudeaketa, prozesu politikoan sindikalgintzak izan beharreko funtzioa, ezker esparruaren agenda sozial konpartitua. Presarik gabe baina denbora galdu gabe heldu beharko genioke horri guztiari. LAB prest dago horretarako.

14 mar 2018

Alternatiben Herria 2017 IRUÑEA

Alternatiben  Herria

El Pueblo de las Alternativas
Bizitza burujabea eskubide osoz ¡Desconectémonos del Capitalismo!
2013. urtean Parisko COP21 klimaren inguruko goi-bileraren harira 10, 100 edo 1.000 Alternatiben Herri eraikitzeko deialdia luzatu zen. Baionakoa izan zen horietako bat, eta Bilbokoak txanda hartu zion bi urte beranduago, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren eskutik. Egun batez erakusketek, hitzaldiek, tailerrek, eta batzarrek Kapitalismoari eredu alternatiboa eraikitzea posiblea eta desiragarria dela erakutsi zuten, martxan dauden hainbat eta hainbat proiektu eta borroka ezagutuz.
Gure bizitza eta natura arriskuan daudela ohartarazi genuen: desberdintasunak gero eta handiagoak dira, kapitalak aberastasuna bereganatzen du, aldaketa klimatikoa, eskubide sozialen galera, bazterkeria soziala gero eta larriagoa, baliabide naturalen xahutzea, pribatizazioak, patriarkatuaren indartzea, antolatzea eta erabakitzea eragoztea, produkzio eta kontsumo eredu jasanezinak…
Urte batzuk pasa dira, eta Neoliberalismoaren propagandak “errekuperazioa” du hizpide, herrien eta biosferaren egoera gero eta okerragoa denean, eta prekarietatea gero eta gehiago zabaltzen ari denean. Errefuxatuen aurkako Apartheidak argi erakusten du sistemaren perbertsioa: pertsonen eskubideak jaiotzen diren tokiaren araberakoak dira, edo dauzkaten ondasunen araberakoak. Europara beste kontinenteetako errekurtsoak ekartzen diren bitartean, pertsonei mugak ezartzen zaizkie. Aberastasun handienak gero eta handiagoak dira. Desertifikazioa, aldaketa klimatikoa eta baliabideen agortzea gero eta larriagoak dira Kapitalismo bortitz honetan.
Hala eta guztiz ere, urte hauetan zehar alternatibak zabaldu eta sendotu dira. Hamaika kontsumo talde eta ekonomia aldatzeko proiektu daude martxan. Milaka pertsonek parte hartzen dute borroka sozialean, sindikalean, ekologistan, LGTBIQ+, denok izan dezagun bizitza duina.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren deialdiaren harira, manifestu honen sinatzaileok eragile eta pertsona guztiak deitzen ditugu Iruñeko Alternatiben Herrian parte hartzea. 2018ko ekainaren 2an izango da. Aldarrikapen eta festa eguna izango da, proposamen ugariren erakuslea, handiak nahiz txikiak, egunerokoan betetzen gaituztenak. Ekimena bera bezain garrantzitsua da antolatzeko modua. Auzolanean egitea proposatzen dugu, parte hartu, eztabaidatu eta elkarrekin eragin nahi duten eragile eta pertsona guztien artean.
Alternatibak badaudela eta martxan daudela erakutsi nahi dugu, sistema dela aldatu beharrekoa. Horregatik beste gizarte eredu bat aldarrikatzen dugu, erdian pertsonak jarriz. Ongi bizitzeko, pertsonen eta herrien beharrak asetzeko, geure burua zaintzeko eta Lurra zaintzeko, dominazio eta injustiziarekin bukatzeko.
Ekimen honen helburu nagusiak hauek dira:
  • Martxan dauden alternatibak hedatzea eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzeko
  • Mobilizazioaren eta gizartea aktibatzearen beharra azpimarratu, trantsizio soziala eta ekologikoa gauzatzeko
  • Sareak sortu eta aliantzak egin eta indartzea Alternatiben Herria ospatu eta gero elkarrekin lanean jarraitzeko

Arragoa

Hizkuntz, hezkuntza eta kultur ondarea
Kultura, hizkuntza, hezkuntza eta herri izaeran egingo dute indarra. Euskararen ofizialtasun eskubidearen alde eginez eta kultur ondarea plazaratuz. Diskurtso eraikitzailearen erabilera egingo da eta alternatiba, alternatiba sozialaren bidetik jorratuko da. Honetarako jendearen parte hartze aktiboa plazaratuko da proiektu ezberdinak erakutsiz: euskara sustatzen ari diren enpresen esperientziak, ikasle euskaldun aniztunak, eskola jantoki autogestionatuak, euskara ikastaroa, euskara planak, Iruñeako dendari euskaldunak, Iruñeako artista euskaldunak, alternatiba euskaraz bizi, ipuin kontalariak…

AuzoEKOnomia

Pertsonak ardatz eta helburu dituzten alternatiba ekonomikoak bultzatuko ditu. Bertan parte hartzen duten eragile desberdinek, eskubide sozialak bermatuko duen eredu baten alde lan egingo dute. Premia handiz, praktika demokratikoak ekonomia alorrera eraman behar direlako.
Ekonomia ikuspuntu ezberdinetatik landuko da. Ekonomia feminista, jasangarritasunaren eta burujabetzaren ekonomia, gazteak, jubilatuak eta giza talde desberdinen ekonomia ereduak… ahalik eta ikuspuntu zabalena izateko. Zentzu berean, ekonomia sektore ezberdinak landuko dira, elikadura, eraikuntza, industria, zerbitzuak etab. Eta beti, hornidura laburreko ekoizpen kateak bultzatuko dira.

Bizi anitza eta duinak

Bizi esperientzia guztiak erakusteko beharrak eta margenetan bizi diren bizitzak barneratu eta zaintzeko beharrak bultzatuko dugu. Aniztasunak bizi ematen digula eta biziak anitzak behar ditugula ulertuta, denak disidente eta anitzak garela onartuta, gorroto eta diskriminazioarik gabeko bizikidetzak bilatuko ditugu. Merkatuen kontra lan egin behar da, eskubide sozialak defendatuz.
Horretarako askotariko zapalkuntza eta biolentzien elkar-eraginak ulertu nahi ditugu ikuspegi intersekzional batetik: arrazismoa, matxismoa, kapitalismoa, helduen boterea, lodifobia, LGTBfobia, aniztasun funtzionalaren aurkako diskriminazioa… Honen aurrean alternativa indibidual zein kolektiboak eraikitzen ari diren identitate, gorputz eta proiektuak ezagutu nahi ditugu eta hauen arteko zubiak eraiki.

Burujabetza

Parte hartzea, demokrazia, burujabetza
Estatu bat pertsonek sortzen duten heinean eta justizia eta errespetua, askatasunaren oinarri diren heinean, pertsonak erdigunean jartzen dituen gizarte justuago baten aldeko gizartearen eraldaketa proposatzen dugu. Sistema honek dakarren pertsonen, kolektiboen eta herrien boteregabetzearen aurrean, autu burujabeen bidez bizitza sortzea eta birsortzea bultzatu nahi da. Eskubide demokratikoak eta sozialak lortzeko bideak ireki eta ondoren eraldaketa bideratzeko prozesuak landu eta eztabaidak plazaratu nahi dira.

Herriak eta lurra

Lurraren sostengarritasuna eta herrien bizirautea bultzatzen duten talde anitzek osatzen dute. Alternatiba zaharrak orainera ekarri, berriak sortu eta guztiak erakusgarri egingo dituzte Alternatiben Herrian. Elikadura burujabetza eta elikadura eredu sustengarriagoak bultzatzea proposatuko da. Eredu energetiko bideragarri eta burujabeak landuko dira. Makroproiektuen aurrean alternatiba txikiagoak eta errentagarriagoak eztabaidatuko dira. Beste gaiak ere jorratuko dira: mugikortasuna, gizartearen hondakinen kudeaketa, kontsumoa eta aldaketa klimatikoaren afera besteak beste.






Adegiren aurrean mobilizatu gara, Gipuzkoa "lan baldintzarik gabeko lurralde" bilakatu nahi duela salatzeko



Aste honetan egingo ditugun mobilizazio sortari ekin diogu gaur Donostian, Miramongo teknologia parkean, hitzarmenak eguneratzeko eta industriako langileen lan baldintzak hobetzeko eskatzeko. Gipuzkoako enpresen elkarte Adegiren egoitzatik abiatu dugu manifestazioa, eta prekarietatearen aurkako oihuak izan dira nagusi. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Industriako Federazioko kide Jonan Goñik ohartarazitakoaren arabera, "Adegik lan baldintzarik gabeko lurralde bilakatu nahi du Gipuzkoa".

Egun historiko bat, garai berri baterako



Erdiak geratuta, guztia geratzen ari da. Gaurkoa ez da ohiko greba bat. Greba feminista da, mundu mailako deialdia, gurean, Euskal Herrian ere erabat busti gaituena, busti gara, mugimendu feministaren deiari erantzunez eta euskal sindikatuon bulkadaz. Euskal emakumeok amantalak zintzilikatu eta kalera atera gara. Orratzak ere, jostekoak, etxean geratu dira gaur, bakar bat ere ez baitzen sartzen gure plazetan. Ez dugu guk esaten, argazkiek esaten dute, egun historiko bat da gaurkoa, garai berri bati begira.
Sistemari ere kosta egin zaio deialdiaren pultsua hartzea. Goizean goizetik, euskal komunikabide zenbait, oraindik hasi gabea zen grebaren jarraipen eza azpimarratzen ari ziren. Ohikoa den bezala, greba guztietan. Baina hau desberdina izan da. Emakumeok* egin dugu planto, gure lanak balio(a) duela erakusteko eta zor zaizkigun eskubideak aldarrikatzeko. 

Egun batez, emakumeok gure burua zaintzeari eta dagokizkigun eskubideak borrokatzeari eman diogu lehentasun osoa eta emaitza bistakoa da: gelditzen bagara mundua mugitzeko gaitasuna dugu. 

Greba posible izan da emakume feminista askok urteetan sindikatuan eta lan munduan egin duten lanari esker. Planto egin dutenena bezala, egin nahi eta ezin izan dutenena, guztiena da gaurko eguna, borroka berak batzen gaituelako. 

Emakumeoi zor zitzaigun argazkia atera dugu: kaleak eta plazak gure lanaren aitortzaz betetzen ari gara, lantokiak eta etxean hustuz, amantalak zintzilikatuz. 

Gogoratu, arratsaldean gehiago: 18.00etatik 22.00etara lanuzteak eta mobilizazioak herri nahiz hirietan (20.00etan) nahiz herrietan. Baionan 18:00etan izango da manifestazioa.

Hemen ari gara jasotzen gaurko argazkiak.

30 ene 2018

"Zergatik erabaki?" galderari erantzungo diote



Solasaldi bat egingo dute asteazkenean Bilbon, Gure Esku Dago dinamikak antolatutako mahai inguru zikloaren barruan. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu bertan izango da, beste hizlari batzuekin batera. Mahai ingurua Bizkaia aretoan izango da, 19:00etan, eta izena emateko Gure Esku Dagoren webgunean egin beharko dute interesatuek.

 

31 oct 2017

Lanaren eta aberastasunaren banaketa, aztergai



Langile mugimenduaren sustraietatik egunotara iritsi den aldarrikapena dugu aztergai: lana eta aberastasunaren banaketa. Justizia sozialerako eta beste eredu sozioekonomiko baterako oinarrizko elementu dira biak ala biak, eta proposamen desberdinak mahaigaineratu dira berauek bideratzeko.
RBIsHorietako batzuk, ez nahi genituzkeen guztiak, ezagutu ahalko ditugu.Batzuek, mugimendu sindikalean babes zabala jaso dute aspalditik; beste batzuk, eztabaida bizien protagonista izan dira. Logika kapitalista eta heteropatriarkarrek ezkutatu dituzte besteak.
LAB-eko Batzorde Sozioekonomikoak eta Ipar Hegoa Fundazioak gogoeta eta formazio politiko eta sozialerako egiten dizugun eskaintza izan nahi du eta argitalpena, mintegi eta elkartrukerako espazio fisikoak tartekatuko ditugu oraingoan ere. Norabide horretan, bitarteko berri bat irekiko dugu ale honekin: Ikasgela Birtuala. LAB sindikatura afiliatutako edonork ikasgela.iparhegoa.eus webgunetik ikasgelara sartu eta hemendik aurrera Talaia bakoitzarekin zabalduko dugun ikastaroan dagokion gaiari buruzko material osagarria, hausnarketarako ariketak zein eztabaida-guneak izango ditugu eskuragarri.
Argitalpenari dagokionean, inprentatik jaso berri dugu ere Talaiaren 3. alea. Zuen gertueneko egoitzetan eskatu dezakezue paperezko aldizkaria, deskargahemen ere PDF formatuan deskargatzeko aukera dezue.
Amaia Pérez Orozcok irekiko du eztabaida. José Iglesiasek Berdinen Oinarrizko Errentaren proposamena azalduko digu, eta Baladre koordinadorako kide desberdinek betaurreko moreekin aztertuko dute ondoren.
Eduardo Garzónek Bermatutako Enpleguaren proposamenak zertan datzan azalduko digu. Txomin Lorcak lanaldiaren murrizketari helduko dio, eta hari horri tiraka, Marina Sagastizabal eta Matxalen Legarretak denboren banaketa eta erabilera ekarriko dituzte argitara. Azkenik, Edurne Larrañagak eztabaida bideratzeko zertzelada batzuk konpartituko ditu gurekin.

  

155. artikuluaren aurkako manifestazio batera deitu dugu hainbat eragileok





Hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalok, LABek barne, agerraldi bat egin dugu gaur Bilbon, larunbatean, azaroaren 4an, Bilbon bertan izango den manifestazioaren berri emateko. Protesta 17:00etan abiatuko da La Casillatik, "155.ari ez. Demokrazia eta erabakitzeko eskubidea" leloarekin. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu izan da agerraldian, EH Bildu, ELA, ESK, STEILAS, CNT, Etxalde, EHNE eta Gure Esku Dago eragileen ordezkariekin batera, besteak beste.
Hauxe da eragileok osatu dugun oharra:

Prentsaurreko hau ematen ari garen organizaziook arbuiatu egiten ditugu 155. artikuluaren aplikazioa eta Katalunian gertatzen ari diren espetxeratzeak nahiz gertakari errepresiboak. Beraz, inongo zilegitasunik ez duen Kataluniako Gobernuaren kargugabetzea salatzen dugu, eta ez dugu ontzat ematen Espainiako Gobernuak eskumenak bereganatu izana. Gainera, ezin dugu onartu Parlamenten -Kataluniako herritarren subiranotasun demokratikoaren erakundea- deusezteko erabakia, Mariano Raxoik agindutakoa.

Gure ustez auziaren edozein konponbiderako oinarria da eskubide zibil eta politikoak errespetatzea, demokrazian sakontzea eta erabakitzeko eskubidea aintzat hartzea.

Horrenbestez, datorren larunbatean, azaroaren 4an, Bilbon manifestazioa egitera deitzen dugu, honako aldarriarekin: “155.ari ez · Demokrazia eta erabakitzeko eskubidea”. Manifestazioa arratsaldeko bostetan hasiko da La Casillan.

Animatu nahiko genituzke herritarrak, erakunde eta eragile sozialak, sindikatuak eta alderdiak datozen egunetan mobilizazio honekin bat egin dezaten. Datorren egunetan plazaratuko genuke borondate hori adierazi dutenen zerrenda.

Eztabaiden txanda iritsi da Ekimen Ibiltarira





Irunen izan da Ekimen Ibiltaria goizean, eta Hondarribiara iritsiko da arratsaldean. Hain zuzen ere, ekintza sindikaleko tailer bat egin dugu Palmera Monteron, eta, arratsaldean, Hondarribiako San Pedro kalean, eztabaidak egingo ditugu bertan muntatuko dugun Infogunean. Ostegunean berriro ekingo diogu “Lan duina, bizi duina” dinamikari: Oiartzungo Alcampotik abiatuta, auto karabana bat egingo dugu 10:00etatik 13:00etara; eta Pasai Antxon egokituko dugun Infogunean, beste hitzaldi bat egingo dugu arratsaldean, Zumardian.


Gipuzkoan sartu da gaur Ekimen Ibiltaria. Goizean goiz, delegatuekin ekintza sindikaleko tailerra egin dugu, eta 30 delegatu inguruk parte hartu dute. Kasu praktikoak landu ditugu.
Gero, Plastikos Alai enpresan lan osasunerako prebentzio neurriak eskatu ditugu eta Wocco enpresan Aldi Baterako Lanerako Enpresetako langileak lan taldean sartzea eskatu dugu. 




Gaur arratsaldeko jarduerei helduta, Hondarribian, 17:30ean, “Zaldunborda: Prekarietatea gune beltz berria?” eztabaida egingo dugu; eta, 18:30ean, “Etxebizitza, gazteok zer alternatiba ditugu?” mahai ingurua.

Pasai Antxon bihar egingo dugun hitzaldiari dagokionez, “Pasaiako badian duin bizitzeko, burujabetza eta aldaketa soziala” izenburua izango du. 18:00etan hasiko da, Zumardian jarriko dugun Infogunean, eta LABeko Ekintza Sozialeko kide Edurne Larrañagak, Portuko LABeko kide Jose Ramon Zapirainek eta Pasaiako alkate ohi Juankarlos Alduntzik hartuko dute hitza.

27 jul 2017

Garbiñe Aranburu: "Ezkerreko eragileen artean aliantzak eraikitzea da gure apustua"



b_345_230_16777215_0___materiala_argazkiak_argitalpenak_iraultzen_17_06_23Garbine_Garbine1.png

9. Biltzar Nagusian LABen Idazkari Nagusi berria izateko aho batez hautatua izan da Garbiñe Aranburu. Etxeko lanak eginda iritsi da sindikatua Biltzar Nagusi honetara eta beste horrenbeste jarri dizkio bere buruari datozen urteei begira. Arlo politiko, sindikal eta sozialari begira lan egiteko borondatea du LABek eta guztiak izan ditu aipagai Garbiñe Aranburuk, "Iraultzen" aldizkariaren azken zenbakian egindako elkarrizketan.
LABeko idazkari nagusi berria zara, nola ikusten duzu zure burua?

Ardura eta erantzukizun handiarekin, baina era berean ilusioz betea. Hasteko, azpimarratu nahiko nuke sindikatua dagoen lekura iritsi dela aurretik beste batzuk lan asko egin dutelako. Konkretuki, pertsona batzuk aipatu nahiko nituzke, haiekin egin dudalako nire ibilbidea zuzendaritzan eta haiekin konpartitu ditudalako azken urteak eta militantzia. Lehenik, Rafa Diez aipatu nahiko nuke. LABeko Idazkari Nagusi zela sartu nintzen zuzendaritzan, 2004ean. Ez du Biltzar Nagusian parte hartzeko aukerarik izan berriro. Jabi Garnika eta Ainhoa Etxaidek egindako lana ere ez dut ahaztu nahi, Biltzar Nagusi honetan zuzendaritza ardurak utzi dituzte eta haiekin ibilbide luzea egitea tokatu zait. Aipatu ditudan lagun horiek eta beste batzuk egindako lanagatik ez balitz, sindikatua ez litzateke egongo gaur egun dagoen lekuan.

Eta sindikatua?

Sindikatua osasuntsu ikusten dut. Ordezkaritza mailan eta ordezkaritzari dagokionez hazten joan da. Momentu honetan bigarren sindikatua gara EAEn, Nafarroan ere inoiz baino ordezkaritza altuagoa dugu %15eko langa gaindituta eta Ipar Euskal Herrian azken hauteskundeetan oso emaitza onak lortu ditugu. Niri egoera hau egonkortzea gustatuko litzaidake, atzera pausorik ez ematea. Bestalde, sindikatu kohesionatu bat ikusten dut. Eredu sindikala berritzeko eztabaida prozesu oso bat martxan jartzeko gai izan den sindikatua da gurea.

9. Biltzar Nagusi honetan erronka mardulak jarri dizkio LABek bere buruari. Prozesua bera ezberdina izan da parte hartzea bultzatzeari begira.

Biltzar honetan hainbat berritasun izan dira. Gure helburua ahalik eta prozesu partehartzaileena izatea zen. Ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahi genuen. Eztabaida prozesua jarraitzeko bideak erraztu asmoz, bitarteko berriak eskaini dizkiegu militanteei. Aplikazio berezi bat martxan jarri dugu afiliazioari prozesuaren jarraipena errazteko asmoz eta Biltzar Nagusiaren inguruko informazio guztia eskura izan zezan. Horrez gain, solasaldi sorta bat ere egin dugu Biltzar Nagusiko eztabaidan landu izan ditugun gai nagusien inguruan gehiago sakontzeko. Aurtengoan zuzendaritza aukeratzeko modua ere berria izan da, hau da, azken bi Biltzar Nagusietan zerrenda itxien bidez aukeratu zen Nazio Komitea eta oraingo honetan hautagaitza alternatiboak aurkezteko aukera egon da. Uste dugu aldaketa hau modu positiboan baloratu dela.

b_345_308_16777215_0___materiala_argazkiak_argitalpenak_iraultzen_17_06_23Garbine_Garbine3.png

Ponentzietan hala jasotzen zen eta hala onartu da: feminismoruntz urrats berriak emango ditu sindikatuak. Zehaztuko al zenizkiguke?


Berritasun nagusia kapitalarekin dugun gatazka birdimentsionatzea izango da. Birdimentsionatze horrek eramango gaitu feminismoan sakondu eta urrats berriak ematera. Gure burua feministatzat aldarrikatzetik praktika feministaruntz urrats berriak emateko erabakia hartu dugu Biltzar Nagusi honetan. Urrats berri horiek emateko aipatutako kapital/bizitza gatazkari erantzungo dion estrategia sozio-sindikala garatuko dugu.

Bestalde, antolakuntza mailan ere erabaki berriak etorriko dira. Alde batetik, idazkaritza feminista indartuko dugu bitarteko gehiago jarriz, eta, bestalde, eskola feminista bat martxan jartzea erabaki dugu. Eskola hau formakuntzarako gune bat izango da, sindikatuko kideak lerro feminista horretan sakontzeko aukera emango diena.

Diozun bezala, Biltzar Nagusi honetako aldaketa handietariko bat kapital/lana gatazkatik kapital/bizitza gatazkara pasatzea izan da. Zer esan nahi du horrek?

Momentu honetan kapitalismoarekin dugun talka horri dimentsio berri bat eman nahi diogu. Kapitala eta lanaren arteko talka bere horretan mantendu baino, areagotu egin da azken urteetan. Horregatik iruditzen zaigu dimentsio berri bat eman behar diogula. Hain zuzen ere, garbi dago kapitalarentzat errentak eskuratzeko eremu nagusia lan harremanetan dagoela, lan harremanak prekarizatuz, soldaten eta lan baldintzen eraispenaren bidez. Lan harremanetan ematen ari den desarautze horren bitartez kapitala aberastasuna eta boterea pilatzen ari da.

Gure iritziz, egoera aztertzerako orduan bestelako faktoreak kontutan hartu behar dira. Hala nola, kontutan izan behar dugu lanak bere osotasunean aitortu gabe jarraitzen duela. Hau da, lan produktibo eta erreproduktiboaren arteko banaketak bere horretan jarraitzen du eta horrek emakumeenganako zapalkuntza bat suposatzen du. Gainera, lan mundura sartzen garenean bigarren mailako langile gisa kontsideratuak gara eta horrek dakar prekarietate maila altuagoa pairatzea eta soldata baxuagoak izatea.

Kontuan izan behar dugu ere sektore publikoan ematen ari den pribatizazio eta merkantilizazioa, baita aplikatu diren murrizketak ere. Bestalde hainbat eskubide, etxebizitza eskubidea adibidez, garatzeko aukerarik ere ez da egon. Gainera ez dago babes sozial sistema egokirik eta inoiz behar beste garatua izan ez den ongizate estatu horretan azken urteetan murrizketak izan dira. Ikusi besterik ez dago zer gertatu den diru sarrerak bermatzeko errentarekinarekin. Honekin guztiarekin batera naturaren neurrigabeko ustiapen baten aurrean gaude.
Horrek guztiak eredu hau ez dela jasangarria, ez dela bizigarria, esatera garamatza, eta, horregatik, kapitaralarekin daukagun gatazka kapitala eta bizitzaren arteko gatazka gisa ezaugarritu behar dela diogu.

Ildo honetatik iritsi da ekintza soziala garatzeko beharra?

Bai. Bizitza duinerako eskubidea jarri behar dugu erdigunean eta horrek lan munduan ematen den prekarizazio prozesuari aurre egin behar izatea dakar. Horrekin batera, argi dugu ezin dugula mugatu soldatapeko langileen lan baldintzen hobekuntzara, langile kolektibo guztiei eskaini behar dizkiegu alternatibak. Eta LAB izan behar da erreferente bat langile kolektibo horientzat guztientzat. Alde batetik, gure praktika sindikalak eta antolatzeko moldeak egokituz, eta, bestetik, bizitzaren prekarizaziori aurre egingo dion eredu alternatibo baten, bestelako eredu sozio-ekonomiko baten eraikuntzan sakonduz. Horrek ekintza sozialeko egitura garatzeko beharra eskatzen du.




Horrek guztiak antolakuntzan eragina izango du. Zein izango dira aldaketa nagusiak?


Aldaketa nagusia egitura bera sortzea eta indartzea izango da, federazioen pare jartzea ekintza sozialeko egitura hori. Federazioen pare jartzeak esan nahi du zuzendaritzatik eskualdeetaraino izango duela garapena. Bertan Karta Soziala, ekosozialismoa, politika publikoak edo pentsiodunena bezalako gaiak landuko ditugu. Horrez gain, kolektibo ezberdinekin aliantzak eraikitzeko bidea izango da. Gai hauek orain arte landu badira ere, egitura honen sorrerarekin lanketa indartzea erabaki dugu.

Eskubide Sozialen Kartaren bidez zabaldutako bidea ere erabakigarria izango da egoera sozialari aurre egiteko orduan?

Guretzat, eta ponentzian hala jasotzen dugu, tresna estrategiko bat da. Burujabetza prozesuak eratzailea izan behar du, hau da, estatugintza prozesu bat. Eta, gure ustez eraldatzailea ere izan behar du, gaur egungo eredutik eredu berrira eramango gaituen prozesu bat izan behar du eta horretarako iruditzen zaigu karta soziala bitarteko ezinbestekoa dela. Hau diogu Eskubide Sozialen Kartan gehiengo sozial eta sindikal zabal bat elkartzen garelako eta gehiengo horrek eraldaketaren aldeko apustu argi bat egiten duelako. Gainera, Karta osatzen dugun eragileok eraldaketa horretarako burujabetza beharrezkoa dela defenditzen dugu. Iruditzen zaigu, burujabetza prozesua aldarrikatzen dugunean, kartak paper garrantzitsua duela. Beraz, gure apustua Eskubide Sozialen Karta indartzea izango da.

Azken hilabeteetan ELArekiko gerturatze bat egon da. Bide honetatik jarraitzea garrantzitsua da?

Egia da azken urteetan ELArekin desberdintasun handiak izan ditugula, estrategia ezberdinak eraman ditugula aurrera. Ponentzian azaltzen genuen bezala, kapital/bizitza gatazkaren aurrean beste eredu bat eraiki behar da, eta, horretarako, estatu propio bat behar dugu, euskal errepublika. Gure ustez, burujabetza prozesu oso bati esker iritsiko gara helmugara, eta erronka horretarako aliantzak behar ditugu.

Aliantzen atalean ELA da gure aliatu nagusia. Esparru politikoan zein esparru sozial eta sindikalean elkarlanean aritzeak aukera handiak emango lituzkeela uste dugu. Patronala eta kapitalaren aurrean konfrontazioa indartu behar dugu, baita instituzioen aurrean interpelazio gaitasuna handitu ere, bestelako politika publikoak egitera behartzeko. Horrez gain, sindikalgintza abertzaleak zer esan handia du herri honek behar duen burujabetza prozesua sustatu eta ardatz sozialaren gainean garatu dadin.

ETAren armagabetzea burutu ostean, zer nolako urratsak eman beharko lirateke, zuen ustez, euskal gatazkaren konponbidean.

Zentzu horretan, Biltzar Nagusian ebazpen bat onartu dugu. Ebazpen horretan elementu desberdinak jasotzen ditugu, baina, gure ustez, momentu honetan lehentasunezkoa da preso eta iheslarien aferari irtenbidea ematea, hau da, larriki gaixo dauden preso guztiak baldintza gabe askatzea eta euskal preso eta iheslari politiko guztiak askatzeko prozesua abiatzea. Beraz, datozen hilabeteetan gure indarrak horretan jarriko ditugu.

Zentzu honetan, zer lanketa aurreikusten da?

LABen datorren urteko plangintzan lerro nagusienetariko bat izango da honako hau, baina ikusi beharko da zer urrats emango ditugun. Gai honen inguruan, kurtso honetan hainbat ekimen burutu dira. Besteak beste Ireki ekimena aipatuko nuke. Datorren kurtsoari begira presoen aldeko lerroarekin lanean jarraitu behar dugula eta lantokietan presente egon behar duela argi dugu. Horrez gain, gure apustua izango da beste sindikatuak borroka honetara batzea.

b_345_277_16777215_0___materiala_argazkiak_argitalpenak_iraultzen_17_06_23Garbine_Garbine5.png

Burujabetza beharra azpimarratzen du maiz sindikatuak. Zer ekarriko dio euskal langileriari?

Gaur egun bizi dugun oldarraldi neoliberalari aurre egiteko ezinbestekoa da burujabetza prozesua martxan jartzea eta, burujabetza prozesu horren bidez, Estatu batera iristea. Egunero lantoki zein kalean ikusten dugun bizitzaren prekarizazioari aurre egiteko eredu ekonomiko eta sozial berri bat beharrezkoa dela diogu, baina ezinezkoa ikusten dugu aldaketa sozial hori bere osotasunean gauzatzea aldaketa politikorik gabe. Estatu egiturak behar-beharrezko ditugu herri honek eskatzen duen aldaketa eraiki nahi badugu.

Bien bitartean, gaur egungo politika publikoek beste norabide bat hartu behar dutela diogu, eskuduntza mugatuak izan arren urratsak emateko aukera baitago borondatea izanez gero. Hala ere, benetako eta sakoneko aldaketa nekez lortuko dugu erabakitzeko ahalmenik gabe. Horregatik diogu langileek egunerokoan dituzten arazoei irtenbidea topatzeko modu bakarra burujabetza prozesu hori martxan jartzea dela.

Zein da LABek langileei egiten dien eskaintza datorren kurtsoari begira?

Bizitzaren prekarizazioari aurre egin eta bizitza duinaren aldeko borroka egiteko ekintza sindikal eta soziala indartu behar dugu. Soldatapeko langileen lan baldintzen defentsatik harago, LABek lanaren aitortza osoa egin eta langile kolektibo guztientzat izan behar du eskaintza sindikala. Datorren kurtsoari begira  LABentzat langile klasea berrosatzea lehentasunezko erronka izango da. Azken batean, kapitalismoak langilegoa zatitzea lortu du, klase gisa gure indarra ahulduz. Guk argi dugu gure indarra kolektiboan dagoela, eta, beraz, gure eskaintza langile klasea osatzen duten kolektibo ezberdin horiek LABen parte sentitu eta batzea da. Helburu honekin, kolektibo ezberdinak saretzeari begira, hain zuzen ere, antolakuntza mailan erabaki berriak hartu ditugu.

Ezinbestekoa da langileen mobilizazio eta aktibazioan urrats berriak ematea, kalean eta lantokietan. Langileon kontrabotere gaitasuna handitu behar dugu, patronalaren asmoei aurre egin eta instituzioak herritarren gehiengoaren mesedetan izango diren erabaki politikoak hartzera derrigortzeko.

Ezkerreko eragile sindikal, sozial eta politikoen artean aliantzak eraikitzea da gure apustua; ardatz soziala nagusi izango duen burujabetza prozesu bat martxan jarri behar dugu.

Aliantza berriak eraikitzeko urratsak ematen ari gara, bidea egiten ari gara eta LABentzat garrantzia berezia du ELArekin eta euskal gehiengo sindikalarekin egin beharreko aliantzak. Patronalarekin dugun borrokan indar harremana askoz hobean kokatzen garelako; herri honek behar duen burujabetza prozesuari eduki soziala emateko eta langileek burujabetza prozesu horrekin bat egin dezaten.

Hamar neurri proposatu ditugu benetako industria politika bat garatzeko



 













Azken asteetan hainbat enpresaren etorkizunaren inguruko albiste kezkagarriak jaso ditugu. Testuinguru honetan, industriak bizi duen egoeraren berri emateko agerraldi bat egin du gaur LABek, Bilbon, egoera larrian dauden enpresetako zenbait ordezkarirekin batera. Hain zuzen ere, sektorea suspertuko duen industria politika berriranzko pausoak emateko proposamen bat aurkeztu dugu, hamar neurrirekin.
Azken aste hauetan bizitzen ari garen industria sektoreko enpresen itxiera, deslokalizazio, salmenta edo kaleratze prozesuak ez dira soilik enpresarien edo merkatuaren gorabeheren ondorio soila.

Ehundaka langileren etorkizuna, ehundaka pertsonen geroa jokoan dagoen honetan, hori da LABentzat erabateko lehentasuna duena: horregatik, GRUPO CEL, CNA FAGOR, UNIPAPEL, INGEMAR, AERNNOVA, OFITA, GENERAL ELECTRIC, STS, BOSCH, PINE, VICRILA, ENERSYS, XEY eta beste hainbat enpresa txikitako langile guztiei animoak bidaltzen dizkiegu, eta euren eskubideak defendatzeko aukera bakarra instituzioek bakarrik utzi dituzten honetan antolakuntza eta borroka dela azpimarratu.

Hala ere, industriaren egoera larria ez da langile hauen eta euren senideen egoera soilik. 2017 urte hasieran, ofizialki “hazkundearen eta errekuperazio ekonomikoaren loraldia“ bizitzen ari ginenean, LABek industriaren egoeraren inguruko hausnarketa plazaratu zuen publikoki, euskal industriaren egiturazko arazoak azpimarratuz, etorkizunaren inguruko kezka azalduz eta instituzioen ekimen eza salatuz. Salaketa hark ez zuen erantzunik izan instituzioen partetik.

Gaurko agerraldian, egoeraren larritasunaren eta industria politikaren erantzule nagusi den Eusko Jaurlaritzaren ekimen ezaren aurrean, industriaren egoera larriaren aurrean hartu beharreko 10 neurri aurkeztuko ditugu.

Jakitun gara Euskal Herriak behar duen industria politika diseinatzeko beharrezkoa dela erabateko burujabetza lortzea, finantza, energia, lan araudi, lege konkurtsal, nazioarteko harremanak ez baitaude gure eskuetan. Eta gaurkoan ere Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatu nahi dugu, eredu produktibo propioa eraikitzeko ezinbesteko bitartekoa delako.

Baina horretaz gain borondatea ere behar da eta burujabetza ezaren arazoa aitzakia bihurtzen da burujabetza hori eskuratzeko bidea egin nahi ez denean. Are okerrago, dituzun eskumenak Espainiako ereduaren translazio soila hutsa egiteko erabiltzen dituzunean, Eusko Jaurlaritzak eta EAJk egiten duten moduan. Azken adibidea, gastuaren muga adostu izana da PPrekin, baina industrian, iraunkorki gastu murrizketan, prekarietatean lehiatzeko estrategia bultzatzen ari dira.

Beste norabide bat hartzerik badago, horretarako borondate politikoa badago, eta horregatik, aplikagarriak diren 10 urjentziazko neurri planteatzen ditugu, euskal industriaren egoerari erantzungo lioketenak. Neurri hauetako askok borondatea soilik behar dute, baina, beharrezkoak ez diren azpiegituretan inbertitzeari utzi, iruzur fiskalaren jazarpena eta zerga sistema bidezkoagoa proposatzen ditugu sektore publikoaren finantziaketa gaitasuna areagotzeko.

Neurrien laburpena

1. Industria Plan bat osatzeko benetako eztabaida egitea euskal industriarentzat iparrorratza markatzeko: sektore estrategikoen definizioa, industriaren trantsiziorako plana egingo duena: berritu edo ordezkatu beharko diren jarduera produktiboen ordezkapen plan progresiboa aurreikusiko duena eta berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua egingo duena, lanaren banaketarekin batera.

Etorkizuneko industria aurreratua bultzatuko duena teknologikoki, sozialki eta lan eskubideei dagokionean.


2. Euskal Industria ez dago salgai! Deslokalizazioen kontrako plana.

Edozein preziotan kanpoko kapitalaren etorrerari bultzada emateari utzi behar zaio. Kanpoko kapitalaren etorrerari instituzioen babesa emateko, enplegu, lan baldintza eta lurraldearekiko konpromisoak exijitu.

Salmenta prozesuetan lurraldearekiko konpromisoak eskaini ezean babes instituzionala kentzea eta oztopatzea.

3. Ikerkuntza eta Garapen gastua Europan helburu den %3ra parekatu.

Teknologia maila ertain-txikia du industriak nagusiki. Ikerkuntza eta Garapenean Europako bataz bestekotik behera gaude. Azken 3 urteetan Ikerkuntza eta Garapeneko gastua beherantz doa etengabe. Era progresiboan Barne Produktu Gordinaren %3ko kopurura iristea proposatzen dugu, enpresak aktiboki bultzatuz inbertitzera, bereziki atzean gelditzeko arriskua duten eta gehiengoa diren enpresa txiki eta ertainen kasuan.

4.Bultzada publikoa sektore estrategikoetan: merkatuari bere baitan funtzionatzen utzi beharrean, sektore publiko indartsua eraiki:

Enpresetan SPRIren bidez partaidetza zuzenak areagotuz. Partaidetza hori jarraipen, bultzada eta kontrolerako baliatu.

Kutxabanki banka publikoaren izaera eman, finantziaketarako tresna izan dadin, bereziki gehiengoa diren enpresa txiki eta ertainak finantziatzeko Alemania edo Suitzan egiten den moduan.

5. Enpresa itxieren kontrako babes neurriak.

Finantziazio publikoaz enpresen bideragarritasun plan alternatiboak finantzatu.

Lege konkurtsalean, instituzio publikoen parte-hartze aktiboa hartzekodunen moduan, etorkizuneko planak bultzatzeko eta likidazio planetan langileen enplegua babesteko, eta ez lehenetsi zorra kobratzeko besterik gabe.

Lan erreformari aurre egiteko kontrakotasun teknikorako baliabideak eskaintzea. Multinazionalen kasuan enpresen arteko eragiketen inspekzioa.

6. Belaunaldien arteko jakintza transmisiorako errelebu kontratuaren bultzada industriaren erronka nagusietako bat da. Horren aurrean, baliabide eraginkorrena den errelebu kontratuaren berreskurapena, lan erreformak ia desagertarazi duena. Finantziazio publikoz erreformaren eragina neutralizatu.

7. Enpresen demokratizazioa-Enpresa eredu berritzaileen bultzada: langileen parte hartzea bultzatuko dutenak, ez finantziatzeko helburu hutsarekin, eskubide batzuk bermatuz:
kanpo auditoritzak egiteko eskuduntza 100 langiletik gorako enpresetan edo frogagarriak diren arazo egoeran dauden enpresetan.

Jakintza, patente, produkzio deskapitalizazio saiakeretan erabaki eta kontrol neurriak.

8. Aberastasunaren banaketa eta gizarte ongizatea bultzatzeko negoziazio kolektiborako eskubidearen bermea, lan munduaren prekarizazioa eta kostuetan lehiatzea ekidinez. Balio erantsia, inbertsioa eta barne eskaera bultzatuz.

9. Hezkuntzan sortzen den ezagutza ez galtzeko neurriak: Gazteentzat lan merkaturatze duina bermatzeko plan baten bidez:

Kontratazio berrien diskriminazioari zigorrak.
Aldi baterakotasunaren mugapena edozein laguntzaren onuradun izateko. Honek lan istripuen beherakada ekarriko luke, kontuan izanda lan istripuen %30a laneko lehen urtean gelditzen direla.

Praktiketan ematen den iruzurraren aurrean ikuskariak ezartzea proposatzen dugu.

10. Industrian emakumeen ekarpena bermatzeko plana: diskriminazio positiboko politikak ezarri. Industriako langileen %19a da soilik emakumezkoa. Aukera berdintasuna eskubidea izateaz gain, ezagutzan lehiatu behako lukeen duen industriak beharrezkoa du emakumeen jakintza baliatzea.

39 hildako lan istripuetan Euskal Herrian 2017ean

Pasa den Uztailaren 13an lan istripu berri bat gertatu zen, 20 urte zituen Jenifer Ajilla Zari langileak Dantxarineara lan egitera zioala auto istripua izan zuen. Nafarroako Ospitale Gunera eraman zuten non astelehenean hil egin zen. Heriotz berri hauekin 39 langile dira Euskal Herrian hil direnak aurtengo urtean, 10 Nafarroan.
Pasa den Uztailaren 13an lan istripu berri bat gertatu zen, 20 urte zituen Jenifer Ajilla Zari langileak, Dantxarineara lan egitera joaki zena, istripu bat izan zuen erdiko erreilatikan aurrerapen bat egiten zuen bitartean, lehentasuna zuela, bertze kotxe batekin talka egin zuenean, horren ondorioz Nafarroako Ospitale Gunera eraman zuten non astelehenean hil egin zen.

LAB sindikatutik gure laguntza eta elkartasuna adierazi nahi diogu familiari, hurbileko jendeari eta langile klaseari orokorrean.

Heriotz berri hauekin 39 langile dira Euskal Herrian hil direnak aurtengo urtean, 10 Nafarroan.

Istripu honen eta gainontzeko lan istripu guztien atzean langile klasearen lan eta bizi baldintzak kaskarrak daude.
Pasa den Uztailaren 13an lan istripu berri bat gertatu zen, 20 urte zituen Jenifer Ajilla Zari langileak Dantxarineara lan egitera zioala auto istripua izan zuen. Nafarroako Ospitale Gunera eraman zuten non astelehenean hil egin zen. Heriotz berri hauekin 39 langile dira Euskal Herrian hil direnak aurtengo urtean, 10 Nafarroan.
Pasa den Uztailaren 13an lan istripu berri bat gertatu zen, 20 urte zituen Jenifer Ajilla Zari langileak, Dantxarineara lan egitera joaki zena, istripu bat izan zuen erdiko erreilatikan aurrerapen bat egiten zuen bitartean, lehentasuna zuela, bertze kotxe batekin talka egin zuenean, horren ondorioz Nafarroako Ospitale Gunera eraman zuten non astelehenean hil egin zen.

LAB sindikatutik gure laguntza eta elkartasuna adierazi nahi diogu familiari, hurbileko jendeari eta langile klaseari orokorrean.

Heriotz berri hauekin 39 langile dira Euskal Herrian hil direnak aurtengo urtean, 10 Nafarroan.

Istripu honen eta gainontzeko lan istripu guztien atzean langile klasearen lan eta bizi baldintzak kaskarrak daude.

Istripua N-121-A errepidean gertatu zen, bere arrisku eta istripu kontzentrazio handiarengatik ezaguna dena. Errepide honek trafiko fluxu handia dauka, egunero 10.000 ibilgailu inguru, hoietako %20-30 kamioiak direlarik.

Garbi dagona, hau edo edozein lan istripu ez direla gertaera isolatuak, ekonomia osasuna eta langileon gainetikan dagoen heredu produktibo baten islada dire. Kasu aunitzetan lantegien kokapena ezinezkoa egiten du garraio publikoaren erabilera eta lanetikan joan eta etortzeko 1.200 km baino gehiago egin behar baldin badire hilautero, in itinereko istripu bat kontzeko arrizkua aunitz haunditzen da. Baino lantegietan, arriskua egonda ere, ez dire mugikortasunaren inguruko planerikan existitzen.

LAB sindikatutik garbi dugu mobilizazioa eta borroka direla gure esku ditugun tresna bakarrak lan istripuekin eta hauek sorrarazten dituzten faktoreekin bukatzeko. Heredu aldaketa bat beharrezkoa delako non langileriaren bizitza eta osasuna ardatza izanen den.


ASKI DA! EREDU EKONOMIKOA ALDATZERA GOAZ!
LAN ISTRIPU GEHIAGORIK EZ! PREKARIETATEA HILTZAILEA.


 Istripua N-121-A errepidean gertatu zen, bere arrisku eta istripu kontzentrazio handiarengatik ezaguna dena. Errepide honek trafiko fluxu handia dauka, egunero 10.000 ibilgailu inguru, hoietako %20-30 kamioiak direlarik.

Garbi dagona, hau edo edozein lan istripu ez direla gertaera isolatuak, ekonomia osasuna eta langileon gainetikan dagoen heredu produktibo baten islada dire. Kasu aunitzetan lantegien kokapena ezinezkoa egiten du garraio publikoaren erabilera eta lanetikan joan eta etortzeko 1.200 km baino gehiago egin behar baldin badire hilautero, in itinereko istripu bat kontzeko arrizkua aunitz haunditzen da. Baino lantegietan, arriskua egonda ere, ez dire mugikortasunaren inguruko planerikan existitzen.

LAB sindikatutik garbi dugu mobilizazioa eta borroka direla gure esku ditugun tresna bakarrak lan istripuekin eta hauek sorrarazten dituzten faktoreekin bukatzeko. Heredu aldaketa bat beharrezkoa delako non langileriaren bizitza eta osasuna ardatza izanen den.


ASKI DA! EREDU EKONOMIKOA ALDATZERA GOAZ!
LAN ISTRIPU GEHIAGORIK EZ! PREKARIETATEA HILTZAILEA.

2 jun 2017

Garai berri bati begira jarri gara





BIltzar Nagusiak emandakoak ondoko bideoan. Une hunkigarri ugari bizi izan genituen, gogoratzea merezi du!

9.Biltzar Nagusia burututa, garai berri bati begira jarri gara LABeko kideok. Biltzarrarena prozesu oso bat izan da, azken hilabeteotan eztabaida eta dinamika bizi eta aberasgarria garatu dugu sindikatuko militanteon artean. Aurkezpenak, eztabaidak, gogoetak... ehunka kideren parte-hartzearekin. Zorionak eta eskerrak LABeko militantziari, eguneroko ekarpen eta borrokekin sindikatu bizia egiten jarraitzen dugulako.


Garai berrirako oinarriak finkatu ditugu eta orain elkarrekin bidea egiten jarraitzea dagokigu. Merezi duelako, merezi dugulako, ekar dezagun aldaketa langileontzat, aldaketa lantokietara, aldaketa Euskal Herrira.

Garbiñe Aranburu: "Orain da eztabaida politikoa baldintzatzeko garaia, langileok ezin dugu iruzur berririk onartu" #LABgureGaraia



Garbiñe Aranburuk Ainhoa Etxaideren lekukoa hartu du idazkari nagusi gisa. LABen 9. Biltzar Nagusiaren amaiera ekitaldian hartu du hitza, eta mobilizaziorako deia egin du idazkari nagusi gisa egindako lehen agerraldi publikoan. "Mobilizatu, benetako kontrabotere izateko. Instituzio eta patronalaren arteko sinbiosiarekin amaitzeko eta instituzioetatik herritarren gehiengoaren mesedetan izango diren politikak egin daitezen. Benetako herri boterea izan gaitezen", nabarmendu du.

 
"Mobilizatu egin behar dugu, patronalaren boterea mugatu eta bizitzaren prekarizazioari aurre egiteko. Sindikatuak langileen tresna izan behar du. Horretarako sindikatua berritzera goaz, Biltzar Nagusian hartutako erabakiekin langile subjektua berrosatu eta prekarietatearen kontrako borrokaren lehen lerroan kokatzera goaz". Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, LABeko idazkari nagusi gisa egindako bere lehen agerraldi publikoan esandakoak.

Hala, gogoan izn ditu, besteak beste, soldatapeko langile, lan munduan sartu atera dabilen gaztea, prekarietatea modu berezituan pairatzen duen emakumea, langabe, pentsionista, etxeko langile, autonomo faltsu, migrante, bekarioak eta enplegu zentro berezietan lan egiten dutenak. "Guztiek sentitu behar dute euren borrokak aurrera eramateko tresna dela LAB", adierazi du.

Mobilizazioa ezinbestekoa dela berretsi du, "gai ekonomiko eta sozialak erabakitzeko ahalmen osoa izan dezan Euskal Herriak. Estatu propio bat izan dezagun, estatura eramango gaituen burujabetza prozesuan aurrera egiteko eta Estatus Politikoaren eztabaidan iruzur berri bat ekiditeko".

Euskal Herrian posizioak argi daudela berretsi du: "EAJk Madrilgo Gobernuari aurre ez egitea ez da ausardia politiko falta, estatuarekiko menpekotasun harreman hori ontzat ematen dute, PPren eta patronalaren proiektu neoliberal bera partekatzen dutelako".

Euskal Herrian, sindikatuaren apustua ezkerrean, eragile sindikal, sozial eta politikoen artean aliantzak eraikitzea dela jakinrazi du, "ardatz soziala nagusi izango duen burujabetza prozesua martxan jarri behar delako, denborarik galdu gabe".

LAB aliantza berriak eraikitzeko urratsak ematen ari dela esan du: "Bidea egiten ari gara eta LABentzat garrantzia berezia du ELArekin eta euskal gehiengo sindikalarekin egin beharreko aliantzak, patronalarekin dugun borrokan indar korrelazio askoz hobean kokatzen garelako. Herri honek behar duen burujabetza prozesuari eduki soziala emateko. Langileek burujabetza prozesu horrekin bat egin dezaten, eragile aktibo izan behar dugulako".

Konpromiso berriak hartu behar direla nabarmendu du: "Orain da eztabaida politikoa baldintzatzeko garaia, langileok ezin dugu iruzur berririk onartu. Egoerak eta momentuak eskatzen duen erantzukizun eta ardurarekin erantzun behar dugu. LABek eta ELAk estrategia desberdinak ditugu eta hori guztiz da zilegi, bi proiektu sindikal gara, baina bakoitza, bere estrategian gotortu ordez, ausartak izateko momentua da, arriskatzeko momentua da, langileek behar dutelako, herriak behar duelako. Eta LABek bere indar guztia jarriko du horretan".

Agerraldian, Rafa Diez idazkari nagusi ohiarentzat eta euskal preso politikoentzat izan ditu hitzak: "Rafa gure artean izan beharko luke, eta, Rafa aipatuta, ezin utzi aipatu gabe preso eta iheslari politikoak. Hurrengo Biltzarrean presorik ez egotea da gure nahia. Estatuen betoak gainditzeko armagabetzearekin egin bezala, herriak inplikatu behar du. Horrela bada, lortuko dugu".
b_345_138_16777215_0___materiala_argazkiak_labSindikatua_biltzarNagusia2017_2017_05_26Biltzarra_lauak.png

Ainhoa Etxaide eta Jabi Garnikari ere zuzendu zaie, lekukoa pasatu berri duten idazkari nagusi eta idazkari nagusi ondoko ohiei: "Nire hurrengo hitzak Ainhoa eta Jabirentzat. 2008an zuzendaritza osoa goitik behera aldatu orduko, eta arnasa hartzeko ere astirik gabe, azken urteotan kapitalak gure herriaren aurka egin duen erasoaldirik basatienak gure lehentasunak, plangintzak eta agenda hankaz gora jarri zituen; eta hala, krisialdi betean sindikatuan lemazain izan zineten. Urte zailak izan dira langileontzat, urte zailak sindikatuarentzat ere, baina maisuki eman diozue segida aurretik Rafak eta bere taldeak eginiko lanari".